Gizatasun giro bat emateko

Kalakanek Madonnarekin MDNA Tour burutua du, baina hamaika proiektu abiatuak ditu; hori bai, argi du Live Nationen emmentala baino, «etxeko gasna» izan nahiago duela

Nora Arbelbide Lete.
Zuraide
2013ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Badira anekdotak; «Madonnak dutxan entseatzen zuen Sagarra jo», eta halako esaldiak, adibidez, Kalakanekoek Euskadi irratiko Faktoria saioan eskainiak. Badira dardarka ari diren irudi horiek, delako MDNA Tour horren Tel Aviveko lehen kontzertuan agertzera ematen dutenak Madonna euskaraz kantatzen, delako Sagarra jo, eta «Basque Country» ahoskatzen. Bada beste irudi hura ere, Psyrekin Gangnam style dantzatzen, Madonna aitzinean eta Kalakanekoak gibelean, sustatu.com-en ikusgai, komentario hau lagun: «Batzuentzat, pixkat zaila izanen da Iparraldera berriz jitea…». Badira zifrak, Billboard aldizkariak plazaratuak tarteko: 2012ko ikusgarri errentagarrienetakoa izan da MDNA Tour: 305.158.363 dolar ekarri ditu, 2.212.345 sartze eginik, 88 kontzerturen bidez. Edo beste hau: Madonnak 120 milioi euroko kontratua izenpetu omen du Live Nationekin.

Eta horren guztiaren arteketatik, badira hiru gizon, Xan Errotabehere Arrosakoa (Nafarroa Beherea) , Thierry Bizkarri Anhauzekoa (Nafarroa Beherea) eta Jamixel Bereau Senperekoa (Lapurdi). Kalakan taldea osatzen duen hirukote euskalduna, ikusgarrian zortzi kantu zituena. Euskaraz, baina ez bakarrik.

Eta orain, ea zer gelditzen den hortik… Hasteko, Ipar Euskal Herrira sartua da hirukotea, eta ez dirudi itzulera hain «zaila» izan denik. Eta, dena den, Londresera joanak dira jadanik, Labeque ahizpekin Ravelen Boleroa jotzera. Ondotik, diskoaren grabaketa segitzekoa dute, Parisen. Proiektuen kartoietan daukate Oreka TX taldearekin muntatzekoa duten ikusgarri berria ere abian.

Bi hitzorduen artean, Zuraiden elkarrizketako galderei erantzun die Bereauk. Horra etortzekoak zaizkio beste biak, azken errepika bat egin eta Londreserako bidea hartu aitzin, hain zuzen. Hor bizi da mementoko Bereau, lagun batek prestatu etxean, azken hori bidaian dela. Une honetan etxerik gabe dagoela dio irriz Bereauk, aitzinekoa utzirik bira aitzin. Irabazi diruarekin menturaz balukeela etxe bat erostekoa? Ez duela horretan pentsatzen, iharduki du, baina ez dakiela ere, eta gehitu du berdin zaiola funtsean, jatekoa eta edatekoa dueno…

Edatekoa, jatekoa, eta zenbait gogoeta ere ekartzen ditu Live Nation bulldozerrak. Futbol estadioak betetzeko gaitasun hori, eta hor, erdi horretan, Etxahun Irurik De Treville pastoralerako idatzi azken hitzak, emanaldi denbora a cappella ematen zituztenak Kalakanekoek: «Hori bera da denen istoria. Herioak bardintzen handi-txipiak. Zeren ilüsione bat bera da Lürren gaineko gure pasajea».

«Herioak bardintzen handi-txipiak…» esaldiak oihartzun berezia dakar hemen, eta galderak ere bai. Handi horrek, Madonnak, Live Nation horrek, zer interes bertset ttipi hori futbol estadioetara ekartzeko? Maila horretan, interes eta estrategiak aipatu baitaitezke. «Haiek nahi zuten, haiek organic deitzen duten hori. Hainbeste tresna, elektronika eta horrelakoak emanaldi horietan… uste dut behar dutela, edo nahi dutela, momentu bat, horrela, publikoarengandik hurbil. Sagarra jo pasatu eta dagoen momentu hori hautatzen zuen publikoari mintzatzeko [Madonnak]. Gizatasun giro zerbait emateko, uste dut horrelako talde bat behar zuela bere emanaldian».

