Konponbidea lehenestea eskatuko dute azaroaren 20an

Senideek eta lagunek lore eskaintzak egingo dituzte Santi Brouard eta Josu Muguruza hil zituzteneko urtemugan

Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2013ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Urtero bezala, lore eskaintzak egingo dizkiete asteazkenean Santi Brouardi eta Josu Muguruzari haien senide eta lagunek, hil zituzteneko urteurrena dela eta: 12:30ean Bilboko Errekaldeko plazan, eta 13:00etan Ametzolakoan. Ane Muguruza Josuren alabak eta Xabier Amuriza bertsolariak iragarri dute ondorengo ekitaldiko mezuan gatazkaren konponbiderako oinarriak finkatzeko funtsezkoak diren gai batzuei helduko dietela. Bereziki «gatazkaren ondorioez» arituko direla azaldu dute. «Eta bakearen bidea guztion artean eraiki behar dela nabarmenduko dugu».

Santi Brouarden alaba Edurne eta Muguruzaren alargun Elena Bartolome ere izan dira agerraldian. Tasio Erkizia eta Itziar Aizpurua ezker abertzaleko kide historikoak ere bai, besteak beste.

Egia, errespetua eta aitorpena aldarrikatu dituzte, eta «herritarrek askatasunaren bilatze etengabean belaunaldiz belaunaldi hartu duten konpromisoari buruzko ikuspegi historikoa». Baina helburu nagusia konponbide demokratikoak izan behar duela zehaztu dute, baita «aitorpenaren eta erreparazioaren gainetik» ere.

Goikoetxearen ekitaldira

Hartarako «bizikidetza demokratikoarekiko konpromisoa funtsezkoa» delakoan, ETAk duela 20 urte hil zuen Joseba Goikoetxeari ostiralean egingo zaion ekitaldira joatea aztertzean ari direla azaldu dute Muguruzaren eta Brouarden alabek. Rosa Rodero alargunak gonbidatu ditu ekitaldira, eta «elkarbizitza eraikitzen» lagun dezakeelakoan, mahai gainean dute ekitaldira joateko aukera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.