Ramon Saizarbitoria. Idazlea

«'Martutene'-ren ondoren libreago sentituko naiz»

Aurkeztu zenean, ikusmina piztu zuen Ramon Saizarbitoriaren 'Martutene'-k. Geroztik, harrera kritiko ez oparoa baina bai beroa izan du. Egindakoarekin pozik da, baina aurrerantzean beste kontu batzuei buruz idatzi nahiko luke.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Juan Luis Zabala
Donostia
2012ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Urte asko eman ditu Ramon Saizarbitoriak (Donostia, 1944), lan tinko eta diziplinatuan, Martutene nobela (Erein) idazten. Hura amaiturik, libreago sentitzen hasia da; libreago, bi alderditatik: batetik, orain nahi duenean paseatzeko aukera duelako, nobelaren idazketa lanaren loturarik gabe; bestetik, euskal gatazka deitu ohi denaren inguruan nobelen bitartez esan behar zuena esana duen irudipena duelako. Haren alaba Madalen ari da Martutene gaztelaniara itzultzen, eta baditu dagoeneko itzulpen hori kaleratzeko eskaintza batzuk, baina kontu horietaz ez da askorik kezkatzen. Idazle gisa, beste fase batean sartzeko gogoz dago; eta baita Euskal Herria, herri gisa, beste fase batean sartzen ikusteko gogoz ere.

Bi hilabete pasatxo dira Martutene argitaratu zenuenetik. Armiarma atariko Kritiken hemeroteka-n hiru kritika baino ez dira ageri, baina hirurak oso aldekoak. Zer iritzi duzu eta nola sentiarazten zaitu liburua izaten ari den harrerak?

Une honetan, ni pozik nago nobela bukatua dudalako eta, gainera, oso urtaro polita delako hau paseora ateratzeko. Liburuaren harrera dela eta, lasai nago, ez dudalako halako kritika ezkor bortitzik espero. Poz handia eman didate Lander Garrok eta Mikel Hernandez Abaituak BERRIAn Martutene-ri buruz argitaratu dituzten artikuluek. Beren artean eztabaida gogorra izan dute, baina biak Martutene-ren inguruan bat eginda agertu dira, nahiz eta badakidan bietako inori ez zaiola erabat gustatu; biek, bakoitzak bere ikuspuntutik —ikuspegi horiek oso ezberdinak izan arren—, liburua onartu izanak poztu nau. Koldo Izagirrek ere, nahiz eta badakidan ez dagoela ados nobelako gauza askorekin —ezta hizkuntza aldetik egindako hautu batzuekin ere—, nobelaren osotasunaren parte handi batekin ados dago, eta nire lana errespetatzen du. Horretaz gainera, Iban Zalduak gonbidatuta, Gasteizko Irakurleen Klubera joan nintzen duela gutxi, eta harritu egin ninduen han 20tik gora lagun ikusteak, kultura maila oneko jendea, nire liburua irakurri eta atsegin izan dutenak. Benetan pozik nago liburua izaten ari den harrerarekin.

Nolanahi ere, urte askotako isilaldiaren ondotik 800 orrialdeko nobela argitaratu eta gero, nahiz eta komentarioak aldekoak izan, ez al zaizu iruditu, Lander Garrok zioen bezala, liburuak merezi duen baino gutxiago hitz egin dela Martutene-z?

Egia da liburua argitaratu aurretik eta aurkeztu zen egunean komentario mordo bat sortu zela han eta hemen, baina argitaratu eta gero liburuaren inguruko oihartzunak ez direla neurri berekoak izan. Baina ez diot hori kexa moduan. Ni oso pozik nago jasotakoarekin, eta ez dut gehiago nahi. Nire kalkuluak egin ditut: liburua irakurtzeko, Hasier Etxeberriak esan zuen bezala, 50 ordu inguru behar baldin badira, eta liburuak 100 irakurle izan baldin baditu —100 gutxienez izango dituela uste dut—, horrek esan nahi du 5.000 irakurketa ordu eskaini ditudala. Beraz, ia-ia nik idazten pasatu ditudan orduak amortizatu ditut. Hori pozik egoteko modukoa da. Ezin dugu eskatu jendeak autobusean goazenean ezagutu eta autografoa eskatzea. Uste dut euskal letretan estatus bat lortu dudala eta nahiko idazle transbersala naizela, pentsamolde guztietako jendea dagoela nire lana errespetatzen eta baloratzen dutenen artean, eta, harrokeriarik gabe, gero eta balio handiagoa ematen diot horri.

Errua da gai nagusietako bat Martutene-n. «Bizitzaren aldeko aldarria» dela esan zuen, hala ere, Markos Zapiainek aurkezpenean.

Erruaren kontua nobelaren parte batean ageri da batez ere, Iñaki Abaitua ginekologoaren partean. Esplorazio batean egin behar ez zuena egin zuen, eta hori zama handia bihurtu zaio. Bitxia da: irudipena dut jende askori ginekologoaren ez-egiteko hori ez zaiola oso larria iruditu. Beharbada nobelako bi emakumek ere—batez ere Lynnek— ez diotelako larritasun ikaragarririk ikusten. Baina Abaituak beranduegi egiten du bere aitorpena —erlijio katolikoak eskatzen zuena zamaz libratzeko—, eta gero ez da gai zama horretaz erabat libratu eta hegan egiteko. Alderdi horretatik, ezkorra ere izan daiteke.

