Hego Sudan eta Sudan heldu den astean itzuliko dira elkarrizketa mahaira

Mugek eta armaden erretiratzeak sortutako desadostasunengatik etendako negoziazioei helduko diete

Erredakzioa
2012ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Hego Sudanek eta Sudanek bertan behera utzitako elkarrizketei ekinen diete berriz ere, AB Afrikako Batasunaren bitartekaritzarekin. Heldu den asteartean elkartuko dira, Addis Abbeban, Etiopiako hiriburuan. Hego Sudanek iazko uztailean independentzia lortu zuenetik, harreman gatazkatsua izan dute bi herrialdeek mugako eskualdeetan. Hilaren 7an hautsi ziren azkenekoz bake elkarrizketak, mugak zehazteko eta desmilitarizatutako eremu bat ezartzeko orduan agertutako desadostasunengatik.

Sudango Atzerri ministro El-Obeid Morawahek jakinarazi duenez, mugen zehaztapena eztabaidatuko dute hilaren 19an, eta, handik bi egunera, Politikaren, Armadaren eta Segurtasunaren Batzorde Bateratua elkartuko da. Azken negoziazioak maiatzaren bukaeran hasi zituzten bi herrialdeek, baina Sudan elkarrizketa mahaitik altxatu zen joan den astean, Hego Sudani egotzi baitzion lurralde eskakizun gehiago egitea. «Azken sei hilabeteetan erabili dugun mapa batean oinarritu dugu muga», azaldu du Abdel Rahim Mohamed Hussein Sudango Defentsa ministroak, «baina bortz eremu gehiago sartu dituzte haien mugen barrenean. Ekintza erasokortzat hartu dugu».

Tropak, «hamar kilometrora»

Hego Sudanen arabera, baina, aitzineko elkarrizketak eteteko faktore erabakigarria izan zen Sudanek eremu desmilitarizatu bat sortzeari emandako ezezkoa. «Tropak gatazka eremuetatik hamar kilometrora erretiratzea proposatu genuen bakearen mesedetan, baina Sudango Gobernuak ezezkoa eman zion, eta bitartekaritza errefusatu zuen», erran du Hego Sudango negoziatzaileen buru Pagan Amumek.

Sudango gerra zibila 2005ean bukatu zen. Bake hitzarmenean bildu zen hegoaldeak erreferenduma egiteko aukera, eta, baiezkoak irabazita, iaz lortu zuen independentzia. Ordutik, baina, ez da bakerik izan mugako eskualdeetan, iparraldeari zein hegoaldeari leialak zaizkien taldeak bizi baitira han eta petrolio aberastasun handiko lurrak ere bai baitaude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.