Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

Futbola. Espainiako Kopako finala: Athletic-Bartzelona

'Oilarrak' sinetsi egiten du

2009ko Kopako finalarekin alderatuta, Joseba Etxeberriak uste du «txikitu» egin dela Bartzelonaren eta Athleticen arteko aldea. Aukeraren bat izateko taldeak sasoi honetako joko «ausarta» egin beharko duela dio.
Joseba Etxeberria, negarrez, Mestallan, 2009ko Espainiako Kopako finala galdu berritan.
Joseba Etxeberria, negarrez, Mestallan, 2009ko Espainiako Kopako finala galdu berritan. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

Haritz Gallastegi -

2012ko maiatzak 25 - Bilbo

Athletic eta haren ingurukoak hasi dira depresiotik irteten. Europako Ligako finalean kale egin ostean, jota egon da familia zuri-gorria. Min eman zuen finala galtzeak, eta, galtzeko era ere ez zen inoren gustukoa izan. «Bukarestekoa ez zen Athletic izan», hori esaten dute jarraitzaileek gehienbat. Une erabakigarrienean erakutsi zuen Athleticek bere alderik txarrena. Historia egiteko aukera zuenean, alegia. Baina finalek horrelako gauzak dituzte. Futbolari ona izateaz gain, plazagizona dago izan beharra. Batzuk hazi egiten baitira partida garrantzitsuetan. Beste batzuk, aldiz, kikildu. Eta, behin Bukaresten gertatu zena ikusi ostean, esan daiteke Athleticeko jokalari gazte eta onei finaleko presioak gainezka egin ziela.

Esan ohi da porrotetatik garaipenetatik baino gehiago ikasten dela. Bada, Athleticek aukera ona dauka oker egindakoetatik ikasi duela erakusteko. Euren kirol ibilbideko kolperik handiena hartu ondoren, beste final bat jokatzeko aukera izango dute zuri-gorriek. Oraingoa ez da Europako lehiaketarik garrantzitsuenetan bigarrena izango. Kopa Espainiako bigarrena da, garrantziari dagokionez. Athleticeko jarraitzaileek horrenbeste maite duten Kopa, hain zuzen ere.

Bukaresteko Estadio Nazionalekoa errepikatuko al da Vicente Calderonen? Gaur iluntzera arte inork ez du jakingo. Baina gehienak ezezkoan omen daude. Haien artean Joseba Etxeberria (Elgoibar, Gipuzkoa, 1977). «Bukaresteko porrotak heldutasuna emango dio taldeari. Talde gogorragoa da orain Athletic», esan dio kapitain zuri-gorri ohiak BERRIAri. Europako Ligako finaletik «ondorio onak» atera dituztelako, eta gaur egungo Athleticek «berezkotik ere dezente» duelako, konfiantza «handia» dauka Etxeberriak taldearengan.

Madrildik Koparekin bueltatzea ez dela erokeria iritzi dio. Bistan da ez duela galdu jokatzen zuenean erakutsi zuen baikortasuna, jokalari bat lehiakorra izateko ezinbestekoa baita bere jokoan itsu-itsuan sinestea. Arlo horretan, oilarrak ez zuen parekorik izan. Baina kirolari orok berez izan behar duen konfiantzari derrigorrean gehitu behar zaizkio datu objektiboak inguruak ere miraria posible dela barneratu dezan. Alde horretatik, argudio bat baino gehiago jarri du mahai gainean Etxeberriak. Pisu handiena duena bai Bartzelonak eta bai Athleticek orain duten maila aztertu ondoren ateratakoa da. Haren ustez, bi taldeen artean ez dago 2009an Mestallan jokatu zuten finalean zegoen aldea. «Bartzelonaren eta Athleticen arteko aldea murriztu egin da. Ez dauka zerikusirik nik jokatu nuen finalarekin».

«Joko maila» da arrazoi bat, eta «presioa» beste bat. Lionel Messi eta enparauak ohituak daude presiopean jokatzera. Baina, Etxeberriaren ustez, presioak «beti» eragiten du. Futbolera iraultza ekarri duen taldearen kontra jokatzeak ez omen dio kalterik egingo Athletici. «Guztiok onartzen dugu faborito argi bat dagoela, Bartzelona, eta horrek mesede egingo dio Athletici. Presioa kenduko dio. Guardiolaren azken norgehiagoka izango da, eta garaipena eskaini gurako diote. Athleticek horrekin jokatu behar du».

