2014ko Iparraldeko herri bozak. Kanpaina. Jean Espilondo. 'Angelu, etorkizuna zuekin' zerrendako burua

«Elkarlanerako prest gaude, lurralde jakin baten eremuan»

Ingurumena, etxebizitza sozialak, euskara eta bake prozesua jorratu ditu Angeluko sozialisten buruak. Sentsibilitate politiko guztiak bildu ditu zerrendan.

A.R.
Aitor Renteria.
Angelu
2014ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Jean Espilondo 1948an sortu zen Maulen. Angeluko auzapeza da 2008az geroztik. «Angelu, etorkizuna zuekin» zerrenda gidatuko du martxoaren 23ko eta 30eko herriko bozetan.

Herriko bozei begira, zein dira Angeluk parean dituen erronka nagusiak?

Auzapez batentzat, herritarrengandik hurbil egotea eta neurriak hartzea, haien bizia hobetzeko egunerokoan. Programan zehaztu ditugu. Enplegua da lehentasuna. Eskumena herri elkargoarena da, baina auzapezak ardura erakutsi behar du. Aurreikusi behar dira biharko enpleguak, gaurkoak atxikiz. Gaur egun, 16.600 enplegu daude, %26 turismoari lotua. Baina saltegiek eragina dute, eta industriak ere bai. Dassaultek mila enplegu ditu....

Zer iritzi duzu saltegi handiak igandez irekitzeaz?

Kontrakoa naiz. Legea hor dago;horren arabera egin behar dut.

Baiona-Angelu-Miarritze zeharkatzen dituen D810aren ardatzean osatu nahi duzu Angeluren bihotza?

Herriko etxearen inguruan dago hiri barnea. Han daude azpiegitura gehienak, kultura arloan, hezkuntzan edo bertze. Errepide ardatzaren ildoan garatuko da herri garraioa. Zerbitzua funtsezkoa da hiri iraunkorra eraikitzeko. Zentraltasuna indartu behar dugu.

Gaitzespen ugari eragin ditu. Trinkotzearekin segitzeko xedea duzu?

Kritikak beti daude, eta, kasu eginez, sekula ez litzateke deus aldatuko. Hiria porlanaz estali nahi dugula leporatu digute. Ez du zentzurik. Parisen egin zen Ingurumenaren Mintegian erabaki bezala, ingurumenaren aldeko politikak eskatzen du hiriak ez zabaltzea, trinkotzea bultzatzea.

Etxebizitza sozial gehiago behar dira Angelun, SRU legea betetzeko.

2008tik 2014ra 1.176 etxebizitza eraikitzeari ekin diogu, eta dagoeneko 585 eman ditugu. Bertze mila egitea da xedea, ondoko agintaldian. Hartu nuelarik kargua, %9 ziren etxebizitza sozialak, eta %13 dira orain. Ondoko agintaldian %13tik %18ra emendatu nahi dugu kopurua. Urruti gaude oraindik legeak agintzen duen kopurutik, %25.

Anartean, legea urratzeagatik isunak ordaintzen ditu Angeluk.

2008ra arte ordaindu izan ditugu. Gero, etxebizitza sozialak eraikitzeari ekin genion, eta ez dugu isunik ordaintzen. Bestela, 300.000 euro ordaindu behar genituen urtero. Aitzineko auzapezak utzi zigun ondarea. Zaila da, baina gure helburu nagusietarikoa da. Gobernatzea erabakitzea da.

Ingurumen arloan ere, aitzindari izan nahi duzuela diozue. Zertan?

Kargua hartu nuelarik Agenda 21 plangintzari ekin genion. Zerbitzu bereziak sortu genituen Herriko etxetik, eta Izadia parkean kokatu. Zerbitzuetan paper gutxiago xahutzen dugu, %38 apaldu dugu energiaren xahutzea eskoletan. Luzera begira egin behar da lana. Argiteria alorrean, ohiko argiak LED argiez ordezkatuko ditugu. Gure xedearen muina da ingurumena.

Hondartzak eta itsas labarrak mantentzea da bertze erronka. Ez ote da beharrezkoa herri elkargoaren, departamenduaren, Akitaniaren eta Estatuaren engaiamendua?

2005era arte Angeluko hondartzetara hondarra eramaten zen, maldak eta zuloak estaltzeko. Hondarra kutsaturik zegoela zioten. Kargua hartu nuelarik 2008an, ikusi nuen hondartzen higatzea handia zela. Gure aitzinekoek egin ez zutena egin genuen, Aturri sarrerako hondarra aztertu genuen. Kalitate onekoa da.

Ez du metal astunik?

