Aske Gunea. Lehenengo urteurrena

Pauso bat, auzolanean emana

Etzi da urtebete Ertzaintzak Donostiako Aske Guneko gazteak eraman zituela 'herri harresitik'. Beste pauso bat eman nahi dute orain, arloz arlo, 'Euskal Herri librea' eraikitzeko tresna bihurtzeko desobedientzia.

Hodei Iruretagoiena.
2014ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Lehen beste asko bezala, espetxean bukatzeko arriskuan zeuden, eta pauso bat eman behar zutela erabaki zuten. Pauso bat konpromisora. Erantzun egin zuten herritarrek, ez zituzten bakarrik utzi. Atxiloketen aurka, eta eskubide zibil eta politikoen alde, mugarri bat eraiki zuten denen artean Donostiako Bulebarrean. Auzolanean, desobedientziatik. Etzi da urtebete Ertzaintzak Aske Gunea indarrez desegin eta zigortutako gazteak eraman zituela, eta aurrera begiratzeko baliatu dute Donostian urteurrena. Beste pauso bat eman dute hasitako bidean. «Herritar librez osatutako Euskal Herri libre» batera.

«Aldaketa nabarmenena hor egon zen. Erabaki genuen jendeari eskatu egingo geniola: 'Eseri gure ondoan, eta ez nazazu aska'», dio Beñat Apalategi gazteak. Jendearen gogoan geratu da irudi hori: herritarrak zigortuen ondoan eserita, elkarri besotik helduta, askatu gabe. Eta Ertzaintza edo Espainiako Polizia indarka, herri harresia zulatzen, atxilotu beharreko gazteenagana iritsi eta espetxera eramateko.

Baina hori baino sakonagoa izan zen hura eragin zuena, Apalategiren ustez. Emaitza baino garrantzitsuagoa izan zen, hamar egunetan, hori gauzatzeko egindako bidea: «Herri harresiak eduki zuen zentralitate mediatikoa, baina egun horietan sortu zena, politikoki nahiz pertsona moduan, askoz ere garrantzitsuagoa da. Zergatik? Jendearen konpromisoak, jendearen iniziatibak eraiki zuelako».

Iazko apirilean, Espainiako Auzitegi Nazionalak Donostiako hamabost gazteri jarritako zigorraberrikusi zuen Auzitegi Gorenak. Segiko kide izatea leporatzen zieten. Horien artean zegoen Apalategi, gero absolbitu zuten arren. Azkenean, eraman egin zituzten Ekaitz Ibero —aurretik jasotako zigor batengatik—, Imanol Vicente, Nahikari Otaegi, Ekaitz Ezkerra, Adur Fernandez, Oier Lorente, Mikel Arretxe, Egoi Alberdi eta Aitor Olaizola.

Baina izan zen «inflexio puntu bat» eskubide zibil eta politikoen aldeko borrokan, Apalategiren hitzetan: «Izan zelako herritarra, parte hartzailea, auzolanean eraikia eta, gainera, konpromisoz betea». Horrela egin zuten dena: egitaraua, janaria, komunikazioa, azpiegitura, zaintza lana...

Hilabete asko zeramaten hura prestatzen. «Mila bilera» egin zituzten, planteamendu orokorra adosteko. Erabakia zuten, adibidez, jendearen babesean pasatuko zutela eguna, eta hala joango zirela gauez etxera ere. «Garai politiko horretan, ikusten genuen [Espainiako] Estatuak ez zuela bilatzen atxiloketak gauez egitea. Lehen ez zuen inolako arazorik, baina garaiak aldatu ahala, bazituen konplexu batzuk. Hori esan genuen: gure bila badatoz, etor daitezela gauez, eta izan daitezela beraiek beste garai batean kokatzen direnak». Horrekin asmatu zutela uste du. Izan ere, atxilotze aginduaren berri hilaren 16an izan bazuten ere, bezperatik gutxienez emana zegoen agindua. Eta ez ziren beren bila joan.

Behin agindu hori emanda, denak batera egotea eta jendeari beraiek babesteko eskatzea zuten erabakia. «Gaur egun oso arrunta, naturala den planteamendua, martzianada handi xamarra zen orduan. Jendea prest egongo da? Ez gara ari gehiegi eskatzen? Konplexu asko genituen». Baina eskatu zuten, eta bai jaso ere.

Zalantza eta konplexu guztiak gainditu zituen jendeak. «Beharra bazegoen; jendeak erantzun nahi zuen. Guk egin genuena izan zen aukera ematea jendeari. Gizartean ez badago behar bat, ez badago neke bat, jendea kokoteraino ez badago, oso ondo egin ditzakezu gauzak, baina jendeak ez du erantzungo».

