Harreman justuago batzuen bila

Emakumeen aurkako indarkeria modu anitzetan gertatzen dela eta beldurraren desoreka konpondu behar dela ondorioztatu dute hainbat feministak Donostiako San Telmo museoan egindako mintegi batean.

Josebe Iturrioz (Medeak), Oihana Etxebarrieta (Bilgune Feminista) eta Ana Murcia (Garaipen), herenegun, Donostian. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
Donostia
2013ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Mitoak hautsi, ikuspegi askotarikoaak eman eta genero indarkeriaren aurka tresnak eskaintzeko lanean aritu dira Donostian, Ekintza eta pentsamendua: Indarkeria sexista apurtuz mintegian.

Beatriz Preciado filosofo eta ekintzaileak parte hartu zuen lehen egunean, herenegun, eta kontzeptu hauek planteatu zituen: «Maskulinitatea definitzen da hiltzeko boterearengatik, indarkeria tekniken monopolioarengatik. Nolatan ez dago mugimendu esanguratsu bat maskulinitatearen identifikazioa apurtzeko? Indarkeria tekniken birbanatzean pentsatu beharko da».

Emakumeek pairatzen duten indarkeriak milaka aurpegi dituela agerian gelditu zen ostiral arratsaldeko mahai inguruan. Indarkeria sexistari aurre egunez egun. Hurbilpena ekintza lokaletik izenburupean, bost ikuspegi entzun ahal izan ziren:

ANA MURCIA Garaipen elkarteko kidea

«Garrantzitsua da gune fisikoak egotea emakumeei lagundu ahal izateko»

Emakume etorkinez eta Euskal Herriko andrez osatutako elkartea da Garaipen. Ana Murciak azaldu duenez, 2006an elkartea berregin zenean —2002an jaio baitzen— bi lan ildo zehaztu zituzten: «Batetik, euskaldun eta etorkinentzat feminismo espazio bat zabaltzea; bide horretan, eskola feminista sortu zen. Eta bestetik, antolakuntza». Prestakuntzan, ardatz gisa ekonomia, feminismoa eta ipar-hego migrazioen azalpena hartu zituzten. «Emakume Libreen Zirkulua sortu genuen gerora, eta euren bizitzan noizbait indarkeria jasan duten emakumeek parte hartu dute. Emakume horietako batzuek bizkarzainak dituzte, eta zailtasunak izan ditugu laguntza ematerakoan». Lurraldeen eta herrien arteko loturak sendotu nahi ditu taldeak. «Bestalde, garrantzitsua izan da Donostiako Emakumeen Etxea sortu izana, erreferentzia gune fisiko bat dagoelako emakumeei laguntzeko». Indarkeriari aurre egiterakoan, emakume gazteak autodefentsarekin errazago kateatzen dira, Murciaren ustez.

OIHANA ETXEBARRIETA Bilgune Feministako kidea

«Patriarkatu kapitalistak erabiltzen duen mekanismoa da indarkeria sexista»

2003. urtean sortua, Bilgune Feministak urteotan garrantzi handia eman dio sarean lan egiteari. «Beste talde batzuekin batera ari gara bidea egiten», azaldu du Etxebarrietak. «Indarkeria sexista da ardatz nagusia, ez da zeharkako kalte bat. Patriarkatu kapitalistak erabiltzen duen mekanismoa da, bigarren mailako pertsonak sortzeko». Emakume horientzat «defizit bat» sortzen dela uste du Etxebarrietak. «Egiturazko zerbait da indarkeria sexista». Bestalde, emakumeak beldurrean hezitzen direla salatu du Bilgune Feministako kideak. «Indarkeriaren monopolioa gizonek dute. Emakumeak eskubiderik gabe uzten gaituzte, beste gizon batek defendatzen gaituen arte. Eta emakumeoi indarkeria erabiltzeko legitimitatea kentzen zaigu». Autodefentsa feministaren alde egiten du taldeak. «Komunikabideetan agertzen den indarkeria icebergaren punta da, baina izotz bloke osoa atera behar da argitara». Harremanetan mundua justuagoa izatea nahiko luke Etxebarrietak.

