Arteleku, agurraren lezioan

Duela 27 urte sortu zenez geroztik aterpetu duen eraikina utziko du datorren hilean Arteleku arte zentroak. Erreferentzia garrantzitsua izan da artearen munduan; orain, bestelako etorkizun bat eraiki beharra dauka.

Artelekuko egungo lagatze espazioen ikuspegi orokor bat. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Juan Luis Zabala
Donostia
2014ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Lurra garraiatuz pasatzen diren laranja koloreko kamioiek hautsez eta lokatzez bete dute Arteleku arte zentroaren ataria bizpahiru hilabeteotan. Ondoko orubea lurrez betetzen ari dira, hiru metroko alturaraino, ibaiak gainezka eginez gero uholdea ez dadin hel han egitekoak diren etxe berrietara. Artelekuren eraikinaren barruan, berriz, noiznahi ikus daiteke han gordeak dauzkanak jasotzera joandako artistaren bat. Eraikinak hustua behar baitu hilaren amaierarako, eraitsia izateko prest, Donostiako Txomin Enea auzoaren birmoldaketa urbanistikoak hala aginduta. Aurretik pentsua eta gero material elektrikoa bildu eta gordetzeko erabili zen eraikin hori 1987az geroztik izan da Arteleku arte zentroaren aterpea, artearen munduan erreferentziazko gune garrantzitsua. Aurki ez da eraikinaren arrastorik geratuko, baina artista askoren gogoan betiko geratuko da iltzatua haren oroitzapena, funtsezkoa izan delako beren ibilbideetan.

Artelekuren historia ez da bukatuko Txomin Eneko eraikinarekin batera, baina oraindik guztiz definitu gabe dagoen beste aro batean sartuko da Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatu eta kudeatzen duen arte zentroa. Sormenaren praxi askerako eta artistenarteko harremanetarako gune izan da funtsean 27 urte eta bost hilabetez Arteleku, eta sormena eta pedagogia «ikusgarritasuna» bilatu gabe landu ditu, Ikerne Badiola Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Gazteria eta Kirol Saileko diputatuak hila honen hasieran, Batzar Nagusietan Artelekuren etorkizunaren berri ematean, esan zuen moduan. Badiolak esandakoaren arabera, bide horretan aro berri batean sartuko da Arteleku 2014-2015 ikasturtetik aurrera, gune nagusi Donostiako Parte Zaharreko Santa Teresa komentuaren eraikina duela.

Imanol Murua Gipuzkoako ahaldun nagusiaren bultzadaz sortu zen Arteleku, Jorge Oteiza eta Nestor Basterretxea eskultoreen pentsamenduaren eraginpean, arte fabrika edo laborategi gisa, gerora Europa osoan zabaldu den eredu baten aitzindari. Artistei lan egiteko gune autonomo bat eskaintzea eta haien arteko harremanak modu natural batean sustatzea zen helburua. Artisten prestakuntzak ere garrantzi handia zuen, eta, horretarako, artistek gidatutako tailerrak antolatu ziren hasieratik. Ez zen kasualitatez hautatu aldirietako eraikin bat proiektuaren gune izan zedin, Arteleku 20 urtez —1987tik 2007ra arte— zuzendu zuen kultur eragileak, Santi Ertasok, dioenez. Batetik, «merkeagoa» zen; bestetik, «ezkutuan» egoteak «artisten askatasuna eta haien arteko harremana» sustatzen zuen.

Belaunaldi baten harrobia

Artelekun 90eko hamarkadan egindako tailer batzuek oso eragin handia izan zuten 60ko hamarkadan jaiotako artista askoren prestakuntzan lehenik, eta artista horien ibilbideen sustapenean gero. Arrasto sakona utzi zuten hainbat tailerrek, hala nola Pepe Espaliurenak, Juan Luis Morazarenak edo Antoni Muntadasenak, besteak beste. Beste artista ezagun askok ere harreman handia izan zuten Artelekurekin lehen urte haietan, Jose Luis Zumetak eta Vicente Ameztoik, besteak beste.

Angel Badosek eta Txomin Badiolak 90eko hamarkadaren erdialdean gidatutako tailerrak gaur egun nazioartean aitortza handia duen artista belaunaldi baten abiapuntutzat jotzen dira; Asier Mendizabal, Ibon Aranberri, Ion Mikel Euba, Jose Ramon Amondarain, Manu Muniategiandikoetxea, Itziar Okariz, Azucena Vieites, Iban Salaberria eta Sergio Prego dira belaunaldi horretako artista ezagun batzuk. Artearen eta feminismoaren arteko harremanetan ere asko sakondu zen urte horietan Artelekun.

