Aseezina asetzeko ahalegina

«Terrorismoaren kontrako borrokan» gogorrago izateko eskatu diote hainbat biktimak PPren gobernuari. Haiek baretu eta irmotasun itxura emateko, neurriak iragarri ditu Rajoyk. Baina ez da erraza haiek gogobetetzea.

AVTko kideak, abenduan Arrasatera egin zuten bidaian. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Oihana Elduaien Uranga.
2014ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Ez batentzat eta ez bestearentzat. Batzuk lasaitu nahian besteak estutzen saiatzen ari da Espainiako Gobernua. «Terrorismoaren biktima» batzuk gustura uzteko modu eta bideak topatu nahian, presoak eta preso ohiak jarri ditu jopuntuan. Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiaren epaiak Parot doktrinarekin giltzapean zeuden preso guztiak libre uztea ekarri izanak biktima batzuengan sortutako ezinegona baretu nahi du Espainiako Gobernuak, preso horiei mugimendurako aukera murriztuz.

Parot doktrinarekin giltzapean eduki dituztenei oinarrizko eskubideak urratu zitzaizkiela esan zuen Estrasburgok, eta Espainiako Gobernua oinarrizko eskubideak berriz urratzeko tentazioan dabil. Edo, gutxienez, bide horretako adierazpenak egiten ari da, adibidez, preso horiei hautetsi izateko aukera kentzeko asmoak iragarrita. Baina, hala ere, biktima horiek ez dira asetzen. Eta PPren barruan ere handia da tentsioa, azken egunetan ETAk Gregorio Ordoñez hil zuela gogora ekartzeko egindako ekitaldietan argi gelditu den bezala. Sendo itxura emateko saioan, preso ohientzako trabak iragarri ditu PPk.

Alderdiko barne tentsioek eraman dute Espainiako Gobernua preso ohiei hautetsi izatea galarazteko asmoetara. Preso ohiek EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren iragarpenarekin bat eginez urtarrilaren hasieran Durangon egindako agerraldiaren osteko bilera batean gogor hitz egin zuen Esperanza Aguirrek, eta haiek elkartu eta agerraldiak egitea galarazteko legeak aldatzeko eskatu zion Mariano Rajoy gobernuburuari. Bere beldurra preso ohiak alkate edo zinegotzi karguetara iristea dela erantzun zion Rajoyk, eta, ondorioz, hautagai izatea galarazteko zer egin daitekeen aztertzen jarri ditu Rajoyk Estatuaren abokatua eta gobernuaren zerbitzu juridikoak. Espainiako telebista batean berretsi zuen Rajoyk, joan zen astean, gaia aztertzeko agindu duela, eta, egiterik edukiko duen edo ez jakin ez arren, beragatik balitz preso ohiei alkate edo hautetsi izatea galaraziko diela gaineratu zuen: «Halaxe gertatzea nahi dut nik».

Baina ez du erraza izango. Preso bakoitzari zigorra jartzen diotenean zehaztuta dator zenbat urteko kartzela eta zenbateko inhabilitazioa duen. Hura amaitzen denean, amaitu egiten da, eta preso ohiak kitatuta dauka justiziarekin duen zorra. Pertsona erabat librea da, gainerakoen eskubide eta betebehar berberekin. Eta Espainiako Konstituzioak argi dio sufragio pasiborako eskubidea —hautagai izateko eskubidea— oinarrizko eskubidea dela.

Beraz, legea aldatu beharko luke gobernuak, baina, aldatuta ere, ezingo luke atzerako eraginez aplikatu. Horixe egotzi dio hain zuzen Estrasburgoko Auzitegiak Parot doktrinaren kontrako epaia atera duenean. Beraz, atzerako eraginkortasunez ezingo du aplikatu, eta Zigor Kodea aldatuta ere, ezingo lieke dagoeneko preso ohiak direnei aplikatu, eta ezta preso daudenei ere. Legea aldatu ostean delituren bat egiteagatik epaitu eta zigortutakoei baino ezingo lieke aplikatu.

