Neguko Olinpiar Jokoak Sotxin

Hotzean, goxo

Etxean dira jada Lucas Egibar, Paul de la Cuesta eta Imanol Rojo, Sotxiko Neguko Olinpiar Jokoetan aritu diren hiru euskal kirolariak. Esperientzia «aberasgarria» izan dute hirurek bertan.

Paul de la Cuesta eskiatzailea, eslalom erraldoiko proban. JUSTIN LANE  / EFE.
Julen Etxeberria.
2014ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Kito. Amaitu dira Sotxiko Neguko Olinpiar Jokoak (Errusia), eta Euskal Herrian dira jada bertan lehiatu diren hiru euskal kirolariak: Lucas Egibar, Paul de la Cuesta eta Imanol Rojo. Han bizitakoa kontatu diote BERRIAri.

 

LUCAS EGIBAR Snowboarderra

«Pena eman zidan inaugurazio ekitaldian ez parte hartzeak; behin hara joanda...»

Egun batzuk daramatza jada etxean Lucas Egibarrek (Igeldo, Gipuzkoa, 1994). Sotxin lehiatu ondorengo «sentipen onei» eusten die oraindik. Hori bai, oraindik badu ere «arantza txikia» sartuta: snowboardcrosseko finalerdietan erori eta domina bat irabazteko aukerarik gabe geratu izana. Aitortu du «behin baino gehiagotan» ikusi duela lurrera joan zen lasterketa, eta «zenbat eta gehiagotan» ikusi, «orduan eta pena handiagoa» duela. «Dominen bat irabazteko moduan nengoen», dio ziur. Hala ere, ez dio buelta gehiago eman nahi. Baikor izan nahi du. «Dena eman dut. Gainera, okerrago zitekeen lehen jaitsieran erori izan banintz. Lau lasterketetatik hiru irabazi nituen. Horrek agerian uzten du aurrean ibil naitekeela». Hori erakutsi nahi du hurrengo asteetan, Munduko Kopan eta gazte mailako Munduko Txapelketan.

Egibarrentzat estreinako jokoak izan dira. «Esperientzia polita» izan direla dio, eta «gozatu» egin duela. Azkar zehaztu du, hala ere, lehiaketan «buru-belarri» aritu dela, eta ia ez duela denborarik izan entrenatu edo lehiatu ez zen beste ezer egiteko. «Astebete bakarrik egon naiz Sotxin, eta horietatik bost egunez jo eta ke entrenatzen, eta beste bat lehiatzen. Atera kontuak», dio etsita. Hala, etsita, eta amorru kutsu batekin ere azaldu du ez zuela parte hartu inaugurazio ekitaldian. «Telebistaz ikusi nuen. Pena da. Behin hara joanda, gutxienez inaugurazio ekitaldian parte hartu, ezta? Ilusioa egiten zidan neure burua hor ikusteak, baina teknikari taldeak ez zuen begi onez ikusi».

Egibarrek ez du nabaritu alderik jokoen eta Munduko Koparen artean, ez, behintzat, lehiari dagokionez. Antolaketan eta segurtasunean, ordea, bai igarri du aldaketa. «Ohi baino antolatuago egon da guztia. Munduko Kopan, adibidez, agiririk gabe ibil zaitezke lasai-lasai. Are gehiago, edonor sar daiteke kirolarion hotelera. Sotxin ez. Halere, ez da izan uste genuen bezain zorrotza. Nahiko eroso ibili gara».

 

PAUL DE LA CUESTA Eskiatzailea

«Sotxin apenas zegoen ikuslerik eta girorik; burbuila baten aritu gara ia»

Lerro hauek irakurtzerako, maleta eginda izango du jada Paul de la Cuestak (Donostia, 1988). Norvegian ariko da hurrengo egunetan, Munduko Kopan. «Jokoak politak dira, baina ez dira dena. Eski sasoiak lau hilabete ditu, eta bete-betean aritu behar dugu». Denboraldia amaituta aztertuko ditu emaitza guztiak. Sotxikoak ez dira izan espero zirenak. Ez du helburua bete: eski alpinoko lau probatakoren batean lehen hamabosten artean sailkatu —superkonbinatuan lortu du posturik onena: 26. —. Halere, ikusi dio alde ona, orain lau urte Vancouverren (Kanada) lortutakoak baino hobeak dira. «Gustura nago egin dudan lanarekin».

