Alvaro Bilbao. Gipuzkoa Basketeko presidentea

«Ez gara lehiatu beste talde batzuen baldintza berberetan»

Lagun Aro, oraingoz, «LEBen dagoen ACBko taldea» dela dio, eta aho bizarrik gabe onartu ditu eginiko hutsak; halere, ekainaren 15era arte ez du etorkizunari buruz espekulatu nahi.

Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2013ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Illunbeko pabiloiko prentsa aretoan loreak bota dizkio Lagun Aro azken lau urteetako babesleari. «Gela hau beraiek diseinatu eta egokitu ziguten. Babesle bikaina izan da». Alvaro Bilbaok (Bilbo, 1972) lehen urte gogorra izan du postuan, eta autokritika egin du. Hori bai, mezu bat utzi nahi izan du: «Jar ezazu liga ez dela bukatu; bihar [gaur] Bartzelona dator, jokalariz urri gabiltza, eta jendea animatzera etor dadila».

Zer moduzkoak izan dira maila jaitsi osteko egunak?

Oso tristeak. Maila jaitsiera iritsiko zela jakiteak ez du mina arintzen. 11 urte dituen egitasmo bat da hau, finkatzen ari zena, Eurokoparekin maila kualitatibo bat emateko zorian zena...

Gauzak gaizki egin dituzuela onartu duzu.

Argi dago hori. Eman dugun mailarekin ezin gara pozik egon. Ezin dugu geure burua ezkutatu. Hainbat kontuk ez dute ahalbidetu maila hori ematea. Baina, tira, anbizioa dugunez, ahalik eta bizkorrena ikasi nahi dugu.

Zein kontu, adibidez?

Erakunde publikoekin garaiz negoziatu izana, haien erantzuna zein izango zen garaiz jakiteko. Gauza batzuk, agian, goizegi jo genituen ziurtzat.

Gauza oker hasi zen: Sito Alonsoren zalantzak, Eurokopari uko...

Ez, okertu egin zen, baina okertu zen arte zuzen zihoan. Gu iragan denboraldiko kirol arrakasta kudeatzen ari ginen, Eurokopan jokatzeko talde bat osatzen, eta gure bidea hasita genuenean okertu egin ziguten.

Garai haietan izen handiak irteten ziren, besteak beste, Salah Mejri, ligan ezustekoa eman duen pibota.

Webguneetan askotan ez dute benetako informazioa erabiltzen, baina bai gertukoa. Ez jokalari hori bakarrik, Berni Rodriguez ere gertu zegoen, Nacho Martinekin hizketan hasiak ginen...

Dirurik gabe zaila da merkatuan sartzea, eta zuek aurreko urtean baino bi milioi euro gutxiago zenituzten.

Diruak dena baldintzatzen du. Ez da arrakastaren bermea, baina gerturatzen laguntzen du. Dirurik gabe, irudimena behar duzu.

Mailari eusteko taldea bazegoen?

Arazoei aurre eginda ere, bai.

Lehen urtea karguan, eta oso gogorra. Jakin izan bazenuen...

Ez zegoen jende ilararik presidente izateko, eta hori aurreko sasoia ona izan zela... Niri gertatu zait, baina batzordeko beste edozeini gerta ziezaiokeen.

Zorpetzearen tentaziorik izan al zenuten? Ez zineten bakarrak izango.

Inoiz ez. Garbi daukat. Sasoi honetan kontzeptu berria darabilgu: finantza dopina. Gu joan den udan zorpetu izan bagina, ez dakit zer pasatuko zen kirol mailan; agian, gorago geundeke. Ziur asko, Eurokopan lehiatu ahal izango ginen, baina argi dut garai honetan lehiatzen utziko ez ligukeen zorra izango genukeela. Eta gauza bat argi dut, orain ez dakit zein probabilitate dugun hurrengo urtean ACBn jokatzeko, baina zorpetu izan bagina, ezta bat ere.

Garai batean esaten zen ACBko zazpi taldek zeuzkatela bakarrik egunean ordainketak.

