Erantzunez betetako itaunak

Azpeitian Sortzaileon Topaketen lehen egunean parte hartu duten hogei bat sortzaileek askotariko galderak eta hausnarketak egin dituzte beren zereginari eta hark duen oihartzunari buruz.

Talde txikitan bildu ondoren, bilera orokorra egin zuten sortzaileek amaieran. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Juan Luis Zabala
Azpeitia
2012ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Zenbateraino errespetatzen da sortzailearen sormena eta haren sormen bideen independentzia, handik eta hemendik gai jakin batzuen inguruan sortzea eskatzen zaionean? Nola hautsi sei urtetik gorako haurren hezkuntzan modu sistematikoan ezarri ohi den bereizketa, zerbaiterako balio duten gauzen eta ezertarako balio ez duten gauzen artekoa? Sortu duena sustatzea ere badagokio sortzaileari, eta, hala baldin bada, zein neurritan? Egia da euskal sortzailearen huts edo gabezietako bat dela ez jakitea bere lana saltzen? Zergatik jotzen da susmagarritzat, euskal kulturaren munduan, asko saltzea edo arrakasta izatea? Galdera horiei eta horien gisako beste askori bueltaka eta eztabaidan ibili ziren atzo, talde txikitan bilduta, Azpeitiko San Agustin kultugunean, Sortzaileon I. Topaketen aurreneko ekitaldiko 20 bat parte hartzaileak.

Galderek asko zuten erantzunetik, eta izan zen proposamen kutsuz zamatutako itaunik ere, hala nola ez ote litzatekeen sortu behar arlo eta adierazpide guztietako euskal sortzaileek zilegitzat joko luketen elkarte bat, gizarte eragileak eta agintariak estu hartzeko balio lezakeena.

Antolatzaileek aurretik idatziak zituzten galdera ugariei beste galdera batzuk gehitu zizkieten, beraz, topaketetako parte hartzaileek, erantzun zehatzak baino gehiago. Hala ere, gaur, erantzun zehatz eta erabatekorik eman ez arren, gutxienez ondorio batzuetara iristeko ahalegina egingo dute.

Lehen urrats bat

Jarraipena izango duen bide beharrezko baten hasierako urratsa egin izanaren poza zuten atzo arratsaldean hala topaketeten antolatzaileek nola parte hartzaileek. Izena emandakoak 40 inguru baldin baziren ere, 20 sortzaile inguru bildu ziren azkenean, baina nahikoak, hala ere, euskal sortzaileen errealitatearen adar askori heltzeko eta topaketen ekimen berriari gorputz sendo bat emateko. Parte hartzaileen artean, sortzaile ezagunak eta ez hain ezagunak zeuden nahasian; ezagunenen artean, Ander Lipus, Lorea Agirre, Alberto Barandiaran, Josune Muñoz, Aiert Goenaga, Josu Camara eta Juantxo Zeberio, besteak beste.

«Helburua ez zen sortzaile kopuru handia biltzea», nabarmendu zuen Gotzon Barandiaranek, antolakuntza taldeko kide gisa. Barandiaran gustura dago topaketek izandako parte hartzearekin, bi motibo nagusirengatik: batetik, adierazpide eta lurralde askotako sortzaileak bildu direlako; bestetik, bilera taldeetan sortzaileak gustura parte hartzen ari direlako. «Talde txikietan bilduta parte hartzen dute sortzaileek, eta horietan inor ez dago mutu. Oso iritzi truke aberatsak izaten ari dira, eta ikusi da oso errealitate ezberdinak ditugula, baita adierazpide berberetan ere. Bai sormen lana, bai sormen lanaren hedapena oso modu diferentetan bizi ditugu batzuek eta besteek».

Hego Euskal Herriko lurralde guztietako sortzaileak bildu dira, eta adierazpide ia guztietakoak: musika, literatura, ikus-entzunezkoak, bertsolaritza eta arte eszenikoak. Dantzaren eta arte plastikoen ordezkaririk ez zen izan, Ipar Euskal Herriko sortzailerik ere ez, nahiz eta batzuk izena emanda izan. Horiek izan ziren hutsune nagusiak, baina hutsune horiek ez zieten antolatzaileei eta parte hartzaileei balorazio positiboa egitea eragotzi.

Eguerdi artean, Josu Martinez izan zen topaketetan, Zinez ekoiztetxeko ordezkari gisa, Donostiako Udalak Barrura begiratzeko leihoak film dokumentalari eman behar zion baina ez jasotzea erabaki duten diru laguntzaren inguruan gertatutakoaren berri emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.