Pilota. EPELen Eskuz Binakako Txapelketako finala: Jon Ander Albisu

Beti ikasten da zerbait

Eskuko minari eta kritika ugariei aurre eginez iritsi da finalera Jon Ander Albisu. Orain, berriz, lasai dago, garai txarretan lagundu diotenei «poza» eman dielako.

Jon Ander Albisu Ataungo San Gregorio auzoko pilotalekuan. Bertan eman zituen lehen pilotakadak. ANDONI CANELLADA / ARGAKZI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Ataun
2013ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Denbora erlatiboa da. Neurtzen den moduaren araberakoa da, eta neurtuko ez balitz, ez litzateke existituko. Batzuetan, lau hilabetek lau urte dirudite, eta beste batzuetan, alderantziz. Jon Ander Albisuren (Ataun, Gipuzkoa 1990) kasuan lehen kabala eman da, negua eta udaberria irakaste prozesu luzea izan direlako. Kolpetik egin du pilotari gehienek urteen poderioz osatzen duten barne bidea. «Txapelketa honetan asko ikasi dut», onartu du.

Eskarmentu handia pilatu du, eta lasai mintzo da bere buruaz. «Txapelketa gogorra izan da, psikologikoki bereziki. Kritika asko entzun ditut, eskuaren erruz partidak bukatzea kostatzen zitzaidan eta hortik zetozen hutsak. Kritikei kasu ez egiten saiatzen naiz, baina beti iristen da zerbait. Horiek motibazio bihurtu ditut». Kritikak pizgarri bilakatu nahi dituela maiz errepikatu du, eta ez du esajeratzen, kronikek gogor jo dutelako; Pablo Berasaluzek jendaurrean arbuiatu zuen joera hori. «Eskertzen diot. Borrokatzeari utzi ez diogulako gaude finalean. Hori irakatsi dit».

Arratsalde euritsuetan lasaitasuna arnasten da Ataunen. San Gregorio auzoan bai behintzat. Biriketara sartzen da, azaleko poroetan barrena... Ume pare bat jolasean pilotalekuan, autoren bat edo beste, erreka, eta Albisuk elkarrizketak eman eta bertan eginiko argazkien poderioz ospetsu egin duen errota. Atzelariaren solasak ere patxada transmititzen du. «Beti izan naiz lasaia, eta gustuko dut herria. Han dugu baserria, animalia gutxi batzuekin: oilo batzuk, 5-10 ardi... ez dut uste hiri handiren batera bizitzera joango naizenik. Hemen gelditu nahiko nuke, eta zaldiak eduki». Gauza pare batek hausten du patxada, herrikoren batek urrundik botariko «Aupa Albisu!» oihuek, eta handik pasatzen den orok pilotari gaztea agurtzen duela. Oraintxe dago alkate izateko aurkezteko moduan.

Albisuk zauria irekia izan du txapelketa guztian, baina azken bi partidetan ondo itxi du. Seguru asko bi partidarik onenak izan direlako, bereziki azkena, Irujo-Zabaletaren aurka, Labriten. «Konfiantza da kontua. Eskua ondo dago, eta konfiantzaz jokatu dut. Gustura gelditu nintzen lagundu didaten guztiei poza eman nielako, eta tira, baita baten bat isilarazteagatik ere». Lagundu diotenen zerrenda luzea dela dio: etxekoak, bikotekidea, lagunak, masajista... «Makina bat buelta egin dut Elgetara eskuan masajea hartzera, aste batzuetan bi aldiz. Eskuak kargatu egiten zitzaizkidan eta han libratzen nituen». Mina baitzen txapelketa hasierako bere bolada txarraren erruduna. «Bospasei partidatan, hamargarren tantotik aurrera beldurrez jokatu nuen. Handitu egiten zitzaidan zurda bat. Bi eskuetan zen, gainera».