Egunean egotearena argitu egin behar da, ikusteko dagoelako zein parametro sartzen dituzun hor. Guk ekonomia ordenatua dugu, eta horrek ez du esan nahi hilabete guztietan %100 egunean dauzkagunik. Baina ez dugu zorrik aurreko sasoitik, bada zerbait, eta beti bukatu izan dugu sasoia zor txikiren batekin, baina hurrengo sasoiko lehen diru sarrerekin zuzendu dugu.Gure filosofia kontuak orekatzea da, eta hala jarraituko dugu. Hainbat talde daude egoera ekonomiko oso delikatuan, baina garai hauetan nik uste dut erakundeak ez daudela kudeaketa txarraren ondorioak konpontzeko. Diru publikoak kudeaketa onaren lagun izan behar du, ez ordezko.

Erakundeen babesa diozu, nola? Aldundiak atea itxi zizuen iaz.

Nik sinesten dut erakundeen babesean. Babesa modu askotara etor daiteke. Baina gauza bat eskatu diegu, ahalik eta goizen zehazteko zenbateko laguntza izango den, ekainean erabaki garrantzitsuak hartu behar ditugu.

Herritarrak agian pentsatuko du diru publikoa beste zerbaiterako dagoela. Bilbo Basketek jasotako laguntzak iskanbila handia jaso zuen.

Ez dut gehiago baloratuko Bizkaiko aldundiak Bilbo Basketik emaniko dirua, eurek jakingo dute zein den euren harremana. Nik uste dut diru laguntza publikoa ez dela inoiz ondo ikusia izan, eta, egoera txarra bada, min handiagoa ematen du. Baina, tira, talde batek lurraldeari itzultzen dionaere neurtu behar da: zergak, gastuak, ostalaritza... Hiru euskal jokalari ditugu; bada, beste guztien ordainketak kenduta, guk gure gastu guztia etxeko enpresetan egiten dugu.

Eta zergen dirua.

Hemen ordaintzen ditugu zorrak. Urte bukaeran, BEZa eta PFEZa dela, zerga asko pagatzen ditugu.

Zenbat?

Azken urteetan, aurrekontuaren arabera, 800.000 eta 1,2 milioi euro artean ordaindu ditugu urtero. Aldundiaren diru laguntza zuzenean doa Ogasunera.

Lagun Aro badoa, babeslea bilatu behar. Zenbat balio du elastikoak?

Erronka garrantzitsuena da. Balioa? Ordaindu nahi dizutena; tamalez, ez ditugu lau edo bost babesle ate-joka. Guk egitasmo ganorazkoa saltzen dugu, eta balio bat duela uste dugu. Babeslearekin dugun harremanak, gainera, izenetik haratago joan behar du; Lagun Aroren kasua bikaina izan da, mezenas bat baino gehiago.

Ekainaren 15ean amaitzen da LEB ligatik igotzen diren taldeek gutxieneko baldintzak betetzeko duten epea. Zein da zure susmoa?

Ez dakit. Errespetu falta iruditzen zait LEBeko beste talde batzuen ahalarekin espekulatzea, eta «hemen nago eta ACBn jokatu nahi dut» esan dezaketen epaitzea. Niretzat, ez litzateke ustekabekoa izango igotzen diren bi taldeek ACBn tokia lortzea. Hori esanda, gerta daiteke ACBk gelditzeko gonbita egitea ere.

ACBko tokia sal dezaketen taldeak badaudela dirudi...

Bulegoetan lan egiteko garaia ekainaren 15aren aurretik iritsiko da. Plaza erostea bes0te talde bati ematea da, baina ACBrekin akordio bat egin behar duzu ligak kanonaren zati bat gal ez dezan. Oraindik ezin dugu ACBrekin balizko itzulera bat eztabaidatu.

ACBn egotea garestia da.

Oso, bost milioi eta aurrekontua aparte. Hiru milioiko kanona eta jaitsierak kudeatzeko bi, eta aurrekontua, alegia, zortzi bat milioi euro. Hori bai, jaitsiz gero bi milioi berreskuratuko genituzke.

ACBn jarraitzeko zein aukera du Lagun Arok. Batez beste?

%50? Bada, ez dakit, ez dudalako ez baiezkoaren ez ezezkoaren alde egiten. Ez dakit.

Liga dagoen egoeran justua al da ekonomikoki ondo dagoen talde bat jaistea?

Ez. Justua da kirolean jaistea merezi duen talde bat jaistea. Justua ez da, ordea, beste talde batzuen baldintza berberetan ez lehiatzea. Guk ez dugu esaten «denak balio du». Hitzartuta genituen fitxaketei euts geniezaiekeen, eta gero, aukeren arabera, ordaindu, edo ez ordaindu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.