Antzerkigintzaren lubakia

Euskarazko antzerkigintza du ardatz Aulestiko Antzerki Topaketak, eta bederatzigarren aldia du aurtengoa. Antolatzaileak pozik daude eskolekin eta herrian antolatutako emanaldietan jasotzen ari diren harrerarekin.

Aulestiko topaketetan eskolak jasotzen dabiltzan ikasleak luzaketak egiten, Marga Altolagirre irakaslearekin atzo izandako saioaren amaieran. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Aulesti
2014ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Makurra da euskal antzerkigintzaren aritmetika: «Antolatzen dute agian antzerki ikastaro bat Donostian, ematen dute izena hamar pertsonak, eta bakar batek euskararik ez jakitea nahikoa da dena erdaraz egiteko». Ezagun du eszena Ander Lipus antzerkigile eta Artedramako kideak, eta, hain zuzen ere, hori apurtzeko bultzatu zituen 2006an Artedrama Euskal Laborategia Topaketak Aulestin (Bizkaia). «Lubaki bat markatzea da ideia: hemen antzerkia euskaraz egiten dugu». Hori izan zuten abiapuntua, eta bederatzigarren aldia dute aurtengoa. Inoiz baino egitarau luzeagoa prestatu dute, gainera, aurten. Astelehenetik larunbatera arterakoa. Antzerki eskolak goizetik arratsaldera 15 ikaslerentzat, eta antzerki emanaldiak gau aldera gerturatzen den ororentzat. Matematikak zuzentzeko ahalegin bat da. «Hau egin egin behar da».

Ez dira bakarrik ari, ordea. «Pixkanaka, baina badoaz Aulestikoaren moduko esperientziak sortuz. Bakoitza bere formatuan, baina hor daude Azkoitiko Matadeixen egiten dituzten jardunaldiak, hor dago Leioako Kultur Maratila, hor dago Gernikan Atxiki festibala... Eta horrek ekartzen du gero eta ikuskizun gehiago daudela». Eta horri guztiari oinarria jartzea da Aulestiko topaketen helburua. Antzerkigile, irakasle, erdi-programatzaile, koordinatzaile eta aktore aritzen da Lipus Aulestiko topaketek iraun bitartean, eta antzera dabiltza antolakuntza dabiltzan gainontzeko kideak ere. «Aktibista kulturalak bilakatzen gara». Topaketak hasi aurreko urduritasuna aipatzen du, horregatik. Baina baita topaketak amaitu osteko zirrara ere. «Intentsitate handiko egunak dira».

Euforia puntu batekin atera dira ikasleak eskolatik, eta frontoi atzeko gelan dira orain atseden hartzen. Lehenago ere beste inoiz Aulestin egondakoak dira batzuk, eta lehenengoz bertaratu dira beste asko. Iñigo Azpitarte da azken horietariko bat. Antzerkigilea eta aktorea da, eta lehen topaketa du aurtengoa. «Oso lantegi polita da. Irakasleen maila ona da, eta dena da euskaraz. Proiektu berriak edo sorkuntza sena piztuko digu honek». Klasetik atera berri, eta hurrengo klasera sartzeko puntuan irribarretsu Irati Iturrate ere. Bigarren topaketa du aurtengoa. «Orain zortzi urte egin zen lehen topaketan izan nintzen, eta aurten etorri naiz berriz. Oso esperientzia ona izan dut bietan».

Urteroko odol berritzea

Espiritualtasuna dute ardatz Marga Altolagirre antzerkilari eta antzerki irakaslearen eskoletan. «Niri asko gustatzen zait pentsatzea pentsamendu guztiek energia bat sortzen dutela, eta horretaz kontziente izateak oso boteretsu bilakatzen zaitu. Ohartzen zara agian ez dela bakarrik dimentsio hau kontrolatu dezakegun bakarra. Saiatzen naiz ikasleei erakusten ideien munduan ere egiten dugula lan». Oinak putzu horretan bustitzera gonbidatzen ditu horregatik ikasleak. Donostian bere izena daraman antzerki eskola batean aritzen da Altolagirre irakasle, eta aurtengoa du lehen urtea Aulestin. Pozik. «Jende asko ezagutzen ari naiz, eta asko betetzen nau horrek. Oso garrantzitsua da niretzat artista gehiagorekin harremanetan jartzea».

Odol berriak pozten du Lipus. «Urtero irakasle berriak izaten ditugu, eta horrek esan nahi du arte eszenikoen formakuntzan badagoela jende bat ikasia dena eta prestatuta dagoena eskolak euskaraz emateko». Ez da Altolagirre soilik. Lehenengoz izan dira aurten Aulestin eskolak ematen Leire Ucha eta Julia Marin ere. «Irakasle asko pasatu dira hemendik, eta oraindik ere badira irakasle berriak beren metodoak, kezkak eta ikerketak plazaratzen dituztenak. Poza sentitzen da ohartzean badagoela materiala, badagoela zer emana, eta badagoela zer ikertua. Ikasleek egun badute aukera gogoeta egin eta euskaraz gehiago ikasteko».

Ez da soilik irakaskuntzaz ari. Azaldu duenez, azkenaldian hazi egin da euskarazko antzerki lanen kopurua. Topaketetan jokatu ahal izateko pieza bila aritu behar izaten zuten lehen, eta gero eta gehiago, aukeratu beharrean aritzen dira orain. Baikor da Lipus, eta azaltzen ditu zergatiak. Dioenez, behera egin du azkenaldian lan bera euskaraz eta gazteleraz jokatzen zuten taldeen kopuruak, eta gero eta pluralagoak dira euskaraz ikusi daitezkeen antzerki lanak ere. Baina bada itzalik ere: oraindik txiki da euskal antzerkia. Ez zaizkio erabat zuzen zenbakiak. «Gaur egun, oraindik ere, antzerkigintza amateurrean soilik da posible euskarazko pieza batean oholtza gainean hamabost aktoreko lantaldea ikustea».

Topaketekin egindako bideoa ikusteko, bisitatu gure webgunea: www.berria.info
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.