Eta zergatik Kalakan gizatasun horren emaile? Labeque ahizpa pianista famatuak izan dira bitartekari, baina oinarri ere nonbait. Ravelen Boleroa jotzeko perkusio bereziak nahi zituztela bi ahizpek, txalapartaren ideia ekarria izan zitzaien. Eta horrela hasi zen guztia. Hortik jalgi zen taldea, hain justu. Labeque ahizparik gabe Kalakan talderik ez zela izanen argi du Bereauk. Eta Labeque ahizpak, Madonnaren lagun. Eta hortik, beraz, biziak egin duen hori.

Horra Madonnaren aldea. Baina Kalakanen kasuan, kafeinarik gabeko world music delakoan galtzeko arriskurik? «Zuk kafeinagabe atzematen duzuna, beharbada beste bati ez zaio horrelakoa iduriko. Hori subjektibotasun hutsa da. Nork ematen ditu mugak? Kultura baten osagarri ona kaka ekoizteko kapable izatearekin neur daitekeela aipatzen du Iban Rusiñolek bere Bost litro film laburrean. Nik uste dut denak libre garela nahi duguna egiteko. Kantu zahar bat hartzen duzularik eta erabakitzen baduzu moldaketa berri bat egitea, beti zaila da. Nire galdera bakarra da ea gustatzen zaidan».

Gustu kontu bat, eta «hautsi-mautsi» kontu bat ere. Harreman guztietan bezala. Eta ehunka langile elkartzen dituen ikusgarri batean, berdin. Orkestra baten moduan konposatu behar ikusgarriko elementu guztiekin eta arduradunekin. Orkestra edo fabrika handi batean bezala, azken finean. Adibide bat emateko, Kalakanekoak, tibetar fraidez jantzirik, gibelean intsentsuaren itxurako zerbait botatzen ari direla, Birjina gaztetto bat zegoen kantatzen zuten une batean.

Langile bilakatuak

«Guk izenpetu ditugu gure kontratuak. Kontratu hori izenpetzen duzu, eta langile bat bilakatzen zara. Besterik ez. Hor zara, zure kantuetako bat hautatua izana baita. Eta, gero, behar duzu onartu zure kantua emanaldian sartuko dela, eta badakizu ez duzula azken hitza ukanen beti, ezta zure kantuaren kasuan ere. Ez da beti erraza, baina hala da».

Eta estruktura handiago, eta kontuak korapilotsuago. Jende gehiago eta askatasuna murritzago, horrela laburbiltzen du gaia Bereauk. «Matematikoa da». Hori bai, orain, estruktura handi batek zer suposatzen duen badakite Kalakanekoek. Eta haiek egitura ttipiagoak nahiago dituztela, hori ere, orain, badakite. Konparazio bat egiteko, gasnaren adibidea zaio bururatzen. Gai hori taldekideen artean anitz jorratu dutela dio: «Nahiago dugu artzain xume batzuk izan eta gure gasna egin etxean, eta merkatu ttipi batzuetan saldu zuzenean. Ez dugu Emmental produktore bat izan nahi. Live Nation Emmental fabrika bat da». Hor ere hautu kontu bat: «Gasna egin nahi baduzu munduaren erdiarendako, gasna arrunt neutroa behar duzu. Ez gustu anitzekin, baina denei gustatuko zaiena». Baina emmentalak etxeko mozkin horren irudia behar, nonbait, bere burua zuritzeko, bere burua hobeki saltzeko? «Bai. Publizitatean bezala. Ez dute erakutsiko egiazki non eta nola egina den gasna hori, baserri bat dute erabiliko».

Emmental, etxeko gasna, fabrika, hautsi-mautsi, Tibeteko fraide... baina baita ere, oinarrian, musika eta ikusgarriaren emaitza. Pozik eta harro utzi ditu hirukotea. Urtebeteko esperientzia paregabea eskaini.

Ororen buru, pop musika eta euskal kantu tradizionalak ez direla hain urrun deritzo Bereauk: «Pop musika, musika sinple bat da, xumea eta denentzat. Eta gure musika tradizionala ere gauza bera da. Musika popularra zen. Gure olerkariak baserritarrak ziren, jende xume eta normalak. Gure errepertorioa hor sortu da, jendeen artean».

Hortaz, pop musika eta herrimusika uztartzea «naturala» izan zaiela dio Bereauk, arduradun artistikoei musika lezioak emateraino. «Gure baitan badugulako euskal errepertorio hori eta baita ere musika modernoa, rocka, R&B-a... Txikitatik entzunak ditugu, maitatu, eta batzuetan kantatu eta jo ere». Arduradunentzat, berriz, Kalakaneko kideek proposatu harmonia moldaketa batzuk hasieran ulergaitzak ziren. Kevin Antunes zuzendari artistikoak ez zituen belarrian: «Ez ziren nota faltsuak harentzat, baina hori da... kultura kontua».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.