Buruz buru (I). Jon Sarasua

Lokatz arteko utopiak

Paperean tintaz idazteko beharrean ekintzez airean idazteko hautua egin zuela dio Jon Sarasuak. Horregatik, bultzatu dituen ekimenei begira baino ezin da egin haren pentsamenduen maparik. Baina agerikoak dira, halere, haren lanerako hiru ardatz nagusiak: autoeraketa, gizarte ekonomia eta euskara.

Inigo Astiz
Orio
2012ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Hamarkadak dira bertsolaritza utzi zuela, baina neurtu egiten ditu oraindik hitzak Jon Sarasuak (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 1966). Galdera entzun, eta isilik gelditzen da une batez, hasten du azalpena, eta isiltasun une bat berriz ere. Badaki zer esan nahi duen, baina hitz zehatza falta zaio. Haren bila dabil halakoetan. Segundo bat ere ez da gehienetan, baina ezin haren erretraturik egin une hori aipatu gabe. Hitzekin mintzo da pentsalaria; isiluneekin bertsolari izandakoa. Ordubete baino gehiagoko elkarrizketaren ondoren egin du galdera: «Ez dakit zurrunbilo hitza aipatu dudan. Agian, hori izan daiteke hitz egokia». Urteak daramatza Mondragon unibertsitatean irakasle, eta hamaika talderen eragile ere bada. Oreka moduko batean nahi ditu bere baitako aditua eta aritua. Oin bat teorian, eta bestea lokatzetan. «Niri ideia organikoak interesatzen zaizkit. Organoa sortu nahian dabiltzanak. Izan daiteke unibertsitate bat, alderdi politiko bat edo herriko talde txiki bat. Gauzak aldatzen eta sortzen ari diren prozesu horiek interesatzen zaizkit. Ikasi eta des-ikasi dudana hortik etorri zait». Zurrunbilotik, alegia. Hura izango da Euskal Herriko pentsalariei eskainitako Buruz buru deituriko sei artikulu sorta honetako lehen protagonista. Beste bost izango dira igandera bitartean: Enkarni Gomez, Agustin Arrieta, Joseba Zulaika, Maider Zilbeti eta Daniel Innerarity.

Bertsolari zenean ere nagusiki airean idazten zituen piezak Sarasuak, eta orain ere ez da paperaren oso zalea. «Ekintzekin airean idazteko hautua egin nuen, metaforen gerratetik atera eta eraikuntza txikien lubakira erabat etortzea». Ekintzetatik datozkio galderak, eta bultzatutako ekimenen historia egin behar, haren ideien historia egiteko. Luzea da zerrenda: Lanki ikertegia, Hegoaldeko herrialdeekiko lankidetzarako Mundukide fundazioa, euskara sustatzeko esperientziak Hegoaldeko herriekin partekatzeko sortutako Garabide elkartea... Beti izan da hala: «Gaztetatik zurrunbilo kolektibo txikietan ibili naiz. Bertsozaleen Elkartean, ikasle mugimenduan, Euskararen Kontseiluan... Hor elikatu da nire jarduna. Bada alde intelektualago bat, baina beti praktikatik desatxiki gabea».

Hiru gai izan ditu ardatz: autoeraketa, gizarte ekonomia eta hizkuntza. Hiruki horrek osatzen du haren mapa intelektuala, baina lurralde horren barruan ere, bada mugimendurik. «Ezkertiar programaren desinstalatze prozesu bat ari naiz bizitzen azken bi hamarkadetan», dio. «Orain hamabost bat urte eroso zitzaidan altermundialismoan kokatzea. 'Beste mundu bat posible da' aldarrikatzen zuen mugimendu hartan. Baina autoexijentzia intelektual apur bat aplikatuz gero, planteamendu askori zuloak ikusten dizkiot. Ez didate balio sortzen zaizkidan galderei erantzuteko. Demagogian txapeldun bilakatzeko arriskua du ezkerrak Europan eta Euskal Herrian. Arlo batzuetan patxadaz bizi dut prozesua, baina zuloak uzten dituela da arazoa».

Eta nola bete zulo horiek?

Irekita egoteko garaiak dira. Prest egon behar dugu XX. mendeko ideologien talkak desikasteko. Euskal diskurtso progresistak modu manikeoan markatzen du zer den ona eta zer txarra. Baina zer gertatzen da balizko ezker hori boterera heltzean? Gehiena erori egiten zaio. Gauza bat da besteari esatea zer egin behar duen, eta beste bat norbera kudeaketa lanetan aritu beharra. Kartzelak apurtu esatetik kartzelak besteek bezalatsu kudeatzera pasatzeko arriskua dago. Kudeaketa lanak tokatzen zaizkionean, ezkerra Frantziako iraultzaren totem batzuen inguruan eraikitako zerbait dela ikusten da. Orduko askatasunaren ideia hartu zuen propiotzat eskuinak, eta berdintasunarena ezkerrak. Baina gehiago dago. Euskal progresismoak ez du gehiegi landu gizakiari berezko zaizkion sen horien gaineko diskurtsorik. Gu garen tximu kosmiko hori ez dugu oso ongi ulertu. Ezkerrari ihes egiten diote gure berezko animalia izaerak eta baita gure izaera espiritualak ere.