Nahiz eta gai nagusia ez izan nazionalismoa edo abertzaletasuna, «nazionalisten historiak»kontatzen jarraitzen duzu. Jon Juaristik esan zuen euskal idazleak hori egin behar duela, eta zu harekin ados zeunden.

Bai. Hortik ere badago. Eta horretan ere agertzen da erruaren gaia, zenbait pertsonaiak hausnarketa bat egiten baitute egin dutenari edo egin ez dutenari buruz, indarkeriaren aurrean izan duten jarreraz, eta baita euskaldun eta abertzale izateak ekarri dien zamaz ere. Seguru nago beste leku batean jaio eta bizi izan banintz, arazo hau gabe, oso diferentea izango nintzela, eta zoriontsuagoa, seguru asko. Estrapolazio bera egiten dut diktadurarekin. Beharbada ahaztuegia dauka jende askok diktadura zer zen. Gezurra dirudi zein arin ahaztu dugun beldurra nagusi zen garai hura, lasai hitz egiterik ez zegoen garai hura, estatu polizial batean bizi ginen garai hura. Giro demokratiko batean bizi eta hazi izan bagina, gure eskubide kultural eta nazionalak errespetatzen direla sentituz, diferentea izango zen nire bizitza, eta baita nire literatura ere. Martutene-tik kezka horiek guztiak kendu, eta 800 orrialde izan beharrean 200 izango lituzke nobelak. Nahiz eta jakin horiek literaturari kalte egiten diotela, ni behartuta sentitzen naiz horiek idaztera. Izorra dadila literatura!

Izango da kezka horien agerpenean aberastasun literarioa aurkituko duenik ere. Kezka horiek idazle hobea eta interesgarriagoa bihurtu zaituzte, irakurle askorentzat behintzat.

Bai, hala da. Eta beharbada kezka horiek gabe idatzi ere ez nukeen egingo, idazten baldin badut, neurri handi batean, kultura gutxitu edo minorizatu batean borroka egin beharra egokitu zaidalako baita. Bestela, ez nukeen idatziko, seguru asko. Baina energia asko galdu dugu kontu horiekin, eta sufrimendu handia sortu da horien inguruan.

Euskal literaturak hori guztia islatu duen eta islatuko beharko lukeen moduaz asko hitz egin eta eztabaidatu da azkenaldian, errelatoa edo errelatoak, kontakizuna, kontakizunak edo dena delakoa osatu beharraz…

Nik uste dut fikzioak errealitateak berak baino hobeto adieraz dezakeela egia, fede onez idazten denean behintzat. Ez dut asko irakurri horretaz, ez dut debatea jarraitu, baina uste dut eskatzen diguten errelato hori egin behar dela, eta gerraren errelatoa ere egin gabe dagoela. Pena ematen dit gazte jendeak, baita gazte jende abertzaleak ere, gerrari buruz zein gutxi dakien jabetzeak; gerrari buruz eta gerran izandako jokabideei buruz. Jose Antonio Agirre lehendakaria, adibidez, pertsonaia nobelesko ikaragarria da, pelikulak eta pelikulak egiteko aukera ematen duena, baina ia ezer ere ez da egin. Gure errelatoa ere egin egin behar da, eta iruditzen zait neurri handi batean fikzioak egingo duela, asko lagun dezakeela fikzioak horretan. Gerrako errelato kontsentsuatu bat eduki behar genuke honezkero, denentzat balioko lukeena, baina ez dago egiterik; ez, behintzat, Espainian. Hemen, nazionalismo galtzaile baina moralki garaileari esker, gehiago egin ahal izan da, baina Espainian inondik ere ez, eta bada ordua.

«Fede ona»aipatu duzu, baina hori oso zaila da definitzen.

Baina uste dut transmititu daitekeela, eta, harro jarrita, uste dut Martutene-n transmititzen dela. Ados ez daudenak ere, Martutene-n nahi ez luketena irakurtzen ez dutenak, jabetuko dira nik ez dudala hori idatzi inori min emateko. Uste dut Joxe Azurmendiren gazte ero horiei gauzak esaten zaizkiela min emateko moduan. Ni ez nago horren alde. Fernando Savaterren garai bateko adierazpenak, nahiz eta esaten zuenarekin ados egon, ez ziren egokiak. Bazegoen hori bera beste modu batean esaterik. Egia da ulertu beharrekoa dela hiru bizkartzainez inguratuta bizi behar zuenaren egoera ere, baina luma hartzen duenak jakin behar du baretzen eta zentzuz jokatzen. Ez dakit zer irudituko zaien Martutene beste mutur batekoei, euskaraz irakurriko ez dutenei, nazionalista espainiarrei, gatazkaren ondorioz asko sufritu duten batzuei, baina uste dut Martutene-n fede on hori ikusi egiten dela. Egia da, hori ezin da ukatu, nik abertzaleon istorioak kontatzen ditudala; burgesak, bai, baina abertzaleak. Hori delako ezagutzen dudan ingurua eta giroa.

