Ekialde Hurbila. Gaza

«Blokeo bikoitza» indarrean

Rafaheko muga itxi eta tunelak suntsitu ostean, Egiptoko agintariek 'buffer' edo 'babes' eremu bat egiteko lanak hasi dituzte. Lehengaien eta pertsonen mugimendua murriztuta, «itota» daudela salatu dute gazatarrek.

Ane irazabal
Kairo
2013ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Gazako herritarrek aski ondo dakite zer den zigor kolektibo bat. Azken sei urteetan, larrutik oraindu dute Israelek Hamasen kontra ezarritako blokeoa. Alta, azken ostikoa Egiptotik iritsi zaie oraingoan. Estatu kolpearen ondoko egoera berrian, Gazarekiko politika arras gogortu dute militarrek.

«Lehenengo pausoa Rafaheko muga ixtea izan da», gogora ekarri du Ahmed Yousef analista politiko gazatarrak. Iragan uztailetik, 300 pertsonak bakarrik pasa daitezke egunero mugatik, gehienak kanpotarrak edo beste hiritartasun bat duten palestinarrak. «Ez kanpoan ikasi nahi duten ikasleak, ezta gaixoak ere; murrizketak gero eta handiagoak dira», nabarmendu du Yousefek.

Tunelak suntsitzeko kanpaina ez da atzean geratu, ordea. Estatu kolpea jo zutenetik, pasabideen %80 itxita daude, 350 guztira. Hamasen arabera, azken lau egunetan 30 tunel baino gehiago suntsitu dituzte. «Dagoeneko, gasolina eta eraikuntzarako materialak falta zaizkigu. Egoera oso kritikoa bilakatzen ari da», adierazi du Akram Satarri izeneko kazetari eta itzultzaileak.

Pasabideak gazatarren merkataritza eta truke forma bakarra izan dira orain arte, eta supermerkatuetan erosten ziren produktuen %50 tuneletatik sartzen ziren. Pasabideetatik eguneko hiru tona zementu, produktu elektronikoak eta burdina ere iritsi ohi ziren. Israelek 2007an ezarritako blokeoak, izan ere, guztiz debekatu zuen «erabilera bikoitzeko— materialak Kerem Shalom mugatik pasatzea. «1,5 milioi herritarrek pairatzen duten blokeoa arintzeko ezinbesteko jarduera ekonomikoa dira. Tunel guztiak suntsitzen badituzte, elikagaien eta oinarrizko materialen eskasia pairatuko dugu. Mubaraken garaian baino okerrago egongo gara», adierazi du Satarrik.

Palestinarrak «errudun»

Baina Egiptoko agintarien ustez, armen kontrabandoa egiteko eta milizianoen joan-etorria errazteko tresnak ere badira tunelak. Hala, Sinain ordena berrezartzeko kanpaina militarrraren barruan, ezinbesteko ekintza bilakatu da pasabideak suntsitzea. Erasoak are gehiago gogortu dira abuztuaren 19an Rafaheko mugan hil zituzten 24 polizien kontrako operazioaren ostean. Egiptoko behin-behineko gobernuak Hamasi egotzi zion ekintza, eta handik egun gutxira 15 kide atxilotu zituzten.

Kairok argi esan du Hamasek eta jihadistek elkarrekin lan egiten dutelamilitarrak erasotzeko, eta «terrorismoaren kontrako gerratzat» jo ditu Gazari ezarritako murrizketak. «Zeharo nazionalista den Egiptoko gizartearentzat, armadari eraso egiteak segurtasun nazionalari min egitea esan nahi du», uste du Satarrik.

Hala, Egiptok legezkotasuna kendu dio Hamasi. Gazako mugimendu islamista Anaia Musulmanen adar gisa sortu zen, eta estatu kolpearen ondotik aliatu nagusiena galdu du. «Egiptoko gizarteak aho batez onartzen ditu palestinarren aldarrikapenak, baina Hamas etsai nazionaltzat jotzen du, ez herri baten ordezkari politikotzat», nabarmendu du Satarrik.

Yousef Ismail Haniyah lehen ministroaren aholkularia izan da, eta ez du ezkutatzen Hamasen gobernuaren ardura: «Eskualdean berriz ere bakartuta geratzeko zorian gaude».

Edonola ere, Yousefi arriskutsuagoa iruditzen zaio Egiptoko gizartean palestinarren aurka zabaldu den sentimendua: «Gazako herritarrak kriminalizatzen hasi dira. Gazatarra izanez gero, terrorista zara. Etsaiak bagina bezala jokatzen dute». Iritzi berekoa da Satarri: «Libano, Siria eta orain Egipto. Zoritxarrez, ondoko herrialdetan gertatzen denak eragin negatiboa du palestinarrongan». Atzo, Egiptoko tenienteorde bat eta Poliziako zortzi soldadugai zauritu zituzten penintsula iparraldean, zihoazen konboiko ibilgailuei tiroka erasobaitzieten.

'Buffer' eremu bat?

Egiptoko estatu kolpetik, Rafaheko mugan inoiz baino handiagoa da militarren presentzia. Hamasen arabera, buffer edo babesgune bat eraikitzeko agindua eman dute Kairoko agintariek, eta iragan egunetan 13 etxe suntsitu dituzte. Sinai iparraldeko ofizialek behin baino gehiagotan aipatu dute Rafaheko mugatik Mediterraneo itsasora dauden 10 kilometrotan «eremu huts bat» sortzeko nahia. Egiptoko hebadideen ustez, 500 metroko zabalera duen sail bat izango litzateke. «Zeharo itota gaude. Orain, blokeo bikoitza pairatzen dugu», esan du Satarrik.

Gazatarrek badakite buffer eremu batek zer dakarren. 2008-09ko erasoaren ostean, Israelek 300 metroko «segurtasun eremu» bat ezarri zuen muga osoan zehar, baina Gazako aldean. Ordutik, palestinarrentzat debekaturik dago inguru horretara hurbiltzea.

«Sinai iparraldea kontrolaezina bilakatu da Egiptorentzat, eta horren errua gazatarrona dela diote. Baina Kairoko agintariak ados egon ziren Israelek eremua desmilitarizatzeko proposamena bota zuenean», salatu du Satarrik. 2011ko iraultzatik, penintsulan askatasun osoz dabiltza beduino armatuak, kanpotik etorritako milizia islamistak eta Afrikako etorkinekin eta armekin kontrabandoa egiten duten taldeak. Kairoren eta Tel Aviven arteko bake akordioek mugatu egin zuten Egiptoko segurtasun indarren kopurua, eta operazio militar bakoitzak Israelen «argi berdea» behar du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.