begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Zinema, hitzen gordailu eta asmatzaile hori

2023ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Zeluloideak ala antzinako magiak mugimenduz hornituko dituen irudi digitalek edozertarako balio dutela ederki dakigulakoan nago ni, eskarmentu handiko eta anitzeko jendaia garelako, patuak eta halabeharrak markaturiko jende-modua; damurik gabea, salbaziorik erreklamatzen ez duena.

Jakitun gara; Ongirako eta Gaizkirako balio du zinemak. Are, ez Ongia ez Gaizkia ez den beste guztirako ere bai, non, bide batez, eroso samar eta bastante elegante saiatzen baikara batzuok bizitzen (edo).

Zinemak egin gaitu. Moldatu gaitu. Modelatu gaitu. Garena gara zinemak bizi (eta hil) baikaitu. Zer-noiz-non ikusi, hala izan. Badira Bergmanen leinukoak eta western pelikula merke eta deliziosez elikaturiko kumeak. Badira fellinitarrak eta Torrenteren senideak. Badira medemetarrak eta Maria Elorzaren kuadrillakoak. Badira Iruñeko Ikuspuntu jaialdiak edo Zinebik bulartuak eta Beldurrezko bilkuretan hazi eta hezitakoak. Badira Thelma, Louise, bi Greta, bi Hepburn, Marlene, Alice Guy eta (edo) Musidora imitatu nahi izan dutenak eta hurrengo arima transmutazioan Tilda Swintonena nahi dutenak. Badira, bagara zinemarik gabe existituko ez ginatekeen arima herrariok.

Erreparatu al diozue baita ere bestelako hitz sortarik, hitz bildumarik (askoz urriagoa, askoz eskasagoa, dir-dir gutxiagokoa) izango genuela zinema ez balego gure errai eta neuronetan?

Esaterako... zer ginateke gu buruz eta bihotzez ez bagenekizki Geena Davisen eta Susan Sarandonen arteko honako hitz hauek: «Ez naiz batere damu gizontxo hori hilik izateaz. Damu dut, ordea, ez zuk eta ez nik hil izana».

Zer ginateke «Sayonara, baby» sekula ez bagenu entzun? Sekula onartu ez bagenu bizitza bonboi kutxa bat bezalakoxea denik? Zer, Miranderen hitzak —«Jakintza badute anitz/ Atso-, haur, eta zuhurt -hitz/ Badakite politika,/ Pilota, dantza, kantika/ Bai eta kantu ez likits;/ Leitzen dakite Misala/ (Leitzetik haiek bezala/ Ortzi jaunak zaint’nazala)»— ez bagenitu aditu Josu Martinezen filmean, bere aktore apartaren ahotik?

Bizitza petrala, bizitza latza gurea (life is a bitch...), ez bagenu inoiz ahoskatu «Mississippiko hegoa ez zenuke zeharkatu behar izan, kanpoko alena», nahiz eta seguru ez izan western pelikula batean inoiz ere esan ote den edo gure ameskeria gozoetako bat bide den.

Zinemak aberastu du gure hiztegia. Findu eta dotoretu gure hitz jarioa. Apaindu gure diskurtsoa. «Nik ez dut... ardorik edaten», dio Draculak. Eta sekula ez zuen Ingrid Bergmanek «Jo ezazu berriro, Sam» eskatu, baina eskaria Casablanca ikusten dugunero entzuten dugula egingo genuke denok juramentu.

Zinemak irakatsi zigun gremlinsak gobernatzen: «Ez itzazu busti, ez jarri argipean eta ez eman jatekorik gauerdia ailegatzean...».

Gure barrenetan izen batzuek duten oihartzuna eta esangura ez lirateke berak izango zineman entzunik ez bagenitu. HAL beti izango da, gutako askorentzat, Kubricken odisearen ordenagailua. Eta Blade Runner-ekoak ez badira, zeintzuk ote erreplikanteak?

Bai, zinemak ezinbesteko zaizkigun hitzak, hizkiak, esamoldeak eman dizkigu. Hona hemen ikasi eta geure egin beharreko berri bi: Gareth Edwardsen The Creator zientzia fikzio puska arras interesgarrian agertzen diren Nirmata eta antzatsuak (Simulantes, gaztelaniazko bertsioan).

Lehenengoa, निर्माता idazten da Nepalgo eta Indiako hizkuntzetan; sortzen duena adierazten du. Generorik gabe.

Bigarrenak, berriz, Adimen Artifizialak etorkizun hurbilean asmatuko dituen gizakion zeharo antzekoak sentimenduz zein itxuraz izango diren izakiak izendatzen ditu.

Bada beste hirugarren adiera bat, ikasi eta zeuen egin beharrekoa. Baina Beldurrezko Astea hasi arte ez duzue zertan hiztegian bilatu: empichado/encarnado deitzen diote Argentinan Deabruak edo gaitzak hartuta dagoen horri. Demian Gurnaren Cuando el Mal acecha-n entzungo duzue. Baita gerora barra-barra erabiliko ere. Bai, zinemak hitzez aberasten gaitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.