Beraz, hautagai izateko baldintzak zehazten dituen Hauteskunde Legean topatu nahi dute zirrikitua, eta aurrekari penalak dituztenei aurkeztea galarazi.

Espainiako Zigor Kodearen arabera, aurrekariak bost urtetan kitatzen dira delitu larrietan, eta hori hamar urtera igotzeko bidea hasita dauka Espainiako Gobernuak. «Terrorismoagatik» zigortutakoei goi kargudun izatea galarazteko lege erreforma martxan jarri zuenenean, aurrekariak eteteko epea bost urtetik hamarrera igotzeko bidea ere hasi zuen. Saiatuko dira lege aldaketa hori hautetsi kargu guztietara hedatzen, baina korapilatsua dela aitortu zuen Soraya Saez de Santamaria Espainiako Gobernuaren bozeramaileak berak ere.

Hautagaitzak debekatzeko saioa ez da PPren gobernuak abiatutako bide bakarra. Preso ohi orok 460 euroko diru laguntza izaten du espetxetik atera eta 18 hilabetean, bizia berrantolatzeko. Diru hori kendu nahi die gobernuak euskal preso ohiei, baina hori ere ez da erraza. Tramiteak abiatu dituzte, baina horiek ere luzeak eta korapilatsuak dira.

Aurretik ere estu

Estrasburgok epaia atera aurretik ere bakerik ez zela egongo ohartarazi zion Espainiak presoen eskubideen aldeko mugimenduari. Herrira-ren aurkako operazioa egin zuen Guardia Zibilak Eloy Velasco Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz.

Estrasburgoren epaiaren ostean etorri da, ordea, anabasarik handiena. Biktima batzuek ez zuten beren indignazioa ezkutatu, eta espetxe atarietara joan ziren giltzapetik ateratakoei zein haien senideei oihu egitera. Ongietorriak egiten baziren ondorioak izango zirela ohartarazi zuen Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak, eta presoei herrietan egin zaizkien harreretan delitu bila ibili da Carlos Urkijo Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkaria.

Eta are gehiago nahastu ziren gauzak preso ohiek Durangon emandako prentsaurrekoarekin. Biktima batzuk zeharo asaldatu ziren, eta, adibidez, AVTk prentsaurrekoa bera debekatzeko ere eskatu zion epaileari.

Durangoko agerraldia hasi baino ordu erdi lehenago baimendu zuen ekitaldia Santiago Pedraz epaileak. Espainiako Konstituzioaren arabera, biltzeko eta manifestatzeko eskubideak ez duela aldez aurreko baimenik behar esan zuen. «Hori erregimen diktatorialetan bakarrik gertatzen da». Ez zuen deialdian delitu zantzurik ikusi: «Deitzaileek hilaren 28an EPPK-k argitara emaniko komunikatua baloratu nahi dute, eta hori, berez, ez da inor gorestea». Haren esanetan, «oso bestelakoa» litzateke ekitaldian bertan delitu izan litekeen zerbait gertatzea. Beraz, ekitaldian gertatzen zena zaintzeko eta horri buruz txosten bat egiteko eskatu zion Poliziari.

Besteak beste, egindako mina onartu, indarkeriaren erabilera baztertu eta legeak ematen dituen aukerak baliatuko dituztela esanez, EPPK-k kaleratutako agiriarekin bat egin zuten preso ohiek Durangoko agerraldian.

Pedrazek eskatutako txostenaren berririk ez dago, baina, hark esanak esan, prentsaurrekoak ondorioak izan ditu. Rajoyk iragarritako balizko neurriak alde batera utzita ere, agerraldi hura baliatu zuen Eloy Velasco epaileak egun batzuk geroago EPPKren bitartekaritza taldearen kontra egiteko. Atxilotutako zortzi lagunen espetxeratze autoaren arabera, Herrira-ren kontrako operazioa atzemandako dokumentuak erabili zituen operazioa agintzeko, eta agerraldiaren prestaketak. Besterik ez. Eta prentsaurrekoaren ostean agintzea erabaki zuen, EPPKren iragarpenaren ostean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.