Vancouverko ekitaldiarekin alderatuta «beste jarrera» bat izan duela azpimarratu du. «Vancouverren dena zen berria, eta lehiatzea baino gehiago, esperientziaz gozatzea nuen helburu. Sotxin ez. Sotxin jarrera oldarkorragoarekin aritu naiz. Zain egon beharrean, erasora joan naiz».

Egibarrek ez bezala, De la Cuestak izan du aukerarik beste kirol batzuk bertatik bertara ikusteko. Inaugurazio ekitaldian ere parte hartu zuen, baina erdizka. «Ez nintzen desfilean egon, hurrengo egunean goizean goiz entrenamendu saioa bainuen». Olinpiar estadioa ikusi eta berehala jabetu zen Sotxikoak ez zirela izango ohiko jokoak. «Errusiak bere indarraren erakustaldia egiteko erabili ditu jokoak. Dena zen handia, eta berria: olinpiar hiria, lehiaketa guneak... Antolaketari dagokionez, primerako jokoak izan dira. Segurtasunarekin genuen kezka handiena, ez ote zen gehiegizkoa izango. Zorionez, ez da horrela izan, eta kirolariok oso eroso egon gara. Lehen eguna izan zen aldrebesena, baina normala ere bada».

Baina oro ez da urre, eta Sotxin ohi baino ikusle eta giro gutxiago egon dela azpimarratu du. «Vancouverren jende mordoa zebilen. Batzuetan zaila ere bazen batetik bestera ibiltzea. Sotxin, ordea, apenas zegoen jenderik lehiaketa guneetan, eta giroa ere eskasa zen. Burbuila batean aritu gara ia». Horregatik du kezka Sotxiko olinpiar ondareaz. «Ikusiko dugu zer gertatuko den bertan egin den inbertsio itzelarekin. Espero dezagun erabilpen bat ematea. Pena litzateke hemendik urte batzuetara dena utzita egotea».

 

IMANOL ROJO Eskiatzailea

«Ohorea izan da Bjoerndalen eta Fourcade anaiekin esperientziak partekatzea»

Imanol Rojo (Tolosa, Gipuzkoa, 1990) izan da azkena itzultzen, atzo bertan. «Zapore gozoarekin» egin du itzulerako bidaia. Ez da harritzekoa, azkenerako gorde baitzuen bere jardunik onena. 33. izan zen herenegun 50 kilometrokoan. «Gozatu egin nuen, hasi eta buka. 35. kilometrora arte ez nuen eskirik aldatu, eta horri esker, laugarren ere izan nintzen. Gero behera egin nuen. Hala ere, oso pozik amaitu nuen. Lau probetakoren batean lehen 30en artean egotea nuen erronka, eta 33. izatea erronka betetzea da».

Sotxitik bueltan eten da haren ametsa, ametsa hitza baitu ahoan etengabe haren estreinako jokoez hitz egiteko. «Ez da izan gozatu ez dudan egunik, niretzat han soilik egotea jada ametsa baitzen». Aitortu du proba batzuetan uste baino apalago aritu dela, baina horrek ez dio loa kenduko. Kentzekotan, han bizitakoak gogoratzeak kenduko dio loa, inaugurazio ekitalditik hasita. «Sekulakoa izan zen. Han egon beharra dago nolakoa den esateko». Betirako gordeko du ere kirolarien arteko giro ona. «Mundu osoko kirolariak egon gara elkarrekin, denak oso giro onean. Ohorea da horrelako zerbait bizitzea. Niretzat, adibidez, ohorea izan da Bjoerndalen eta Fourcade anaiekin esperientziak partekatzea».

Egibar eta De la Cuestaren iritzi berekoa da antolakuntzari eta segurtasunari dagokienez. «Segurtasun neurriak egon dira, baina ez uste bezain zorrotzak. Antolaketa ere bikaina izan da».

Azkenik, eta bitxikeria gisa, berak ez du ikusi sarean ospetsu egin diren bi lagunentzako komunak. «Argazkiak ikusi ditut, bai, baina gureak normalak ziren».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.