Alphonse Idiart. Donibane Garaziko auzapeza

«Herriko Etxera politika egitera bazoaz, segur da arazoak eragiten dituela»

Badira hamabi urte auzapeza dela, eta heldu den urteko hauteskundeetan berriz aurkeztu daiteke. Eskuinekoa da, eta ezkerrekoak, zentrokoak eta abertzaleak biltzen dira batzordean.

Joanes Etxebarria.
Donibane Garazi
2013ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Donibane Garaziko hauteskundeetan, 2008an, talde bakarra aurkeztu zen eskuinekoak: ezkerrekoak, zentristak eta abertzaleak biltzen zituena. 2001az geroztik, Herriko Etxeko buru da Alphonse Idiarte, eta, bere burua eskuinean kokatzen badu ere, herriko aferetan politika istorioak bazter utzi nahi dituela dio, kudeaketa beste zerbait delako haren ustez.

2001. urteaz geroztik auzapeza zara Donibane Garazin, nola joan dira urte horiek guztiak?

Lehenik erranen nuke lurraldera lasaitasuna ekartzea kausitu dugula. Zerrenda desberdinen artean mokokatu ordez, gutxi gorabehera joera guztiak ordezkatuak izatea lortu dugu. Ondotik, lortu dugu herritarrentzat zerbitzuak kostan bezain eraginkorrak izan daitezen; ongi senti gaitezen Garazin, eta hemen bizi den jendea kostan bezain ongi sentitu dadin. Hasierako haria hori zen. Bestalde kultura oso garrantzitsua da hemen, gure herrien dimentsio txikiarekin eta bakoitzaren konbikzioen errespetuan, ikusirik non bizi garen. Oro har, saiatu gara Garazi bizitzeko goxoa den leku bat izan dadin.

Zerrenda berean bildu zenituen ezkerrekoak, eskuinekoak, abertzaleak... horrek ez du zailtasunik ekarri?

Zein da diferentzia eskuineko, ezkerreko, zentroko edo igerileku abertzale baten artean? Herriko Etxe batera joaten zarelarik kudeaketa egiteko, ez da arazorik. Mundu guztiak kudeaketaren ikusmolde bera du. Baina Herriko Etxe batera politika egitera bazoaz, segur da arazoak eragiten dituela. Uste dut herriko batzorde baten lehen betebeharra kudeatzea dela. Gero, hauteskundeak heldu direlarik, bakoitzak nahi duena egiten du. Ez diogu sekula deus inposatu inori, bakoitzak bere bandera du. Baina Garazi kudeatzen dugularik, hasieran gutxieneko programa bat adosten dugu, eta, zentroko, eskuineko, abertzale... jendeentzat zerbitzuak proposatzeko delarik, non da diferentzia?

Aitzineko hauteskundeetan, zure programan, Donibane Garazi desbideratzeko bidea aipatu zenuen.

Badira 40 edo 50 urte denek aipatzen dutela. Aldi honetan bada halere aitzinatze bat, hunkiak diren herri guztietako ordezkariekin batzorde bat egin baita. Batzorde horrek urte bat eta erdiz lan egin du. Gogoetaren ondorioz,bozka bat egin da, eta auzapezek abantzu aho batez ibilbide bat adostu dute. Badira beste batzuk, Kontseilari Orokorra barne, Izpura saihestu eta beste nonbaitetik egin nahi luketenak. Baina uste dut gogoeta aitzina doala, eta, beharbada, logika bat ukaitera helduko gara.

Entzun izan da 60 urte iraganen direla hori egin aitzin.

Ez 60 urte! Kontseilu Orokorraren eginkizuna da, segurtasunagatik baizik ez bada ere, bortxaz zerbait egin beharko dute. Nola eginen duten ez dakit, baina 60 urte ez du iraunen. Hiru dimentsiotan egin dira ibilbide posibleak, desbideratzeak paisaian ukanen dituen ondorioak erakusten dituztenak, hori aitzinatze bat da. Kontseilu Orokorreko lehendakaria bulego honetara jin da errateko heldu den urtean Kontseilu Orokorrak ibilbidea hautatuko duela. Badakit promesak egiten dituztenen engaiamendua baizik ez direla, baina...

Desbideratzea aipatzen da, Donibane Garaziko egoera berezia delako. Egunero 10.000 ibilgailutik gora iragaten dira zentrotik, batez bestean.

Gehiago ere. Errekaren alde batetik bestera pasatzeko ez da beste biderik. Bakarra hau da. Beraz, bortxaz, Donazaharretik, Oztibarretik, Baionatik, Espainiatik... denak hemendik pasatzen dira beraz etengabe ibiltzen dira autoak. Neguan ere.

