Samuel Sanchez. Euskaltel-Euskadiko txirrindularia

«Amorrazioz, irten izan zait malkoren bat edo beste»

Hamalaugarren denboraldiari ekin dio Samuel Sanchezek Euskaltel-Euskadi berrian. «Osasunez ondo egotea» eskatu dio urteari, eta Giroa dauka, oraingoz, jomugan.

unai zubeldia
Vila Joiosa
2013ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gosari, entrenamendu, askari, masaje, afari eta gainerakoen artean, kazetariei ere leku berezia egin behar izaten die Samuel Sanchezek (Oviedo, Espainia, 1978). Hala gertatu da Vila Joiosako egonaldian ere (Alacant, Herrialde Katalanak). Italiako Giroa buruan duela, lasai ekin dio espainiarrak hamalaugarren denboraldiari. Atzerritarrak ondo egokitzen ari direla aitortuta, denboraldi oparoa espero du.

Lehiaketa egun batzuk egunotako entrenamenduak baino samurragoak izango dira, ziurrenik. Egur handi samarra hartzen ari zarete, ezta?

Bai... Bost bat orduko entrenamenduak egiten ari gara, eta ez da batere erosoa izaten ari, haizeak gogor jotzen duelako hemen. Hamahiru urte daramatzat denboraldi-aurrean Benidorm aldera etorriz, eta inoiz ez nuen izan hainbesteko haizeterik. Pedalei gogor eraginda ere, zaila da aurrera egitea. Baldintza horietan, pixkanaka nabaritu egiten da nekea.

Fitxaketek eraginda, desberdina ari da izaten denboraldi-aurre hau. Norbaitek harritu al zaitu bereziki?

Tarikek, agian, pixka bat [Tarik Chaufi]. Ikusi egin nahi genuen gure ondoan zer moduz moldatzen zen, eta harrituta geratzen ari gara. Lehen aldiz hartu du, adibidez, erlojupekoko bizikleta, eta uste baino hobeto ari da lanean. Denbora eman behar zaio, erabat ezberdinak direlako berak orain arte bizi izan duen txirrindularitza eta hemengoa. Beretzat, handia da maila gorenera iristea. Futbolean, Hirugarren Mailako jokalari bat Lehen Mailara igotzearen parekoa da Tariki gertatu zaiona.

Hamalaugarren denboraldiari ekinda, egutegia aldatu egin duzue pixka bat; Girora joango zara aurten. Berritasunen bat behar zenuen?

Ez nuke esango aldaketa behar nuenik. Inondik inora ez nuen esan Tourrera joan nahi ez nuenik, motibaziorik ez neukanik. Igorrek [Igor Gonzalez de Galdeano] eta biok ondo aztertu genuen dena: denboraldia, puntuak, ni ondoan eduki gabe gazteek eman beharreko pausoa... Horregatik erabaki genuen interesgarria izan zitekeela Girora joatea, lan ona egin, etaparen bat irabazita hiru handietan garaipena eskuratu, eta podiumera igotzen saiatuta puntu mordoa eskuratzeko. Gero ikusiko dugu bigarren zatiari nola aurre egin, nahiz eta oraindik ez diodan uko egin Tourrari.

Tourra edo Vuelta. Giroko lanaren arabera erabakiko duzue, beraz?

Gorputzak neke handia pilatzen du hiru asteko itzuli batean; amaitzen duzun edo ez, psikologikoki nola zauden, hilabete eskasean beste itzuli handi bati ekiteko gogotsu zauden edo atsedena behar duzun... den-dena aztertu behar da. Oso goiz da oraindik.

Puntuen sistema asko ari da aldatzen txirrindularien prestaketa.

Zalantzarik gabe. Down Underrera talde guztiek eraman dute bloke indartsua; Txinara, Montrealera... leku guztietara lehiatzera joaten dira denak; lehen ez bezala, orain ez du balio leku batzuetara prestatzera joateak. Urrearen balioa daukate puntu guztiek.

Nahitaez emaitzak lortu behar horrek ezinegon pixka bat sortuko dio, bada, txirrindulariari, ezta?

