Telesailak

Baimendua izan zen, ala ez?

Michaela Coelek, Me Too mugimenduko ikono britainiarrak, sexu abusuen gaiari heldu dio 'I May Destroy You' telesailean

Gaueko eszena ugari daude telesailean. BERRIA.
Mikel Yarza Artola.
2020ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Droga, festa, adikzioa... eta sexua. Gau basati baten biharamunean ohartuko da neska gazte bat, oroimeneko puzzlearen piezak batu nahian, bezperan sexu harremanak izan zituela. Baina ez du gogoratzen nola, norekin eta zer baldintzatan... Eta horrek sortuko dizkio kezkak eta zalantzak.

Baimendutako eta baimendu gabeko sexu harremanak bereizten dituen hari finari tiraka josi du Michaela Coelek I May Destroy You, estreinako telesaila. Oraingoan, aktore ez ezik gidoigile, zuzendari eta sortzaile ardurak ere bere gain hartu ditu.

Coel interpretazioan aritu da batez ere. Azkenaldian, Ruandako genozidioaren inguruko Black Earth Rising telesailean eta Black Mirror saio distopiko sonatuan ikusi dugu. Aurrez, Chewing Gum komedian egin zen ezagun, eta bi Bafta sari eskuratu zituen bertan egindako lanari esker.

Baina arrakasta horrek izan zuen aurpegi makurragorik. Izan ere, Coelek salatu duenez, sexu abusuak jasan zituen 2015ean, telesail horren errodajean. Alde horretatik, sortzaile gisara aurkeztu berri duen telebistarako debuta ezin pertsonalagoa da, fikziora egokitu baititu errealitateko bizipenak.

Dena den, sexu harremanak ez dira telesailaren arretagune bakarra. Liburu bat idatzi eta sarean sekulako ikusmina piztu duen emakume gazte baten ingurukoa da istorioa. Agente bat eta argitalpen kontratu bat ditu orain eskura, baita presio erraldoia ere. «Nola idatzi modu azkarrean» bilatuko du protagonistak Googlen, inspirazio falta gainditu eta lan berria ahalik eta lasterren entregatzeko. Baina, egiazki, ez du betebehar horiei lotuta egon nahi, eta, epemuga ate joka duenean, ihes egingo du, festa girora.

Arrazoimenari bainoago, bihozkadei egiten die jaramon protagonistak, eta telesailak ere joera horri eutsi dio bete-betean. Tankera honetako istorioetan nagusitu ohi den melodrama erregistrotik urrun, Coelek abilezia handiz uztartu ditu komedia eta drama. Atal berean, protagonista ikusiko dugu agenteei nobela berria aurkezten, ajeari aurre egin ezinik, eta Ghanako deforestazioen aurkako protestak telebista bidez jarraitzen.

Afrikak aparteko garrantzia du telesailean. Coelek bere jaioterriari erreparatu dio, bertako aldarriak ikusgarri egiteko eta, batez ere, gazte afrikarrek Mendebaldeko herrialdeetan egiten duten bidea marrazteko. Azpimarratu du Londresen bertan beltz guztien errealitatea ez berdina: luxuzko etxeetan bizi dira batzuk, pisu xume batean beste batzuk, eta kalean zorigaitzezkoenak.

Sortzailearen gaztetasuna eta konbentzioetatik aldentzeko nahia igar daitezke telesailean; horren erakusle gaueko bizitzaren sugarra harrapatzen duten eszenak, sakelako telefonoen bidezko enkoadraketak edota Rosalia kantari bartzelonarraren Malamente abesti ezaguna soinu bandan txertatu izana.

I May Destroy You gai da kameleoi baten antzera eraldatzeko. Bilakaera etengabean doaz aurrera haren narrazioa, forma eta protagonista, eta zurrunbilo horren erdian egiten du eztanda sexu aferak. Baimendua izan zen, ala ez? Etorriko diren hamaika ataletan argitu beharko.

'I MAY DESTROY YOU'
Sortzailea: Michaela Coel.
Aktoreak: Michaela Coel, Weruche Opia, Paapa Essiedu, Aml Ameen, Sarah Niles.
Herrialdea: Erresuma Batua.
Urtea: 2020.
Non ikusi:HBO.
Atal bakoitzaren iraupena: 30 minutu.
Generoa: Drama. Komedia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.