Eta zeri esaten diozu irekita egotea?

Prest egotea kuestionatzeko zer utzi diguten XX. mendeko debateek. Zer berreskuratu behar dugun anarkismotik. Zer liberalismotik. Zer sozialismotik. Eta zer planteamendu kontserbadoreetatik eta tradizio espiritualetatik. Oso abentura polita da irekita egon, eta aldi berean zure praktikarako planteamendu koherente xamar bat sortzen saiatzea. Faena bat ere bada, noski.

Badago nondik jo, beraz?

Kaos horretan bada nahikoa material ortzemuga lauso batzuk marrazteko. Nire kasuan autoeraketarena da hogei urte nituenetik izan dudan intuizio eta obsesioetariko bat. Txikitu dezagun boterea, eta ekarri dezagun ahalik eta eskala txikienera. Bai kapitalarena eta baita estatuarena ere. Egin dezagun hori nahiz eta jakin hemendik aurrera ere kapitalak izango duela bere funtzioa eta estatuak ere izango duela berea. Boteretu dezagun pertsona ahal beste. Hori da autoeraketa; pertsonan eratutako ekinbide kolektibo bat. Izan daiteke gaztetxe bat, enpresa bat,udaleku bat... Hori da ortzemugetariko bat.

Eta besteak?

Beste bat da nortasun kulturalaren dibertsitatearen kudeaketarena. Eta iraunkortasuna eta elkartasunarena dira beste bi ortzemugak. Beti gehiagorantz heziak izan garen belaunaldiok egin behar dugu galbahetze lan bat. Aldatu egin beharko da garapenaren inguruko paradigma. Nik uste dut lau puntu horiekin, besteak beste, badagoela lanerako ostertzik: autoeraketa, nortasuna, elkartasuna eta iraunkortasunarekin.

Nortasunaren errima

Nortasunari buruzkoan zurrunbilatu da hizketaldia. Egalité, fraternité eta liberté. Hiru ideia horiek aipatu, eta hirurak nahikoa landu direla dio Sarasuak. Baina laugarren errima sumatzen du faltan zerrendan: Identité. Nortasunarena, alegia. Dioenez, hori da egungo erronka nagusietariko bat. «Bi printzipio abstraktu izan dira nagusi ilustrazioaz geroztik: askatasuna eta berdintasuna. Bi horien inguruko gramatika eta ideologiak dituzte XX. mendeko ideologia modernoek. Ez dute garatu, ordea, gizakiak sortzen dituen hizkuntza, herri eta begiratu kulturalak kudeatzeko debate ideologiko benetakorik. Ideologia modernoetan ez dago ia nortasunari buruzko gramatikarik. Oraindik puntu horretan gaude». Horregatik izan daiteke interesgarria Euskal Herriko kasua. Horregatik, eta baita lan hori maiz autoeraketaren bidetik landu delako ere. «Munduko hizkuntzen plazan badugu konpartitzeko pertinentea izan daitekeen esperientziarik. Hor daude ikastolen mugimendua, Arrasateko kooperatibak eta euskalgintzako antolaketa zibila. Baditugu autoeraketan oinarritutako gauza batzuk herri honen gune neuralgikoetan. Baditugu ezaugarri batzuk XXI. mendeko debate politiko eta polistikoetan aletxo bat jarri ahal izateko».

Zenbaitetan ametsa ikusten du faltan, ordea. Biak baitira beharrezko haren ustez. Urratsa, eta norabidea.«Beharrezkoa da ametsa aurrera egiteko. Baina datozen hamarkadetan jakin behar dugu utopia edo ametsak doitzen. Egon dira amets doitu batzuk, egia da, baina esango nuke amets lodiegien belaunaldi batetik gatozela. Iraultza sozialista etortzeko zorian zela ziotenek, erreformistatzat jo zituzten hainbat ekimen, adibidez; iraultza atzeratu baino ez zutela egiten esaten zuten. Eta ez da ona debate haiek amortizatutzat ematea. Nik uste erori egin direla ilusio optiko pila bat. Eta ez baditugu ilusio optiko horiek ilusio optiko deitzen, ibiliko gara berriz ilusio optiko berriak sortzen. Praktikaren eremuan bereizi egin behar dira amets doituak eta ilusio optikoak».

Norabidearen beharra aipatzen duzu horregatik.

Bai. Gauza bitxia da. [Isilune bat] Kudeaketan dabilena kudeaketan murgilduta dabil. Eta berdin du kudeatzaile hori alkatea den, edo ikastoletako edo enpresetako kudeatzailea den. Azken hamarraldian etorkizuneko ametsaren arloa oso gutxi landu du arduradun jende horrek.