Udan turismo anitz bada halere. Turismoak ekarri ditzakeen arazoez gogoetatzen ote duzue?

Turismoak ez du arazorik ekartzen, ez bada kutsadura. Baina Donibane Garazitik turismoa kentzen bada, ez da ongi joanen. Turismoak zerbitzuak eragiten ditu, dena bat da. Turismoa lurraldeko industria garrantzitsu bat da. Badituzularik abantzu 8.000 edo 10.000 ohe Garazi-Baigorri eskualdean, gastuarekin biderkatu eta ikusiko duzu zenbat sartzen den.

Hasieran egin duzun bilanean kultura aipatu duzu. Zein tresnen bidez garatzen duzue bizi kulturala?

Hasteko, kulturaren eskumena Herri Elkargoak du. Beraz mankomunitateak du kudeatzen, nahiz eta gure begirada eta ekarpenak baditugun. Bada Herri Antzoki bat (scène de pays) Amikuze eta Oztibarrerekin pentsatua izan zena. Finantzaketa pixka bat zaila da, eta Garazik beti ekarri dio bere parte hartzea, Herri Elkargoarenaz gainera. Hor erakutsi dugu kultura laguntzeko nahia. Vauban zinema ere, sala ederra da. Jabeak saldu nahi zuelarik, zeinahi promotorek hartu baino lehen erosi genuen, eta Garazikus elkartearen esku uzten dugu dohainik. Lekuko elkarteak ere kontuan hartzen ditugu, diru aldetik erran gabe doa, baina egoitzak utziz ere.

Eta euskarak nolako lekua du?

Badu bere lekua. Garaziko haur bat ikastolara doalarik, eskola publikora edo eskola pribatura doan haurraren laguntza ekonomiko bera du herriaren partetik. Diru kopuru berdina ematen diegu denei. Pentsatzen dugu hizkuntza lagundu behar dela, baina gurasoen hautatzeko askatasunarekin. Garaziko haur bat Garaziko haur bat da, horrela kudeatzen dugu.

Erran duzu kulturaren eskumena Herri Elkargoak duela. Herriarenak ziren geroz eta eskumen gehiago Herri Elkargora pasatzen ari dira...

Hori botere zentralak du nahi: dena elkartua izan dadin eta Herri Elkargoek dezaten ukan eskumen gehien, herrien kalterako. Nire ustez, nonbait, hutsa da. Zaila izanen da herri txikiak kudeatzea, gurea barne, baina ez dakit nola garatuko den. Lan batzuek merezi badute denak elkartzea, hor ados, baina dena egitea zaila izanen da. Herri txikietako bizian, badituzularik hautetsiak murruak pintarazten dituztenak edo beste... Nork eginen du hori?

Gainera, aipatzen da Baxenabarreko hiru Herri Elkargoek bat egitea.

Bada politika pixka bat horren barnean. Ikuspegi ekonomikotik begiratzen zaionean, segur da gehiago izatea hobe dela. Donibane Garazin igerileku bat eginen delarik, bost edo sei milioi euro kostako dituelarik, gastuak 25.000ren artean partekatuz 12.000ren ordez, bakoitzaren ekarpena txikiagoa izanen da.Gero elkarrekin lan egiteko ohitura hartu beharko litzateke.

Herrien eskumenak Herri Elkargora pasatzen badira, ez ote da kaltegarria Herri Elkargo handi bat sortzea?

Ez du inporta Herri Elkargo handi bat edo ez hain handi bat denez, herriak du galduko. Behar dena da herriek eskumenen parte bat gorde dezaten bestela zertarako izanen zara herriko hautetsiak?

Herri Elkargo bakarraren alde egin duzuenen parean, batzuek zioten goizegi zela hautu hori egiteko, informazioa falta zelako. Hauteskundeak itxoitea proposatzen zuten, eta Prefetak arrazoia eman die.

Badira halere bi urte aipatzen dugula. Baina hemen plantatuak direnak ez dira interesatuak izan eta ez dute xedea garatu... lau edo bost urte iraun balu berdin zitekeen. Baina informazioa haiek zuten! Ezin da erran informaziorik ez dela, eta aldi berean informazioa ez zabaldu. Utziko ditugu herrietako hauteskundeak pasatzen, eta ikusiko dugu zer pasatuko den.

2014an izanen dira hauteskundeak. Berriz aurkeztuko zara?

Erran dut uda ondotik herriko batzordea bilduko dudala, eta, haien artean talde on bat biltzen badut, berriz aurkeztuko naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.