Ez du Akitaniako edozein hondartzatakoak baino metal astun gehiagorik. Hartzen dugun hondarra hondartzetan ezartzen dugu. Turismoari begira, funtsezkoa da. Aldapak handitzean uhinak aldatzen dira eta surflariek ez dituzte gogoko. Dragatzailea erosteko xedea landu dugu Akitaniarekin. Orain artean, 150.000 metroko kubo hondar ateratzen ziren. Dragatzeko tresneriarekin, 400.000 metro kubo hondar. Hondartza batzuk dauden-daudenean atxikiko ditugu, eta beste batzuk lehengoratu. Itsas labarren kasuan, eragile guztien engaiamendua behar da. Bainu uren kalitatea ere arazoa da. Angelu nolanahi eraiki zen. Etxe batzuk ez dute saneamendu sistemarik oraindik. Bermatu behar dugu Baionako portuak ingurumen arauak betetzea .

Usu leporatzen dizute, lurralde elkargoaren gaiaren harira, «anti-euskalduna» izatea. Zerrendan ikastolako presidentea duzu, bake prozesua sustatzeko taldeko kide bat....

Ez da deabrua ikusi behar inorengan. Gai politikoetan, ikuspegi ezberdinak ukan ditzakegu. Lurralde elkargoari buruzko iritzia zabal eman dut. Bake prozesuari buruz ere, ETAri buruzko iritzia eman dut usu. Bake prozesuan parte hartzen duten jendeek gogo onez egiten dute, eta onartzen ditut nire ondoan. Nire ustez, bake prozesua ETAren armagabetzetik abiatu behar da. Ez nago prozesuan parte hartzearen kontra.

Estatuek funtsezkoak dira armen indargabetzean. Nahikeria gabe, lege babesik gabe, egingarria da?

Batasun zerrenda osatu dut. Inoiz ez diot inori ekidin iritzia ematea. Angeluko hauteskundeak dira. Ikastolen kasuan ere, sekula ez naiz kontra egon. Hainbat haustura egon dira, eta, garai batean, ikastolak jarrera politikoak hartzen zituen. Horren kontra nago ni. Laikoa naiz, eta uste dut ezin dela tresna politikoa izan eskola. Ikastolek hartu zuten jarrerak arriskuan ezarri zuten euskararen iraupena. Ahulak ez badu engaiamendurik hartu nahi indartsuarekin, gehiago ahulduko da. Lagundu dut ikastola eraikitzen. Abertzaleek parte hartu zuten eskuineko gobernuan, eta ez zuten ikastola eraiki. Tokiko kulturen etxea eraikiko dugu.

Angeluk ez du euskara teknikaririk, ondokoek bai. Zergatik?

Euskara teknikaria eskatuko balute, egongo litzateke. Ez dugu dirurik xahutuko eskaririk ez badago. Nahiago dut sakoneko lana egitea, ikastolen bidez, eskaria sortzeko. Lurralde Elkargoaren atalera itzultzeko, UMPko anitzek diote alde daudela, baina sozialistak nardatzeko baino ez da. Euskararen iraupenaren alde egiten dut lan, begiratu gabe abertzaleak diren edo ez.

Herri elkargoek gero eta indar handiagoa dute. Ez ote da hiri eta herrien geroa horretan jokatzen?

Gai gara gu bezala pentsatzen ez dutenekin lan egiteko. Baionako eta Miarritzeko hautagai sozialistekin batera, adierazi dut proiektu bat dugula. Hamar proposamen plazaratu ditugu, gure sentsibilitate politikoan oinarritu- rik. Hiri elkargoak ezin ditu partekatu eskumenak, osorik hartu behar ditu. Abertzaleak errealitate bat dira paisaia politikoan. Joera anitz daude haien artean. Akordioak behar dira, helburu partekatuak lortzeko. Gizartea den bezalakoa da, eta ekintza zehatzak behar ditu, ez soilik ametsak. Elkarlanerako prest gaude, baina lurralde baten eremuan eta, gure iritziz, eremu hori Aturriko bokalea da, alegia, Errobi edo Errobi-Aturri herri elkargoak edota Seignanxekoa. Euskara ez da indartsuago izanen mugak ezartzen dituelako.

SCOT eskeman, garraioaren azterketa Hendaian gelditzen da, Gipuzkoatik heldu den jendea kontuan hartu gabe. Ez da kontraesana?

Bistan dena. Bidasoa aldea enplegu gune bat da. Arazoa, aldiz, ez da gurea. Usu Gipuzkoatik dator. Garaian, bazen Baiona-Donostia eurohiri proiektua, baina Gipuzkoako Aldundiak parte hartzen bazuen ere, Donostiako udalak ez. Mugaz bertze aldean jarrera politikoek kutsatzen dute eztabaida eta proiektua. Eurohiriaren proiektua garrantzitsua da, baina bertze gisaz gogoetatu behar da, auzoen arteko elkarlan gisa, ez proiektu politiko gisa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.