IRITZIA. EUSKO LEGEBILTZARRERAKO HAUTESKUNDEAK

Arbitro berria

Bixente Serrano Izko.
2005eko apirilaren 18a
00:00
Entzun
EAJ-EA eta PP, Ibarretxeren plan deiturikoa eta Aznarren dinamika errauslea, galtzaile. Estatu eremua begi-puntuan, PSOE higatzeko PPren apustuak kale egin du nabarmen. Berak galdurikoa PSEk irabazi du. EAJ-EAk ez du jakin bere ikur politikoa, plana alegia, amu gisa erabiltzen. Egia erran, kanpotik ikusirik eta kanpainari segimendu zehatza egin gabe, ematen du ez duela indar gehiegirik jarri amua ederresteko. Zergatik? Familia kontuak, agian, eta baliteke barneko batzuek arnasa hartu izana, real-politik deiturikoaren aitzakiaz.

PSE da nabarmen hobetu dena. Ez du lortu euskal nazionalismoaren kontra eraikitako barrera gainditzea, baina EAJ-EAren jaitsierak eta EHAKren ezusteko arrakastak aukera paregabeak ematen dizkiote EAEko politika guztiz baldintzatzeko. Ezinen du PPren eskutik bere aldaketa proposamena saiatu, Estatu eremuko lehiak ere bere euskal politika baldintzatzen diolako. Baina bai lor dezakeela Ibarretxe estu-estu lotzen ito arte.

Eta horrek mingostuko die lorpena EBri eta Aralarri. Eutsi egin dio EBk bere eserleku kopuruari, eta ez da lorpen makala erakundea sendotze aldera. Baina galdu egin du giltza gobernu bat osatzeko. Eta Aralarrentzat ere, hil edo biziko kontua zen Eusko Legebiltzarrean sartzea, baina oin arinak eta gerri malgu-malgua beharko ditu ateratako parlamentuko dantzetan dotore ibiltzeko. Lehen euskarri bat izan daiteke bertze ezker abertzale politikoki jokalariago bat eratzeko bere asmoetan, baina aldapa gogorra du oraindik aurrean. Ez dut UAz ahaztu nahi, nafarroi inbidiaz begiratzen digun horretaz. Arabak ez du Nafarroa bezalakoa izan nahi, antza. Eta EHAKekoen ezustekoaz, zer? Auskalo zer eginen duen legebiltzarrean, askatasun eskubideei buruz bakarrik arituko den edo bertze bataila politikoetan ere sartuko. Bigarren kasuan, auskalo ere HBren ildotik mugituko den eta zer estrategia izanen duen gustuko bertze indar abertzaleekin. Seguruena, bakea eta gatazka izanen du lelo etengabea, baina horri begira prest egonen eta gai izanen da politika instituzionalaren jokoan sartzeko? Eta nola? Baina, bertzeak bertze, honetarako gauza batez ohartzeko balio du bere arrakastak: ezin daitekeela ezker abertzale ortodoxoa benetan desagerrarazi jazarpena eta bidegabekerien bidez. Ahuldu edo aldatuko bada, bere bilakaera autonomoaren bidetik izanen da; legez kanporaketak indartu egiten duela, eta auziei irtenbideak oztopatu. Hartuko ote du nota Zapaterok? Edo hori nahiago: mendiko ezkerra, irtenbideak ixteko?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.