Sartu, atera, atera, sartu...

Berebiziko garrantzia dauka ziabogak traineru estropadetan, eta patroiak eta aurrekalariak ardura handia dute. Zumaiako Jokin Gijarrok eta Joseba Aristik eman dute lan horren berri.

Aitor Manterola Garate.
Zumaia
2013ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Sexu jolasen bat aditzera eman dezake erreportajeko izenburuak, baina sexutik gutxi dauka traineru bateko patroiaren eta aurrekalariaren arteko ezinbesteko koordinazioak. Ez da lotura fisikoa. Bat traineruaren mutur batean doa, eta bestea, bestean. Urruti daude, baina gertu egon beharra daukate aldi berean. Ziabogetako lana euren ardura da neurri handi batean.

Joan zen igandean, Portugaleten (Bizkaia) ikusi zen zenbateko garrantzia duen. Castreñak eta Oriok ziaboga bana eman zuten oker, aurrekalariei arraun txikiak ihes egin zielako. Segundoen galera kareletik. Lan horren berri Zumaiako Jokin Gijarro patroiak (Zumaia, Gipuzkoa, 1987) eta Joseba Aristi aurrekalariak (Zumaia, 1990) eman dute. Nola lantzen duten, zer egiten duten...

Patroia izaten da agintari. Hark bakarrik ikusten du ontzi barrutik non dagoen baliza. «Hamarreko seriea jotzeko eskatzen diogu taldeari, txalupan abiadura gehiago har dezan, ziaboga emateko», hasi da Gijarro. Beste helburu bat ere badu erritmoa bizitzeko eskaerak: «Taldeari esateko era da ziaboga eman behar dugula, eta denek dutenez lanen bat ontziari buelta emateko orduan, adi eta erne jartzeko modua da hamarrekoa eskatzea», gehitu du Telmo Deun traineruko patroietako batek.

Agindua ematearekin batera, aurrekalaria ere adi jartzen da. Hamarreko pala kolpe horietakoren batean, badaki arraun txikiari edo estokeari heldu beharko diola: «Uneren batean, patroiak esango dit arraun txikia hartu eta uretan sartzeko, ontziari buelta ematen laguntzeko», azaldu du Aristik. Baina egun batzuetan, aurrekalariak berak erabakitzen du arraun txikia noiz sartu: «Ikusten badugu azkarregi sartzeagatik ziaboga barrutik emango dugula, zain egoten gara; edo azkarrago sartu behar dugula ikustean ere berdin», gehitu du Zumaiako aurrekalarietako batek. Itsaso txarrarekin, esaterako, kontuz ibili behar izaten da, eta aurrekalariak erabaki ohi du.

Trabestu da ontzia, eta ari da buelta ematen. Ez zaio asko falta berriz zuzen jartzeko. Berehala jarriko da, eta segituan ekingo dio beste luze bati. Horrela kontatuta ez du zaila ematen, baina zaila da maniobra ondo egitea. Eta, gainera, beste lan batzuk ere egin behar izaten dira ontziak ziaboga ona eman dezan. «Ez da bakarrik patroiaren eta aurrekalariaren arteko lana. Talde osoaren ardura da», esan du Gijarrok. Hauxe haren azalpena: «Aurrekalaria arraun txikia hartzeko mugitzen denean, ontziaren istribor aldera jartzen du gorputza, eta txalupak balantza egiten du alderdi horretara. Beste alderdikoek, ababorreko arraunlariek kalkatu egiten dute, ontzia eror ez dadin istribor aldera, balantzarik egin ez dezan».

Kalkatze horrek bi fase bezala dituela esan dute biek: «Aurrekalaria ziaboga emateko lehen mugimendua prestatzen hasten denean, bere tostatik jaikitzen den unean, kalkatzen hasten dira ababorrekoak, eta arraun txikia sartzen duenean aurrekoak gehiago etzaten dira». Ezin du balantzarik egin ontziak: «Kateatu bezala egingo zen, istriborrera erorita legokeelako txalupa eta alderdi horretako arraunlariek ezingo zutelako arraunean egin. Segundo garrantzitsuak galduko lirateke balantza handiak eginez gero», azaldu du Gijarrok.

Ziabogara bidean, azken metroetan, bada atentzioa ematen duen beste egoera bat: aurrekalariak arraunean egiteari uzten dion unea. Noiz utzi? «Ez dago une jakinik. Azken batean, patroiak ematen digu agindua, eta guk arraun egiteari utzita, bi pala kolpe baino ez ditugu galtzen eta txalupak ez du abiadura galtzen», esan du Aristik.

Aurrekalariak arraun txikia jartzeko kirolari koordinatua izan behar duela ematen du, baina Aristik ez dio hainbesteko garrantzirik eman horri. Ohituta dagoelako izango da. Baina non jarri hanka, indarra egiteko gero gorputzarekin arraun txikia sartzean? «Nik toletan jartzen dut hanka, baina badira batzuk karel gainean ibiltzen direnak, toletaren heldulekurik gabe; zailagoa da».

Sokaren luzeraren garrantzia

Joan zen igandean, estropadaren atarian, Zumaiako beste aurrekalaria, Xipri Elortza, han ibili zen soka batekin gora eta behera. Trainerua lehorrean zegoen oraindik, eta soka estu bat jartzen aritu zen: arraun txikiak eramaten du, eta ontziari lotzeko balio du aurrekalariak uretan sartzen duenean. «Bezperako estropadan, motzegia zeukala iritzi zion, eta ez zen ondo moldatu. Arraun txikia uretan ondo ezin sartu horregatik», azaldu du Aristik. Igandean, luzeagoa jartzea erabaki zuten. Baina luzeak ere badu arriskua, Gijarrok azaldu duenez: «Luzea bada, arraun txikia uretatik gertuago geratzen da aurrekalariak hartu baino lehen eta hartzeko unean. Eta gertatzen da urak ukitzea arrauna, eta arraunak atzera egitea, aurrekalariaren gorputzaren kontra. Eta halakoetan ezin arraun txikia ondo menderatu».

Ezinbestekoa da arraun txikia aurrekalariak menderatzea, eta ez alderantziz. Hori argi du Gijarrok: «Igandean, adibidez, guri komeni zitzaigun kanpoko ziabogetako irteeran bazterrera joatea eta ontzia ez genuen erabat zuzentzen. Lehentxeago atera zuen arraun txikia aurrekalariak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.