«Molde berri bat»

Horiek izan ziren Donostiako Aske Gunearen oinarriak Apalategiren ustez, beste hamaika faktorek ere eragin arren. Unean- unean, modu kolektiboan hartutako erabakiek ekarri zuten hasierako planteamenduaren garapena. «Ez zen hutsetik abiatzen, baina aurrera eramateko orduan, ia dena izan zen inprobisatua».

Komunikazioa izan zen gehien aipatu zenetako bat. Unean uneko bilakaeraren ondorio izan zen hori ere. «Hasieran ez geneukan planteamendu komunikatiborik. Gero etorri zen jendea, eta beraien artean osatu zuten. Hor ikusi zen iniziatiba hartu beharra zegoela». Komunikabide nagusien aldetik «boikot izugarria» zegoela ikusi zuten, «erridikulua bihurtzeraino». EITBrena, adibidez. «Erabakiekin asmatu zen: zuk zabaltzea, besteen zain egon gabe. Hemengo eta estatu mailako komunikabideen jarrera ikusita, guk jo genuen atzerrikoengana». Puxika laranjaren irudia, protagonismoa auzipetuengandik herriterrengana pasatzea, haien egoera transmititzea ahaztu gabe, sare sozialak erabiltzeko modua... Ohartzerako, Donostiara begira zeuden begi guztiak.

Geroztik, hainbat alditan errepikatu da herri harresiaren irudia, lekuan leku egokituta: Ondarroan, Iruñean, Gasteizen... «Desobedientzia da tresna, eta gero bakoitzak ematen dio forma». Hori izan da esperientzia hark utzitako oinarria: «funtzionatzen duen molde berri bat» ematea. «Agian, etorkizunean molde berriak planteatu beharko dira, hau ere agortua egon baitaiteke, estatuak ere egokitzen baititu errepresio moldeak. Baina geure buruari erakutsi diogu baliagarria izan daitekeela, estatu baten dinamika baldintzatzera irits gaitezkeela».

Moldeagatik ez ezik, politikoki ere utzi ditu ondorioak. Deigarria izan zen askorentzat Aske Gunetik EAJri egindako gonbidapena, herri harresira batzeko eskatuz. «Badakigu EAJren oinarri soziala epaiketa politikoak gelditzearen alde dagoela, eta, gure ustez, bere oinarri sozialari erantzun behar dio alderdi politiko batek, ez goikoen interesari». Hor dago aldea, Apalategiren hitzetan. «Oso argi geratu da nor doan ontzi honetan, eta nor ez. Atxikimendua eskatzen genuen lehen, eta konpromisoa orain».

«Eraikitzeko tresna»

«Ontzian» doazenekin egin nahi dute aurrera orain, beste urrats bat eginda. Konpromisorakoa egin zuten lehen, eta konpromisotik desobedientziara egin nahi dute orain. Libre Topaketak antolatu zituzten joan den larunbatean, ideia horretan sakontzeko. «Orain arte desobedientzia erabili da zigorrei erantzuteko tresna gisa», dio Asier Colomak, gazte mugimenduaren aurkako 26/11 sumarioan auzipetuak. «Lortu dena ez da gutxi: atxiloketa horiek ikusaraztea. Baina ikusi dugu beste zenbait eremutan ere ari direla desobedientzia erabiltzen: etxe desjabetzeen aurrean, banderen auzian, LOMCEren aurka, abortuaren inguruan...».

Hutsune bat ikusi zuten hor, sakondu beharreko bide bat. «Uste dugu esperientzia guztiak bateratu eta denen artean hausnarketa bat egin behar dela, oinarriak badaudelako. Epaiketen kasuan bezala, beste hainbat eremutan ere badago erantzuteko nahia, eta jendeari esparru bat eman behar zaio horretarako».

Herritar libreak, Euskal Herri libre batean. Hori da dinamikaren leloetako bat, eta epaiketen eremua gainditzen du horrek. «Elikatu egin behar da konfrontazio demokratiko hori, Madrildik eta Paristik datozen erabakiei aurre egiteko, eskura dauzkagun tresnekin. Desobedientzia askotan ulertzen da erresistentzia tresna bezala, eta ulertu behar da ofentsiba bezala ere. Desobedientzia da, daukagun tresnarik eraginkorrena baino, tresnarik ezinbestekoena, etorkizunean nahi dugun Euskal Herria eraikitzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.