Urtarrilaren 11n egun osoko 'Mobilitsasoa' hartuko du Bilbok

«Sakabanaketaren aurkako jardunaldia» izatea nahi dute; lau gune eta hamaika ekitaldi prestatu dituzte

Hodei Iruretagoiena.
2013ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Tanta bakoitzaren garrantzia nabarmendu du Tantaz Tantak, eta bide beretik jo nahi dute urtarrilaren 11n Bilbon egingo duten Mobilitsasoan ere, norbanakoen inplikazioa eta parte hartzea sustatzeko. Hala, Bilbora goizetik joateko deia egin diete herritarrei. Izango dute zer egin. Lau gune nagusi antolatu dituzte Areatza inguruan, eta hamaika ekitaldi horien bueltan: pailazoak, kontzertuak, haurrentzako jolasak, kartzelan egindako artelanen erakusketa, zozketak... Janik eta edanik ere ez da faltako.

Euskal presoen sakabanaketa amaitzea izango dute aldarri goren, eta arratsaldeko 17:30ean hasiko da ekitaldi nagusia, «itsasgora», udaletxetik eta Casillatik abiatuta. Jende multzo bakoitzak bere bidea eginda, ordubete ingururen buruan egingo dute bat, «itsasoa» osatzeko. Horretarako, tanta bana hartuta joateko deia egin diete herritarrei: «Kaleak bete nahi ditugu, Euskal Herrian aspaldi egin den okupazio handienarekin. Eta ez da manifestazioa izango, herritarren esku hartzea baizik».

Besteak beste, Petti, Doctor Deseoko Francis, Gozategi, Kokein, Hesia, Uluka, Xabi Solano eta Zigor DZ, eta Tximeleta ariko dira egunean zehar. Ekitaldi nagusiaren ondoren ere izango da musikarik, Gose, Xutik eta Kaotiko taldeekin.

Guztia bideratzeko, ehunka boluntario ariko dira lanean egun osoan, eta, lana errazteko, garraio publikoa erabiltzeko deia egin dute. Sare sozialak ere busti nahi dituzte aldarrikapenez: #ItsasoaGara eta #BringThemHome traolak proposatu dituzte egun horretarako.

Hilaren 28an, Martutenera

Lehenago ere izango da, ordea, presoen eskubideen alde egiteko aukerarik. Sevilla II espetxean (Espainia) dituztenek protesta bukatu zuten arren, eskubide urratzea «sistematikoa» dela gogorarazi dute haien senide eta lagunek; ez han bakarrik, Espainiako eta Frantziako kartzela guztietan baizik. Horregatik, Martuteneko presondegira (Donostia) martxa antolatu dute urtarrilaren 28rako, politika hori aldatu eta «garai berrira» egokitu dezatela exijitzeko.

Hain zuzen, kartzela politikan «mendekuzko aldagaiak» alde batera uzteko eskatu zuen atzo Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile Josu Erkorekak ere, «gizarteratzeari bidea uzteko».

Eusko Legebiltzarrean, berriz, azken asteetan libre geratu diren presoei egindako ustezko ongi etorrien gaia atera zuten beste behin PSE-EEk, PPk eta UPDk. Besteak beste, «terrorismoaren biktimak gutxiesten dituzten ekitaldi publikoen» egileen aurka ekiteko eskatu nahi zioten Espainiako Estatuko Fiskaltzari, baina EAJk eta EH Bilduk bake lantaldera bideratu zuten gaia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.