ATZEKOZ AURRERA. Youssef Tamer. Euskara ikaslea

«Euskara nondik datorren ikertu nahi dut»

Hizkuntzak ditu pasio Tamerrek, eta hizkuntzalari izatea amets. Bigarren Hezkuntza amaitzear dago, Kairon, baina beste erronka bat ere badu esku artean: euskara ikasten jarraitzea.

BERRIA.
Olatz Esteban Ezkati.
2021eko irailaren 16a
00:00
Entzun
«Hizkuntzalari amateur» gisa definitzen du bere burua Youssef Tamerrek (Kairo, 2004). Egipton bizi da, Bigarren Hezkuntzako azken urteari ekin berri dio, eta zazpi hizkuntza hitz egiten ditu. Azkena, euskara. Ekainean ekin zion hizkuntza ikasteari, lagun euskaldunek eta hizkuntzaren berezitasunak erakarrita. «Oso pozik» erantzun ditu galderak telefonoaren bestaldetik, euskaraz solastatzeko borondate irmoarekin.



Nolatan hasi zinen euskara ikasten?

Nire gurasoak bi aldiz egon dira Euskal Herrian, bi lagun dituztelako han. Euskaldunak asko maite ditut, eta euskararekin maiteminduta nago.

Horrela izan zenuen euskararen eta Euskal Herriaren berri?

Bai, baina nire gurasoek ez dute euskaraz hitz egiten. Nik bakarrik.

Zergatik maitemindu zinen euskararekin?

Hizkuntza bakarra eta oso berezia delako beste hizkuntzen aldean. Eta Euskal Herriko jende guztiarekin maiteminduta nago. Oso ezberdinak zarete. Hizkuntzaren identitatea mantentzen duzue.

Nola ikasten duzu hizkuntza?

Discord-en Euskal Herriko bi lagun ditut. Iker lagun ederra da, eta harekin hitz egiten dut Discord bitartez, bideo jokoetara jokatzen. Donostiakoa da. Eta bestea Isabela. Ikusi nuen euskaraz hitz egiten zutela, eta haiekin hitz egin nahi nuen, hobeto ikasteko.

Haiekin hitz egiten ikasi duzu, beraz?

Bai, eta webgune batetik: The Language Gulper. Gramatikako bi liburu ere baditut, hasteko. Internetetik erosi nituen.

Eta nolakoa izaten ari da ikasketa prozesua?

Euskara erronka gisa ikusi nuen. Jendeak esaten du oso zaila dela, baina arabiarraren antza pixka bat du, morfologian.

Euskara ez da ikasi duzun hizkuntza bakarra...

Sei hizkuntza hitz egiten ditut: italiera, gaztelania, portugesa, frantsesa, ingelesa eta, noski, arabiera, nire ama hizkuntza. Etxean arabiera bakarrik hitz egiten dugu. Eta euskara ikasten ari naiz oraindik, kar-kar.

Eta nola ikasi dituzu hizkuntzok?

Internetetik. Nire pasioa dira hizkuntzak, eta hizkuntza asko hitz egin nahi ditut. Handitzen naizenean, hizkuntzalaria izatea gustatuko litzaidake: hizkuntzen eboluzioa ikertu nahi dut. Unibertsitatera joan nahi dut, kanpora, Italiara edo Espainiara.

Tartean, euskararen eboluzioa?

Bai. Euskara nondik datorren ikertu nahi dut. Ez dakigu euskararen jatorria zein den, ez dakigu nondik iritsi den. Hori ezagutu nahi dut, misterio bat delako.

Euskararen eta, oro har, hizkuntzen gaineko jakintza hori nola garatu duzu?

Internet bidez. Nire denbora librea horretan ematen dut. Hizkuntzalari amateur bat naiz.

Hizkuntzalaritzaren ikuspuntutik, zerk eman dizu atentzioa euskararekiko?

Hizkuntzaren soinuak gustatzen zaizkit, z hori. Oso bereziak dira. Ez dut beste hizkuntzetan horrelako soinurik entzun.

Euskarazko edukirik kontsumitzen al duzu?

Bai, BERRIA. Facebooken irakurri nuen egunkari bat zegoela euskarazko albisteak bakarrik zituena. Izugarria da. Irakurtzen dut, baina zaila da niretzat. Bi hilabete bakarrik daramatzat hizkuntza ikasten...

Eta musikarik?

Kanta bat entzun dut, Euskal Herriko musika tradizionalarena; oso polita: Joseba Tapiaren Eusko gudariak.

Ikasten jarraitzeko gogoz zaude?

Bai. Pixka bat zaila da, baina jarraitu nahi dut lanean eta hizkuntza ikasten, oso polita delako.

Euskal Herria ezagutzea ba al duzu buruan?

Bai, noski. Bilbo ezagutu nahi dut. Ni athleticzalea naiz, duela bi edo hiru urtetik. Euskal Herriko bi talderik onenak Reala eta Athletic zirela jakin nuen, eta bi taldeak ikusi nituen jokatzen. Nahiago izan nuen Athletic. Hobea iruditzen zait, kar-kar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.