Albisuk iazko txapelketan eman zuen bere burua ezagutzera, Berasaluzerekin finalerdietan sartu zenean. «Dena errazagoa zen», oroitu du. Agian, aurreikuspenak xumeagoak zirelako. Ordurako, baina, zeresana ematen hasia zen. Debuteko urtean 2. Mailako txapeldun izan zen Mikel Olaetxearekin. Oso oroitzapen polita du, finaleko emaitza zein izan oso garbi ez duen arren. «22-16? 22-17... Gorka-Merinoren aurka. Ordukoan ere lehen lau partidak galdu genituen». Lehen partida handia ere ez du ahaztu. «Irunen izan zen. Ni Bengoetxearekin, Berasaluze-Beginoren aurka. Asko jokatu nuen». Harrezkeroztik, haren izena hizki handi agertu zen afixetan, beti estelarretan.

Gipuzkoarra, eta zer?

Zirimiria zena euria bilakatu da Ataunen. «Niri berdin zait pixka bat bustitzeagatik», esan dio Albisuk kazetariari. Ohituta dago, ez da katarroaren beldur. Auzoko taberna itxita dagoenez, pilotalekuko estalpean jarraitu du solasa. «Nik hemen jo nituen lehen pilotakadak, eta gero, ordu asko sartu ditut. Eskolatik hona, eta hemen, jokatu. Hemen ez dago beste sekreturik», hari mutur bikaina memoriako mataza libratzen hasteko. «Gaztetan asko jokatu nuen Jon Arratibelekin; hura ere Ataungoa zen. Gurasoek zenbat buelta emango zituzten gurekin!». Garai politak ziren, eta gogoan du ereikusi nahi ez zuen bikotea: Fernandez-Ortiz de Urbina, «Donostiakoak ziren, eta bolada bat egon zen ia beti irabazten zigutena». Albisu eta Arratibel elkarrekin joan ziren Bidegoiango Aurrera Saiaz taldera, Anizeto Lazkano eta Luis Galarragaren eskutik, eta han zegoela akordiorako oinarria sinatu zuen Asegarcerekin. Debuteko albistea pozgarria izan zen etxean: «Eginiko bide luze baten fruitua izan zen».

Albisuk ez zuen non jaio aukeratu, eta, hala ere, kolpetik Gipuzkoako pilotaren ikur bilakatu nahi izan dute. Txapelketan aritu den gipuzkoar bakarra izan da. Probintzikeria pilota profesionaleko bekatuetako bat da, eta forofismoaren bazka. Zer inportako dio bizkaitar, nafar edo gipuzkoar izatea? Albisuk, nola ez, lasaitasunez hartu du egoera. «Nabaritzen dut nigan itxaropena jarria dutela batzuk. Ez da presioa, niretzat motibazioa da. Gainera, gazte mailetan gipuzkoar onak datoz». Herriko kutun izatea, baina, logikoagoa da. «Bai, bai... herria bero-bero dago. Kuadrilkakoak-eta finalerako bidaia antolatzen ari dira. Bi autobus bete dira, eta hirugarrena antolatzekotan daude». Ez dago esan beharrik ere arazo handirik gabe banatu zituela enpresak emaniko 200 sarrerak —Ataunek 1.600 biztanle ditu— .

Finala burutik aldentzeko, Lareoko zingiran aurkitzen du babeslekua. Ataunen bertan du paseodromo kutuna. Ehiza ere gustuko du, eta herrian ehiztari kuadrilla du. «Baina aurten ezin izan naiz joan; txapelketa badakizu». Txapelketan, gainera, behar izan du patxada, gorabeheratsua izan baita. «Argi dago txapelketa hain luzea izateak mesede egin digula. Hamalau partidako ligaxka izan ez balitz, aspaldi geunden etxean, lan txarra egin dugula entzunez».

Estatistika gordina da, 17 partida jokatu eta zortzi bakarrik irabazita justua al da finalean sartzea? Ondo daki nola erantzun. «Justua izan edo ez, denek genituen aukera berberak. Gu sartu bagara, besteek ez zuten gehiago mereziko». Eta behin hasita, finala? «Haiek dira faboritoak, bikote erregularrena dira, baina guk gurea ematen badugu irabaz dezakegula erakutsi dugu». Finaleko gakoa bere jarduna izango dela nabaritzen hasia dela dirudi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.