Baina badago bete behar den premisa bat arrazoi horiek guztiek balio izateko. Athleticek Europako futbolzale guztien ahotan egoteko aukera eman dion jokoa dauka berreskuratu beharra. Mailarik onena eman beharko du. Bestela, nekez lortuko du Bilbora gabarra gainean bueltatzea. «Finaleko giltza nagusia Athleticek bere maila ematea izango da. Aurrealdean arrisku handia sor dezaketen futbolariak ditugu. Beraz, ondo jokatzen badugu, haien indarra baliatzeko aukera izango du taldeak».

Jokalarien malkoak

Talde batek eta besteak finala irabazteko duten aukera ehunekotan emateko eskatuta, Etxeberriak azkar erantzun du, zalantzarik gabe. «Bartzelonari %60 emango nioke, eta Athletici, %40. Baina ez da komeni ahaztea finalak xehetasunetan erabakitzen direla».

Baikor da kapitain ohia. Athletic txapeldun ikusten du. Beraz, final osteko argazkia ederra izango da: jokalariak eta zaleak pozez gainezka, lortu dutena ahal den neurrian barneratu guran. Izan ere, azken final bien ondorengo irudiak ez dira izan zuri-gorrien gustukoak. Jokalariak lur jota, negar malkotan agertzen dira Mestallako eta Bukaresteko finalen amaieran. Etxeberriak berak ere nahikoa lan izan zuen porrota barneratzeko. Askorentzat ulergaitza da jokalari profesionalak horrela ikustea. Gehiegizkoa dela iritzi diote, penatuta egotea gauza bat dela eta beste kontu bat haur jaioberrien antzera negarrari eutsi ezinik egotea. Aurrelari ohiak ez du zalantza egiten gai horren inguruan galdetuta. «Ez izan dudarik irabazten denean jokalariek dutela poz handiena. Bada, galtzen denean, gauza bera gertatzen da: futbolariak du min handiena. Zaleek indarra ematen dute, eta asko laguntzen dute, baina jokalariak aritzen dira zelaian. Gu ere pertsonak gara, eta sentimenduak ditugu. Beraz, final bat galdu ondorengo malkoak normaltzat hartu behar dira». Gainera, Etxeberriaren kasuan, urte askotako lehortea eteteko aukera huts egin ondorengo erreakzioa izan zen. Mestallako finala jokatu aurretik hamarkada bi baino gehiago baitzeramatzan Athleticek final bat jokatu barik; 1985eko Kopako finala jokatu zuenetik, hain zuzen. «Valentziakoa oso hunkigarria izan zen. Espero dezagun hemendik aurrera denbora gutxiago pasatzea final batetik bestera».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

«Nork bere koloreak ditu oraindik ere, baina etsaitasun txikiagoz»

«Nork bere koloreak ditu oraindik ere, baina etsaitasun txikiagoz»

Olaia Gerendiain - Gipuzkoako Hitza

Lau hamarkada baino gehiago patroi lanetan egin ondoren, Lujanbiok bukatutzat eman berri du bere jarduna. 24 urte zituela jo zuen goia, Kontxako Bandera irabazita.

Realeko jokalariak Mateu Lahoz epaileari kexuka, gaur, Bartzelonan. ©Andreu Dalmau / EFE

Amaitu da ligako bolada ona ere

Paulo Ostolaza

Neurketa irabazteko adina gol aukera izan dituzte txuri-urdinek, baina, azkenean, Espanyol izan da asmatu duena. Haserrea eragin du epaileak Isaki baliogabetu dion golak.

Elezkano, gaur, Azkoitian, pilotari ematen. Atzean, Irribarria. ©Gorka Rubio / Foku

Berriz ere amaieran hautsi dute neurketa Elezkanok eta Zabaletak

Berria

Neurketa berdindua jokatu dute Irribarriaren eta Rezustaren aurka, baina gehiago izan dira bigarren zatian.

Ezpeleta, gaur, txapela jantzita, Tolosan (Gipuzkoa). ©Gorka Rubio / Foku

Hodei Ezpeleta 'Bihurri', Euskal Herriko txapeldun

Berria

Eibartarrak Xabier Zalduak baino minutu eta 37 segundo gutxiago behar izan ditu lanak amaitzeko, Tolosan jokatu den txapelketan.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.