Garai hartan, ez zen gertuko inguruan Arteleku gisako gunerik, eta Europa osoan ere bakan batzuk baino ez. Teknikariek lan egiteko izan zuten askatasuna ere funtsezkoa izan zen Artelekuren urrezko aro hartan. «Edozein proiektuk istorio luze bat behar du, eta, ni Artelekun lanean egon nintzen urteetan, askatasun osoa izan genuen lanerako, nahi genuen programazioa lantzeko», oroitzen du Erasok.

Urteotan, ordea, Artelekuk galdu egin du erreferentzialtasuna. Eredu berari jarraitzen dioten guneak ugaritu egin dira, eta haietako batzuek Artelekuk baino indar handiagoa dute. Horrez gain, Artelekuk, Ikerne Badiolak berak Batzar Nagusietan duela hiru aste egin zuen agerraldian aitortu zuenez, ez du asmatu «arte erlazionalean» sakontzen eta eredu berri bat sortzen eta errotzen: «Nahiz eta zenbait ikerketa, proiektu eta jarduera interesgarri eta esanguratsu garatu diren, Artelekuren gain behera etorri da neurri handi batean», Badiolaren iritziz, «norabide definiturik izan ez duelako. Proiektu egoiliarrek eta sortzaileek mantendu dute zentroaren argia piztuta».

Zorte txarra eta gainbehera

Azken urteetako gainbehera horretan «zorte txarrak» ere eragina izan duelakoan dago Eraso: «Nire atzetik etorri zen zuzendaria, Miren Eraso, hil egin zen [2009ko abenduan]; ondorengo zuzendariak gaizki egin zuen bere lana, eta hainbat urte pasatuziren jakin gabe oso ondo zer egin; gero [2011ko azaroan], uholdeek eraikinaren behealde guztia urperatu eta lohitu zuten…».

Txomin Eneko aroa amaituta, Santa Teresa komentuaren eraikinera bideratuko dira, bulegoez gain, Artelekuko egitasmo eta proiektu gehienak ere 2014-1015eko ikasturtean. «Arteleku-Santa Teresa» —hala izendatu zuen Ikerne Badiolak bere agerraldian— izango da Audiolab, Arteklab, Mugatxoan eta mugimenduzko irudien laborategiaren gune berria. Han egingo dira tailerrak eta mintegiak ere, eta han izango da mediatekako oinarrizko liburutegia. Lagatze espazioak ere izango dira eraikin berrian, baina horien araudia asko aldatuko da. Arte grafikoetako tailerrak Debako Arte Eskolara eramango dira; Dantzagunea Errenteriako Niessen aretora aldatu da oraingoz, eta aurrerago Lekuona zentrora pasako da.

Aro berrian, Artelekuk «sorreran izan zituen oinarrizko ezaugarriak berreskuratzea» espero du Badiolak. Baina ez da berriro behiala izan zen hura izango, Erasoren ustez. Ezagutzen duen neurrian, Gipuzkoako Foru Aldundiak Artelekuren etorkizunarentzat aurkeztu duen asmoa «nahiko txukuna» iruditzen zaio Erasori, «paperean ikusita behintzat». Baina argi du «edozein irtenbide hartzen delarik ere» aurrerantzean Arteleku «erabat desberdina» izango dela.

Tabakalerarekiko harremanak

Tabakalerarekin harremana badu jada Artelekuk, eta aurrerantzean are handiagoa izango du. «Artelekuk egin eta bete izan dituen hainbat funtzio eta xede bere gain hartuko ditu, eguneratuak noski, areagotuak eta dimentsio zabalago batekin», Badiolak azaldutakoaren arabera. «Beraz, hein batean, Artelekuren atal batek badu oinordekoa. Arte zentroak izango dituen ezaugarriak desberdinak izanik, eremu partekatu batean elkarlanean ariko dira Arteleku eta Tabakalera». Dena den, Badiolak uste du bakoitzak bere «filosofia» duela eta halaxe izango dela aurrerantzean ere: Arteleku artistentzako espazio bat izango da, pedagogiara etaprestakuntzara bideratua eta ikusgarritasunik gabekoa; Tabakalera, aldiz, publiko orokorrari irekitako gunea, ikusgarritasun handikoa.

Eraso ere bien arteko loturaren aldekoa da: «Tabakalera hor dago, Donostiaren erdian, eta sekulako eraikina izango da. Nik apustua egingo nuke Tabakaleraren alde, eta Tabakaleraren barruan Artelekuren memoria jasotzearen alde». Artelekuren memoria horretan funtsezkoa izango litzateke, Erasoren ustez, liburutegia. «Artelekuren bihotza izan da liburutegia. Hasieran, 200 liburu baino ez zeuden, eta nik zuzendaritza utzi nuenean, 2006aren amaieran, 30.000tik gora. Historia luze baten barruan gertatutako sedimentazio prozesu baten ondorioa da hori».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.