Maitemina, desio sexuala, bikotearen elkarbizitza… Kontu horiek ere agertzen dira nobelan. Maiteminak eta desio sexualak patetiko samar bihurtzen ditu ia beti pertsonaiak, ezinak azaleratzen dizkiete.

Bai. Idiota ere bihurtzen da batzuetan gizon maitemindua, eta baita emakume maitemindua ere, kanpotik ikusita behintzat. Klabe erosoa zait hori, gustuko dut pertsonaia maiteminduak patetismo horretan mugitzea. Max Frischi askotan galdetzen omen zion amak ea zergatik idazten zuen beti emakumeez, emakumeak ulertzeko gauza ez baldin bazen. Uste dut hori agertzen dela nire nobeletan, emakumeak ulertu ezina eta ulertu nahia. Beharbada gaurko gazteek gehiago hitz egingo dute beren arazo afektiboez. Guk, berriz, oso gutxi hitz egin dugu horretaz, eta ezjakin hutsak izan gara. Ezjakintasunak, ziurtasun faltak eta frakasatzeko beldurrak ez dute laguntzen inteligente izaten edo modu inteligentean eragiten. Niri atsegina egiten zait maldertasun hori deskribatzea. Zergatik egiten zaidan erakargarria? Ez dakit. Beñat Sarasolak txiste bat egin zuen horretaz bere poema batean. Beharbada oso nire garaiko kontua izango da, eta batzuetan pentsatzen dut laster gazteek ez dutela ulertuko, zorionez. Baina beste batzuetan kontu hauek eternoak direla pentsatzen dut, eta gure belaunaldian dagoeneko gaizki ikusiak zeuden rol batzuk, zaharkitutzat eta gainditutzat jotzen genituenak, orain bueltan datozela, zoritxarrez.

Liburu batzuek garrantzi handia dute Martutene-n, bereziki Max Frisch-en Montauk nobelak. Montauk «pertsonaia mailara»igo duzula idatzi du Jon Kortazarrek. Zer du Montauk-ek?

Kritikari batzuentzat Frischen nobelarik onena da, baina beste batzuek ez diote inongo garrantzirik ematen. Nik oso gustukoa dut egiatia delako, inteligentea delako, ondradua delako… Montauk-en hasieran dagoen Michel de Montaigneren aipuak dioen bezala, fede onez idatzitako liburua da. Sinistu behar zaio Montaigneri, eta baita Frischi ere. Bere buruaren disekzio hotz eta gupidagabea egiten du, hain era errazean, hain modu xumean, hain fin eta hain dotore… Gizonen eta emakumeen arteko harremanez mintzo da. Aitortu nahi ala ez, gizonak egiten dituen gauzen erdiak emakumearengatik egiten ditu, eta Frischek ez du hori ezkutatzen. Gerra ere aipatzen du, eta dirua, eta adiskidetasuna... dena oso ikuspuntu interesgarri batekin, aurrerakoia eta zentzuduna. Eta estilo bat du. Estilo labur eta ebaki hori… Sentitu nuen era horretan zerbait esateko gogoa, estiloaren apropiazio bat egitekoa, eta iruditu zitzaidan hori oso ondo etorriko zitzaidala adierazteko Iñaki Abaitua ginekologoaren eta haren emaztearen arteko harremana, non erruaren arazoa den zentrala. Hor behar nuen kanpotik norbait etortzea, ur horiek astintzera, eta orduan esan nuen neure artean: Lynn! Idazterakoan, Montauk-eko estiloa traizionatu egin dut neurri batean, baina Frischek beste liburu batzuetan darabilena hartu dut Martutene-ko digresioetarako, Frischek egunkarietan darabilen hausnarketa estiloa.

Zer harreman du, zeure ikuspuntutik begiratuta, Martutene-k zure gainerako nobelekin?

Hamaika pauso-rekin lotu dute batez ere orain arteko irakurleek, baina nik uste dut gainerakoekin ere baduela harremanik. Beti nobela bera egingo dudala iruditzen zait. Baina uste dut Martutene-ren ondoren libreago sentituko naizela, eta aurrerantzean ez dudala ja sentituko nobela baten bitartez gurean arakatzen jarraitzeko beharrik. Nahiko nuke, gainera, hau mugarri bat izatea, baita ere, gizarteak gainditu egingo duelako kontu hori, hau da, hitzarmen bat etorriko dela gure historiaren inguruan, bakeak egingo ditugula geure historiarekin eta gutxiago hitz egin dugula horretaz. Nahiko nuke Martutene-k denboran bat egitea une horrekin, eta, hain zuzen ere, ETAk jarduera armatua uztearekin bat egin du. Baliteke azkenean betiko gaiei bueltaka jarraitzea aurrerantzean ere, baina ea egia den orain benetan libreagoa naizela beste gai batzuei buruz hitz egiteko. Jada mania bihurtua zaidanez, idazten jarraituko dudala uste baitut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.