Eduardo Apodaka. Soziologoa eta filosofoa

«Norberatasuna politizatu behar da»

Norberatasunaren eraikuntza gertakari sozial eta politiko bat dela agerrarazi nahi izan du Eduardo Apodaka idazleak 'Norberaren autonomia krisian' izeneko saiakerarekin.

JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
2012ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Norbera norbere arauen egile izatea, horra autonomia zer den. Eta ideia hori hartu du Eduardo Apodaka soziologo eta filosofoak (Bilbo, 1965) bere azken libururako ardatz gisa; Norberaren autonomia krisian (Pamiela). Juan Zelaia saiakera saria irabazi zuen, eta atzo egin zuen liburuaren aurkezpena. Atenasko demokraziarekin abiatu zen autonomiaren asmoa, eta modernitateak bultzada eman zion. Asmoa ez zen gauzatu, ordea, eta etxekotuz joan da ideia, egilearen hitzetan. Gaur egun, kontsumo gai bilakatu da. Eta indibidualismoa saldu nahi izan dute, autonomiaren maskarapean. Behin eta berriz aipatzen zaigu norbanakoa dela errealitatea ulertzeko modu bakarra, baina izaki soziala da gizakia, eta norberatasunaren eraikuntza ere gizartearekin lotuta dago. Ezin, beraz, norberatasunik landu, gizarteko harremanak landu gabe. Ezin norbera izan, auzoa gabe. Hori da Apodakaren aldarrikapena, baina «absentismo soziala» da nagusi.

Diozunez, modernitatean eraiki beharreko zerbait zen norberaren autonomia; egun, aldiz, kontsumitzen den zerbait. Zer ondorio ditu horrek?

Modernitatean ezin da hitz egin autonomiaz, autonomia proiektuaz baizik, azkenean, autonomia asmo hori ez zelako bete. Proiektu bat izan da beti autonomiarena. Jende askok egin du bat harekin, bai maila indibidual eta baita maila kolektiboan ere. Eta bi plano horiek uztartu direnean lortu da proiektua aurrera eramatea. Lehen, egiteko zen zerbait zen autonomia; orain, eginda erosi nahi dugu. Erostearen logika osoarekin: aukeratu, erosi, erabili eta bota. Kontsumoaren logikarekin, ordea, ez da lortzen norberatasun bat, baizik eta norbera hustea.

Sare sozialaren desegitea aipatzen duzu liburuan.

Ikusten dena da lehen landu egin behar zirela harremanak, eta gatazkatsuak izan zitezkeen. Nola antolatu bizitza elkarrekin? Hori zen galdera. Orain, erabaki dugu bizitza ez elkarrekin antolatzea, baina, besteak behar ditugunez, hautazko besteak topatuko ditugu. Paradigmatikoa iruditzen zait zenbat agentzia ari diren sortzen lagunak edo bikotekidea topatzeko. Lehen egin behar genuen lan bat ez dugu egin nahi, eta diruaren laguntzaz osatu nahi dugu.

Autonomiaren garrantziari buruzko mezuak etengabeak dira, baina erretorika hutsa bihurtu dela diozu.

Nik liburua idatzi dut autonomiaren alde. Nik defendatzen dudan autonomia eta indibidualtasuna jende artean lortzen da. Gure izate sozial hori eraikitzeari ekitean. Baina autonomia kontsumorako gai preziatutzat du jendeak egun. Jendeak nahi du bere bizitza gobernatu eta arautu. Hori da autonomia. Baina ezintasun batean gaude, sistemak oztopatzen digulako autonomia hori. Ameskeria da pentsatzea autonomia eros daitekeela. Ezin da izan prêt-à-porter moduko kontsumo gai bat.

Norbanakoaren autonomiaren ideiak historian izan duen bilakaera aztertzen duzu liburuan. Argi ageri da haren atzean badela motibazio politiko bat, garaiz garaikoa. Diozunez, gaur egungo egoera kapitalismo globalarekin dago lotuta, baina lotura politiko hori ezkutukoa da.

Norberatasuna politizatu behar da. Pentsatzen dugu oso bereziak eta oso bereiziak garela, eta gure baitan daukagula halako muin apurtezin bat: gure benetako nia-edo. Halako kontuak politizatu behar dira berriro. Jakin behar dugu garena botere harremanetan sortua dela eta harreman horiek ikusteari muzin eginez gero ez dugula ulertuko nor garen.

Diozunez, norbere autonomia bada mundua eraldatzeko modu bat.

Autonomia baino gehiago, autonomia asmoa. Ideia utopiko horrek gidatu ahal gaitu mundua aldatzera. Geure burua aldatu nahi dugun neurrian mundua aldatuko dugu, eta alderantziz; geure burua aldatu ahal izateko, inguruko botere harremanak aldatu behar. Emakumeen borrokan oso argi ikusten da hori. Zeure burua politizatu behar duzula ikusi zuten haiek. Gertatzen zaizuna ez zaizula gertatzen zu zeu zarelako, baizik eta gizarte honetan postu eta izate bat eman dizutelako. Egitura sozialetan jaiotzen, gorpuzten eta egitura sozialetan gara. Hori ahazten baldin badugu, eta geure burua autonomoa izan daitekeela pentsatu beharrean autokrata izan daitekeela pentsatzen badugu, ez dago aterabiderik.

Euskal Herria ardatz izeneko libururako egindako gogoetetan nazioaren ideia zen gai nagusia. Oraingoan, paragrafo bakarra eskaini diozu, baina lotura bat bada bi lanen artean.

Egiten ditudan diagnosi batzuk gure kasuan zehaztu egin behar genituzke. Agian, hemen ez gaude hain gaizki. Okerrago daude Paris, Berlin edo New Yorken. Hemen oraindik baditugu gutasunaren aldeko keinu eta praktika batzuk. Estatu bat ez dugunez eta herriaren ideia errotu xamarra dugunez, errazago ulertzen da auzotasuna eta auzolana zer den. Liburukoak, halere, hemen ere aplikagarriak dira. Mendebaldeko gizarteko parte gara, eta AEBetako olatu hori ari zaigu heltzen. Sintomak badaude.

Sindrome bat da, kasik, liburuan azaltzen duzuna, eta izena ere jarri diozu: absentismo soziala.

Jendeak dimisioa aurkeztu duela herrigintza eta jendartegintzan. Ez du horretan lanik egin nahi; asko jota erosi egin nahi du.

Kukutza gaztetxeari, Txileko ikasleei eta Greziari eskaini diezu liburuko azken hitza. Esperantza printza bat?

Neoliberalismoak esaten duena da nork bere arazoez arduratu behar duela, eta nik liburuan proposatzen dut kontrakoa. Kukutzan, Bilboko auzo batean, auzotasuna, bizitasuna eta elkartasuna sustatu zuen egitasmoa bertan behera bota zuten egun bakarrean interes pribatuen izenean. Ez zegoen beste arrazoirik. Beste kontsiderazio guztiak kanpoan utzi zituzten, eta halako irizpide bat ezartzen duzunean beste guztiaren gainetik, ezartzen duzu heteronomia autonomiaren gainetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.