Txirrindularitza. Euskal Herriko Itzulia: eta orain zer?

Zelai erditik, eraikuntza lanetan

Etorkizuna eraikitzeko lan zailean, familiaren eraikuntza enpresa batean ari da lanean Allan Davis, Australian. Futbolean askatzen du barrua, erdilari postuan, Bingera taldean.

unai zubeldia
2014ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
«Erdilari postuan aritzen naiz». Atzelariei eta aurrelariei trabarik ez egiteko? «Ez, ez! Korrika asko egiteko». Umetatik datorkio Allan Davisi (Ipswich, Australia, 1980) futbolerako zaletasuna. «Futbolean ibili nintzen txirrindularitzari heldu aurretik, eta ostikoka hasi naiz berriz». Australiako talde batean ari da. «Eta hirugarren goaz!». Taldearen izena aipatu aurretik eman du datua. «Derbia daukagu, asteburuan, bigarrenaren aurka. Aurre hartuko diegu irabaziz gero». Gaur-gaurkoz hori da mundua alde batera edo bestera mugitzeko gakoa. Kirolari sena galdu gabe, pasioz hartzen du futbola. «Australian indartzen ari da, pixkanaka-pixkanaka». Bingera da taldearen izena. 1921ean sortutako kluba da.

«Gozatzen ari naiz kirol ezberdinak eginez, eta, dagoeneko sei bat kilo hartu ditudan arren, sasoi puntuari eusteko ona da kirol pixka bat egitea». Serio samar hartu duelako kontua. «Pare bat aldiz entrenatzen dugu aste barruan, eta partida izaten dugu gero asteburuetan». Ikusle kontuekin arrakasta handirik ez dute izaten. «Jende gutxi etortzen da partidak ikustera», argitu du, barrez. Baina berdin-berdin gozatzen du Bingerako lagun taldeak.

Deskribapena egiten hasita, «erdi australiarra, erdi euskalduna» da Davis. «Australian bizi naiz orain, Bundabergen». Queenslanden. Australia ipar-ekialdean. Brisbanetik, herrialdeko hirugarren hiriburu nagusitik, 385 bat kilometrora. Baina Oiartzunen ere badauka etxea. Hain zuzen ere, Euskal Herrian dago, orain, neska-laguna, Maite. «Lau bat hilabete igaro ditu hemen, nirekin, eta duela astebete joan zen hara». Ondo bidean, «hilabete barru-edo» itzuliko da Maite Bundabergera. Davisek bi seme eduki zituen aurreko harreman batean: Harrison eta Brooklyn. Eta maiatzean urtea beteko du Maiterekin izandako alabak, Clairrek. Horrek ere lagundu dio azken urteotako bizimodu gorabeheratsua egonkortzen.

«Lan kontuak direla tarteko etorri naiz Euskal Herritik Australiara». Bizikleta gaineko batetik besterako joan-etorrian, orain 12-13 iritsi zen Allan Davis Euskal Herrira, «Oiartzunera», eta ia-ia bertako sentitzen da orain. «Gustatuko litzaidake hara itzultzea, bai, baina, lan kontuak direla tarteko, oraingoz gustura nago Australian». Familia giroan, eraikuntza enpresa batean ari da orain lanean. «05:40an jaikitzen naiz, eta 17:00-17:30 aldera itzultzen etxera, lanetik». Etxeko kontuak, futbola, atsedena… Nahikoa beteta edukitzen du eguna. Begira-begira jarrita ere ideiarik ez dauka etorkizunak zer eskainiko dion. «Ezingo nizuke esan pare bat hilabete barru zertan ariko naizen».

Gustura egingo luke toki txiki bat txirrindularitza munduan. «Txirrindulari gisa, azkenean, ezinezkoa izan dudanez, zuzendari, laguntzaile edo dena delako postuan». Baina zail dago egoera. «Ate guztiak itxi zaizkit, eta horregatik hartu dut beste bide bat». Oraingoz. «Zoratzen» murgilduko litzateke zuzendari lanean. «Txirrindularitza izan delako nire bizitza, eta nire bizimoduko esperientzia gehienak txirrindularitzari lotutakoak direlako». 2002an egin zuen debuta profesionaletan, Mapei taldearekin. Eta ONCE (2004), Liberty (2004-2006), Discovery Channel (2007), Quick Step (2008-2009), Astana (2010-2011) eta Orica-Greenedge (2012-2013) igaro zituen gero. Palmaresari begiratuta, badauzka garaipen polit batzuk: Down Under itzulia irabazi zuen 2009an, eta bi besoak altxatuta dago Kataluniako Voltan, Alemaniako Itzulian, Beneluxekoan, Polonian, Mallorcan, Sarthen, 2010ean hirugarren izan zen Munduko Txapelketako errepideko proban, podiumera igota dago Milan-San Remon, Vattenfall Cyclassicsen, Paris-Toursen eta Paris-Bruselan…

Australiatik Itzuliari begira

Urrutitik ari zaio kasu egiten orain Euskal Herriko Itzuliari. «Goizero begiratzen dut etapa bakoitzean zer gertatu den. Oso oroitzapen onak dauzkat». Egia da gehiegitan ere ez zuela parte hartu berak. «Manolorekin [Manolo Saiz, ONCE eta Libertyko zuzendaria] klasikoetara joatea tokatzen zitzaidalako gehiago». Pena txiki bat badauka: «Asko gustatzen zaidalako lasterketa hori, eta sasoi onean nengoenean emaitza onak lor nitzakeela uste dudalako». Asteazkenean Gasteizen amaitu zen etapa aipatuta, berehala etorri zaizkio burura, bera Orica Greenedgen bertan zela, Daryl Impeyk azken bi urteetan lortu zituen garaipenak.

Allan Davisek txoko txiki bat aurkitu du Euskal Herrian. «Horretan asko lagundu zidaten zaleek». Esker on hitzak besterik ez dauzka zale horientzat. «Eskerrik asko, benetan, urte hauetan eman didazuen babesagatik, eta segi, orain arte bezala, txirrindularitza babesten». Bi pedalen kirola «garai zailak» igarotzen ari dela onartu du australiarrak. «Baina emango diogu buelta horri ere». Bestela ezin eta, Euskal Herria goratuz amaitu du Davisek hausnarketa. «Txirrindulari profesionala izateko lekurik ederrenetakoa da Euskal Herria».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.