Futbola. San Mamesen agurra

Ongi etorriak katedral berrira

Athleticek Europa mailako finalak hartu ahal izango dituen 53.000 ikuslerentzako estadioa estreinatuko du irailean, baina lanak oraindik ezin dira bukatu, eta ia bi urte beharko dituzte estadioa erabat amaitzeko.

Imanol Magro Eizmendi.
2013ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Katedral berria izango da, Ibaizabalari begira eta zaharraren alboan. Katedral petoa, gainera, beira leiho eta guzti, estalki zuria kristal itxurazkoa baitu. Lehoien, eta zaleen, orroa irailean iritsiko da San Mames berrira, baina estreinua ez da erabatekoa izango, beste urte eta erdi inguru beharko delako lanak erabat bukatzeko. Horrelako gutizia batek, edo behar batek, baina, eztabaidasortu du, lurrak eta baimenak barne 211 milioi euroko egitasmoa —hasieran aurkezturiko aurrekontuaren kopurua— krisi garaian bideratzea lotsagarria denik pentsatzen duenik badagoelako. Are gehiago aurrekontuaren %53 diru publikoarekin ordainduko denean.

Athleticen estadio berriaren egitasmoa 2000. urtean hasi zen, Javier Uria presidente zeneko garaian. Lehen pausoak, baina, 2004an eman ziren, Barakaldoko BEC erakustazokak Bilboko erakustazoka erabilerarik gabe utzi zuenean. Taldeak estadio berria hiriaren barnean nahi zuen, kanpora joan gabe, eta zelai zaharraren alboan horrelako orube bat izateak martxan jarri zuen makineria. Bilboko Udalak hasieratik eman zion babesa egitasmoari, eta lursaila birkalifikatu zuen bertan estadio berria eta EHUko Ingeniaritza Fakultate berria eraikitzeko.

Lursaila aurkitzea zen arazorik handiena, eta behin hori konponduta, egitasmoa babesteko bazkideak aurkitu behar ziren. Athleticek hazteko nahi zuen estadioa, San Mames zaharreko 40.000 eserlekuak atzean utzi eta jauzi kualitatiboa egitea zen asmoa. Hainbat proiektu alboratu ondoren, tartean Santiago Calatrava arkitektu ezagunaren bat, azkenean, Cesar Azkarate arkitektu bilbotar eta ACXT-Idom etxearen egitasmoa aukeratu zuen klubak. 2007ko martxoan egin zuten publiko proiektua, eta itxura ikusita, lehen alderaketak hasi ziren: Municheko Allianz Arenaren antz handia zuen. Hasieran, 58.000 ikuslerentzako estadioa izan behar zuen, baina, 53.000an utzita aurrekontua asko murrizten zenez, taldeak txikiagoa agitea onartu zuen.

Dirua eztabaida iturri handia izan da San Mamesen eraikuntza prozesuan. Kostua bainoago, egitasmoan inbertituriko diru publikoak sortu du eztabaida. 2007an, San Mames Barria elkartea sortu zuten, proiektua bultzatzeko, eta hasiera batean bi bazkide pribatu ziren: Athletic eta BBK. Bazkide publiko bat ere bazegoen: Bizkaiko Foru Aldundia. Egitasmoak, baina, gihar finantzario handiagoa behar zuen, eta Bilboko Udala —2009ko urriaren 1ean— eta Eusko Jaurlaritza —2010eko martxoaren 11n— elkartean sartu ziren. Hirutik bost publikoak ziren. Udalaren laguntza baimenak dohainik ematea zen; Jaurlaritzak, berriz, 50 milioi euro jarriko zituela hitzeman zuen.

Diru publikoa justifikatzeko, San Mames Barriako kideek esan dute estadioa ez ezik eraikuntzak bere barrenean kiroldegi bat eta eliteko kirolarientzako zentro bat izang duela. Hala ere, kritikak ugariak izan dira, eta Donostian ere sortu du erremina, Anoetako handitze prozesua finantzatzeko zain dagoelako. 2007ko aurkezpenean estadioko estalkiak kolorez aldatzeko argiztapen sistema bat izango zuela aurreratu zuten, baita LED panel erraldoiak ere kanpoaldean. Eraikuntza prozesuan bi ideiak alboratuak gelditu dira garai ekonomiko hobe baten zain.

Finantzaketaren auzia puri-purian zegoela, iazko irailean liskarra sortu zen. Athleticek Javi Martinez 40 milioi euroren truke saldu zuen, eta Patxi Lopez orduko lehendakariak proiektuaren finantzaketan zuen bere zatia handitzeko eskatu zion Athletici. Josu Urrutiak uko egin zion, sinatuta zegoen akordioa ezin zela aldatu argudiatuz. Taldeak finantzabide ona diseinatu zuen: Barria bazkideak. Aurretik taldeko bazkide ez izan eta estadio berrian eserlekua lortu nahi zuenak 1.450 euro ordaindu behar zituen, eta gero, abonamendua. 7.800 zalek eman zuten izena. Hala, lanen ordainketaren lehen zati osoa finantzatu zuen taldeak. Horretaz gain, Athleticek 500.000 euroko alokairua ordainduko du urtero.

Sindikatuen salaketak

Eraikuntza lanen adjudikazioan hiru bloke handi daude. Aurrenekoa, lurren mugitzea eta zimentazioaren lehen fasea. 7,4 milioi eurotan adjudikatu zioten Balzola, Cycasa, Viuda de Sainz, Exbasa eta Cantabricas enpresen aldi baterako enpresa elkarteari. Bigarrena zimentazioaren bigarren fasea da, eta porlan eta metalezko azpiegitura jartzea. Acciona, Inbisia, Murias eta Altuna eta Uria enpresak elkarteak egin du, 29,4 milioi euroren truke. Lau enpresa horiek ere egingo dituzte hirugarren blokeko lanak: kanpoko itxiturak, estalkia, alegia. Taldeak 21 milioi eurotan tasatu zuen. Azken bi bloke horiek bukatzeke daude oraindik, urtebete beharko delako San Mames zaharra bota eta berriaren lanekin jarraitu ahal izateko.

Eraikuntza lanek ere eztabaida sortu dute. ELA sindikatuak eraikuntza enpresek kontrataturiko langileen baldintzak salatu zituen, «ehundik gora» orduko sei eta 7,5 euro artean kobratzen zutela salatu zuen. Bilboko langabe elkarte batzuek ere publikoki kritikatu zuten langile gehienak eraikuntza enpresa handiek atzerritik ekarriak zirela eta Bilbo inguruko langile oso gutxi kontratatu zituztela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.