EDURNE BENGOETXEA Ikerlaria

«Kartzelak eta delituek galdu eta desbideratu bilakatzen dituzte emakumeak»

Beste lau ikerlarirekin batera, ikerketa bat egin du Bengoetxeak emakume presoen inguruan. Espetxe politika sexista dela ondorioztatu zuten hainbat arrazoirengatik. «Genero modelo hegemonikoek eragina dute arauen hausturan eta delituetan. Izan ere, delituaren ideia gizonengan pentsatua dago», nabarmendu du Bengoetxeak. «Emakume presoek gizarte bazterketa handiagoa jasaten dute, eta zigorrak handiagoak dira». Ikerlariaren arabera, delituak egiteak ez du bat egiten ohiko feminitate modeloarekin. «Estigmatizazioa handia da. Delituek eta kartzelak emakumeak galdu eta desbideratu bilakatzen dituzte». Espetxeak emakumeen diskriminazioa areagotu egiten duela ondorioztatu dute ikerketan.

JUANA ARANGUREN Plazandreok alderdi feministako kidea

«Legeekin ez da arazoa konpontzen, hori fikzio juridikoa da»

Donostian, udal hauteskundeetara eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako bozetara aurkeztu da azkeneko urteetan Plazandreok alderdi politikoa. Abokatua ere bada Aranguren, eta gertutik ezagutzen ditu indarkeria sexistaren gorabeherak. «Gizon batek ez du eroa egon behar indarkeria matxista erabiltzeko. Gizon bat ez badago deseroso patriarkatuarekin eta emazteari hiru lan jardunaldi egiten uzten badio, indarkeria patriarkala erabil dezake». Indarkeria sexistaren inguruan mito asko daude, eta horietako batzuk aipatu ditu Arangurenek: «Esaten da erasotzaileek tratu txarrak jaso izan dituztela iraganean eta osasun gaitzak dituztela, baina ehunekoa oso txikia da. Tratu txarrak jasotzen dituzten emakumeei buruzko mitoak ere badira, baina berez ez dago profil jakinik. Indarkeria psikologikoa ez dela indarkeria ere esaten da, bikotekideen arteko borroka aipatzen da». Abokatuaren arabera, maiz esaten da legeriarekin arazoa konpondua dagoela. «Baina hori fikzio juridikoa da. Berdintasunik eza betikotu egiten da».

JOSEBE ITURRIOZ Medeak kolektiboko kidea

«Beldurraren beste oreka bat beharko litzateke gizon eta emakumeen artean»

Ikuspegi transfeminista batetik mintzatu da Iturrioz —Gipuzkoako Diputazioko Berdintasun teknikaria da—. Indarkeria sexistari buruz aritzerakoan familiaz hitz egin behar da, haren ustez: «Indarkerian oinarritutako zelula bat da familia. Aita da burujabea, eta, duen boterearen arabera, bere jabetzakoa dena hil dezake». Indarkeria sexista, halaber, estatuarekin lotu behar da, Iturriozen iritziz: «Estatuak indarkeriaren eskubidea duela onartzen dugu. Polizia, gainera, maskulinitatearen paradigma da. Estatuak indarkeria sorrarazten du, eta matxismoa tresna bat da». Bestalde, emakumearen gorputzak beldurraren esperientzia du. «Beldurren beste oreka bat beharko litzateke. Garrantzitsua da gizonek beldurra izatea, emakumeek duten beldur bera». Beste talde eta mugimendu batzuekin batera, indarkeriarik gabeko espazioak lortzeko lanean aritu nahi du Medeak kolektiboak. Emakume zuri heterosexualaren subjektuaren modeloarekin haustea ere funtsezkoa da, Iturriozen ustez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.