Bai, baina liderrak erantzuten badu, puntu horiekin eginda dago bidearen zatirik handiena. Nire puntuen arabera, taldea World Tourrekoa izango zen edo ez. Nirekin, World Tourrekoa izango zen, eta ni beste talderen batera joanez gero, ez, fitxatzen zutena fitxatzen zutela ere. Jendeak ondo lan egiten badu, lanpostuari eutsiko dio, taldeburuak erantzun, eta beharrezkoa den puntu kopurua eskuratuko dutelako.

Taldearen ikurretako bat bihurtu zara, baina une oro ondo erantzun beharra eskatzen du horrek. Nola barneratzen da presio hori?

Nik neuk asko eskatzen diot neure buruari; lehiakorra naiz, izatez. Ikaragarri gustatzen zait egiten dudana, eta, umetatik, irabazteko helburuarekin igo izan naiz beti bizikleta gainera. Nire izaeraren funtsezko zatia da irabazteko helburuarekin lehiatzea.

Igor Gonzalez de Galdeanok sarritan aipatu izan du beti nahi izaten duzula gehiago; Tourrera etapa bila joan,eta zuk sailkapen nagusiari begiratu nahi izaten diozula. Beti gehiago.

Bai... 2010eko Tourrean Igorri podiuma lortu nahi nuela esan nionean, burutik ideia hori kendu nahi izan zidan berak, baina azken unera arte podiumean egon nintzen. Gerora, beste arrazoi batzuengatik, hirugarren amaitu nuen, baina Denis Mentxovek kendu zidan berez postu hori, azken erlojupekoan lan harrigarria eginda. Sailkapen nagusia buruan neukala joan nintzen Tour hartara, ondo prestatuta nengoelako. Banekien sailkapen nagusirako indartsu egonda, lan horren ondorioa izango zela etapa garaipena. Bi aldiz uste dut geratu nintzela bigarren; gertu ibili ginen.

Wigginsekin eta Skyrekin, batetik, eta italiarrek lehiatzeko daukaten moduarekin, bestetik; ez da erraza izango Giroan zeresana ematea.

Giroa desberdina da; Giroa ez da Tourra. Italiarrak desberdin lehiatzen dira Giroan eta Tourrean. Euren lasterketa da, oso talde lehiakorrek parte hartzen dute, egun jakin batean bat egin eta arerio indartsu bihurtzeko gai dira, edozein unetan dena hankaz gora jar dezakete... Dena da desberdina, eta horregatik joan nahi dut hara, hango eromenagatik, ordenaren barruko desordenagatik.

Giroan, Florentziako etapan, Munduko Txapelketako zirkuitua bertatik bertara ezagutzeko aukera izango duzue. Munduko Txapelketari ere begiratuko zenion honezkero...

Ibilbidea gogorra den guztietan edukitzen dut Munduko Txapelketa buruan, baina, hori bai, ondo prestatuta egotearen baldintzarekin. Baina ikusiko dugu. Oso urruti dago oraindik iraila-urria.

Zer dauka Samuel Sanchez honek Euskal Herrira gazte-gazterik iritsi zen hark ez zeukana? Eta mutiko hark zeukan zer galdu du egungoak?

Eskarmentua daukat orain, egonkortasuna, esperientzia, une bakoitzean zer egin behar den jakite hori. Orain badakit nire momentuaren zain egoten. Gaztetan, mundua jan beharrean ibiltzen zara, asko lehiatzen duzu, akats asko egiten dituzu... Baina hori da ikasteko bide bakarra. Egindako akatsetatik ikasi eta ez errepikatzea da gakoa. Elitean iraun dutazken sei-zazpi urteotan, eta oso zaila da hori. Iraunkortasun hori falta zitzaidan lehen.

Urte asko daramatzazu jada Euskal Herrian. Euskaraz txukun samar moldatuko zara honezkero, ezta?

Hamazazpi urte daramatzat jada Euskal Herrian, bizitza erdia, eta, egoeraren arabera, ulertzeko gai banaiz, behintzat. Telebista piztu,eta ez naiz gai politikarien hitzaldiak ulertzeko. Baina lasterketan euskaraz hitz egiten dutenean, gehiena ulertzen diet. «Mendate hasiera»; «Kontuz, bihurgunea eskuinera»; «Ezkerrera»; «Ur bidoiak jasotzera jaitsi»... Euskaldunetik erdia baino gehiago daukadala esango nuke, behia ez delako jaiotzen den lekukoa izaten, hazten den lekukoa baizik. Jubeniletatik afizionatuetara igaro nintzenetik, Euskal Herrian hazi naiz pertsona eta kirolari gisa. Gueñes da nire ingurua, han dauzkat lagunak, familia, momentuak, sustraiak.