Bi fronte daudela diozu: kudeaketan ibili eta ametsik asmatzen ez dutenena, eta hitzen mundutik jaitsi eta ekintzan murgiltzen ez direnena.

Nik hori Arrasateko kooperatibagintzan ere ikusi dut. Azken hogei urteetan ez da egon ametsik. Inor ez da kapaz izan esateko zein den ibilbide estrategikoa. Hemendik hogei urtera bikoitz izatea amets dugu, edo nahikoa dugu erdia izatearekin? Herrigintza sozialarekin aliantzak egin ala desnazionalizatu? Zein da proiektu estrategikoa? Ez da egon halakorik. Baina antzekoa pasa da euskalgintzan ere. Egon da bisioa produzitzeko eta bisio hori praktikarekin lotzeko zailtasun bat. Dibortzio moduko bat. Euskal Herriko intelektualak organoetatik oso deskonektatutako gauzak idazten aritu dira, eta organoetan eguneroko lanak harrapatuta bisioa ezin produziturik egon dira besteak. Baina bisiorik gabe, ez dago estrategia egokirik. Iraupen estrategiak daude.

Alarma gorriak

Maila batzuetan ilunaldi estrategiko batean dago euskalgintza ere Sarasuaren ustez. Ikastolak eraikitzen aritutako belaunaldien ondoren, ikastolak eraikita aurkitu dituzten belaunaldiak etorri dira. Nola egin desiragarri euskaldun izatea belaunaldi berriei? Hori da arazoetariko bat. «Sekulako lana egin dela errekonozitu behar da lehenik. Baina, hala ere, arlo batzuetan argi gorri batzuk pizten ari zaizkigu. Belaunaldi berrien atxikimendu modalitatea ezberdina da. Gauzak eginda daudenean beste ziklo bat hasi behar da. Beste amets jauzi bat egin behar da. Baina ez dakigu nola. Aurrera egiten dute ekinbide askok, baina norabide argiegirik gabe, maiz. Adibidez, badirudi ez dagoela argi unibertsitate euskaldun bat beharrezkoa denedo ez. Eta adibide bat baino ez da hori. Euskalgintzaren estrategiarik gehienak birkokatzeko beharra badute». Oro ez da beltz, ordea, eta gauza batean optimista da Sarasua: soluziorik ez dago, baina hasi da arazoen oharpena.

Alarma gorriak aipatu dituzu. Zein?

Euskalduntzean egindako lan kuantitatiboak arlo kualitatibotik huts egiten dutela ohartu gara. D ereduan zenbat ikasle dauden, zenbat liburu argitaratu diren, zenbat itzulpen egin diren administrazioan... Kopurua izan da maiz gure obsesioa, baina ohartu gara kopuruak ez duela ekarri benetan euskaldun izateko gogoaren erreprodukziorik. Ez behintzat zenbakiek gora egin duten maila berean. Erreprodukzio hori nola egin asmatzea da giltza. Ikusi behar da euskaraz bizitzeko hautua egiteko gogoa zer zirkuitu eta bideren bidez pizten den.

Bertsolaritza izan daiteke gogo hori piztu duen alorretariko bat.

Bertsozale Elkarteak behetik-gorakotasunean antolatzen du bere kultur adierazpidea. Proiektatzen du eta anizten du, eta nik uste horrekin zaintzen duela, baita ere, euskalduntzeko hautua erreproduzitzen duen zirkuitu bat. Alor partzial bat da, noski, baina dentsitate bat sortzen du hizkuntza honen eta hari darion kulturaren inguruan. Eta dentsitate guneak beharrezkoak ditugu gurearen moduko hizkuntza komunitate saretu batetan. Horrelako gehiago badaude, eta behar ditugu hegemonia gune horiek.



Sorkuntzaz ere mintzo da Sarasua. Haren liluraz, eta haren beharraz. Izan ere, hezurretan du bertsolaria. Baina ez da soilik Sarasua sortzailea hala mintzo dena. Eskutik du oraingoan Sarasua pentsalaria ere. Bereiztezin biak, baita azken puntua botatzerakoan ere. Desabantaila demografikoak gora behera, sorkuntza izan daiteke euskararen abantailetariko bat, dio(t)enez. «Beste mundu sinboliko bat ematen dizkigu. Eraikuntzan dagoen mundu bat ematen digu. Prekario xamar dagoen mundu bat. Hori izan daiteke beste hizkuntzen aurrean euskarak eskaini dezakeen balio erantsi txikietariko bat. Azken hamarraldietan euskaldun izateko hautua ez dugu egin soilik hezkuntza estrategiengatik, baizik eta baita euskarazko sorkuntzagatik ere. Elikadura sinboliko bat eman digute sortzaileek gure burua hor ikusi eta eraikuntza sistema batean parte hartzeko. Horregatik sorkuntzak ere badu zeregina hiztun komunitatearen amets honetan».

Bihar: Enkarni Gomez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.