Hizkuntza aipatuta, fitxaketekin asko aldatu al da taldearen egitura?

Aldatu da, bai. UCI World Tourrean, beste txirrindulariren batekin hitz egin nahi baduzu, behartuta zaude ingelesa, frantsesa edo italiera erabiltzera. Eta, tira, denontzat da mesedegarria hizkuntzak jakitea, inori ez diolako kalterik egiten. Bi alemaniarrek ingelesez hitz egiten dute, eta Robert Vrecer italieraz aritzen da, baina ahalegin ikaragarria egiten ari da gaztelania ikasteko. Ioannisi [Tamuridis] buruz, berriz, zer esan! Italieraz, ingelesez, gaztelaniaz... nahi duen hizkuntzan hitz egiten du horrek, eta Serebriakovek ere bai. Tarik-i kostako zaio gehien, baina ari da ikasten hura ere.

Txirrindulariek egun asko igarotzen dituzue etxetik kanpo, eta etxeko txikia ari da, pixkanaka, koskortzen. Ez al da kexatzen?

Unai orain hasi da kexatzen. Lau urtean lehen aldiz deitu dit aurten negarrez, etxera noiz joango naizen galdezka. Gogorra da. Lehen, deitzen nuen bakoitzean, ez zuen nirekin hitz egin nahi izaten, baina hasi da egoeraz jabetzen. Hala ere, kirolariak aurre egin behar die horrelako egoerei ere, eta pixkanaka joango gara ohitzen.

Negar asko egin al duzu bizikleta gainean?

Pixka bat, bai. Ez naiz negar asko egitekoa, baina amorrazioz edo ezintasunez irten izan zait malkoren bat edo beste. Amorru handia ematen du hainbeste lan egin ondoren, erorketa batek dena hankaz gora jartzeak.

Hamalau urteotan izan duzun momenturik gogorrena?

Amaren heriotza, zalantzarik gabe. Lehen urtea nuen profesionaletan, eta oso gogorra izan zen momentu hura; 44 urte zeuzkan amak, oso gaztea nintzen ni, eta uste dut txirrindularitzari esker lortu nuela egoera hari aurre egitea. Inori ez diot opa horrelako kolperik, baina are indartsuago bihurtu ninduen bizitzaren lezio hark. Kirol arloan, berriz, Frantziako Tourreko podiuma galdu nuenekoa; Tourrean, bi aldiz, gaixorik etxerako bidea hartu behar izan nuenekoa; iaz, Kataluniako Voltan, hotz izugarria pasa genuenekoa...

Hala ere, onetik ere dezente izaten ari zara zu...

Euskal Herriko Itzulia irabaztea izan zen politenetakoa, askatasun handia sentitu nuelako, pisu handia kendu nuelako; Olinpiar Jokoetako urrezko domina; Tourreko mendiko maillota; Luz Ardideneko etapa garaipena... Garaipen bakoitza oso berezia da, istorio bat dagoelako atzean. Samueli dagokionez, berriz, ezkontzea, familia osatzea, haurrak edukitzea... Hori izan da onena.

Arantzaren bat badaukazu barruraino sartuta?

Beti egoten da baten bat, bai. Lombardiako Giroko garaipenak ihes egiten dit beti; Munduko Txapelketa bera... Baina pixkanaka joango gara helburuak betetzen.

Armstrongek ere hitz egin du. Zer daukazu esateko gai horri buruz?

Momentu zaila da kirol munduarentzat; ez txirrindularitzarentzat bakarrik. Marion Jones, Andre Agassi, Johann Muhlegg... kirolari askok eman izan dute positibo. Informazio tsunamia jasaten ari gara orain Armstrongekin, baina hau ere pasatuko da, ahaztuko zaigu, eta egingo dugu aurrera. Iraganeko kontuak dira horiek, eta ezin gara egon atzera begira. Etorkizuna dago gure esku. Jendea oso nekatuta dago kontu horiekin. Kirol ikuskizuna nahi dute zaleek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.