Pello Lizarralde. Idazlea

«Nik ez dakit basoa azkar zeharkatzen»

Hilketa batekin hasten da Pello Lizarralde idazlearen 'Orbanak' izeneko nobela, baina bere literatur ibilbide osoan bezala, kontakizuna bezain garrantzitsua da kontatzeko hautatzen duen modua. Esaldiz esaldi egiten du lan; patxadaz baina aske.

IIDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Iruñea
2012ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Liburu bat ukitzen duenean, hura idatzi duen pertsona ukitu nahi du Pello Lizarraldek (Zumarraga, 1956). Ez du literatura bestela ulertzen, eta urteak daramatza berak ere saio horretan. Denbora-pasako irakurketarik ez berean, ezta lehen orrian hasi eta azkeneko orrian amaitzen den istorio linealik ere. Esaldiz esaldi eraikitako literatura du berea. Nobelaren mugan dabiltzan nobelak. 1978an argitaratu zuen Hilargiaren hotzikarak izeneko lehen liburua, eta beste zazpi titulu baditu kalean geroztik. 2003an Euskadi Saria jaso zuen Larrepetit eleberria barne. Orbanak izenekoa da azkena (Erein). Basoan norbaitek hildako emakume bat, ihes egin nahian dabilen gizon bat, eta haren atzetik abiatzen den beste bat. Hori guztia eta hori baino ez: basoan hildako emakumea, ihesean dabilen gizona, eta haren atzetik abiatzen den beste gizona. Hori bakarrik, baita hori kontatzeko hamarkadaz hamarkada landutako kontakera ezin pertsonalagoa ere. «Norbaitek nahi badu irtenbide bat, edo erresoluzioa duen zerbait, nire liburuekin jai du».

Liburua irakurri ahala, etengabe izan dut esaldi bat buruan: idazlea da bere estiloa. Bat egiten duzu?

Eduardo de Filippo zinemagile neorrealista italiarrari irakurri nion estiloa bilatzen duenak heriotza aurkitzen duela, eta bizitza bilatzen duenak estiloa. Nik uste dut estilo ariketek eramaten dutela itotze batera. Ariketa antzuak izaten dira gehienetan, eta batez ere estetikoak. Baina beste zerbait bilatzen baduzu, eta garrantzi handia ematen badiozu idazten duzun lerro bakoitzari, agian, aurki dezakezu zure ahotsaren antza duen zerbait. Zure barne ahotsaren antza duen zerbait. Ez zara erabat gustura geldituko, baina, behintzat, ez duzu inor eta ezer traizionatuko. Nik ez dakit estiloa badudan. Nik ez dakit nola idatzi nahi dudan, baina badakit zer ez dudan idatzi nahi, eta nola ez dudan idatzi nahi.

Eta zer da idatzi nahi ez duzuna?

Generoko literatura arriskutsua iruditzen zait: pertsonaien psikologia oinarritzat duen literatura, literatura erretorikoa, eta, oro har, erakustaldiak egiten dituen literatura. Euskal Herrian izan zen gaitz bat, zorionez desagertu xamarra dena. Normalizazio urte latz haietan, bazegoen euskara homologatzeko asmoa, eta horrek menpekotasun handia ekarri zuen. Imitazioan aritu zen jende asko, eta egon ziren erakustaldi filologiko batzuk ere. Nik nahi dudana da literatura argia, zehatza, hitz gutxikoa... Ez da ezer erakutsi behar. Galderak egin nahi ditut nik, neure buruari lehenik eta irakurleari gero. Gainerako horiek guztiak gorroto ditut. Nik gazte xamar ikasi nuen zer ez nuen nahi. Hogei bat urterekin banekien Borgesek edo Garcia Marquezek erakutsitako bidea ez zela nirea. Baina irakurri ditut Peter Handke, edo Natalia Ginzburg edo Cesare Pavese, eta hunkitu naiz. Erakutsi zidaten mundu bat berria eta klasikoa aldi berean. Halakoei tiraka egin dezakezu zure bidea. Apal jokatu eta ezer urratuko ez duzula jakin arren, behintzat zurea izango da. Nahikoa da hori.

Zintzotasuna du Pavesek. Esango nuke zuk ere hori duzula helburu.

Niri gehien gustatzen zaizkidan idazleek jarraitzen dute Sherwood Andersonek Faulknerri eman zion aholku hura: «Idatzi ezagutzen duzunaz». Generoez ez naiz oso goxo aritu lehen, baina uste dut badaudela genero literatura egin duten idazle onak ere: generoa sortu zutenak. Orain nobela beltza deitzen duguna txiste bat da, baina nobela beltza idatzi zuten idazle amerikar haiek, haiek ez zituzten nobela beltzak edo gorriak egin; haiek egin zituzten nobelak. Konbentzio batzuk bazituzten, baina ez ziren konbentzio itogarriak. Gaur egun, parodia bat bihurtu da. Eta nobela historikoa esaten zaion hori da txiste guztietan txisterik handiena.

Generoen kontra zabiltzanez... Orbanak honek asko du westernetik.

Bai, baina hori zinema generoa da [irri egiten du]. Generoak zineman ditu konbentzioak; ez literaturan. Nik beti esan izan dut western tristeak idatzi ditudala. Azken batean, Greziako mitoa dago westernaren oinarrian, baina XX. mendera ekarrita. 60ko hamarkadan Vietnamgo gerrak mugarri bat jarri zuen generoarentzako ere. Eszeptizismoa hedatu zen orduan. John Ford eta besteak aitzindari izan zirela onartuta ere, bizi zuten garai hura ere besteak bezain latza zela ikusi zuten zinema zuzendariek. Monty Hellman, Robert Aldrich... Orduan hasten dira benetan agertzen indiarrak, eta haiekin egin zituzten triskantzak. Eta orduan hasten dira benetan haien hizkuntzan hitz egiten ere, ze ordura arte soinuak baino ez zituzten botatzen. Westerna maite zutelako desegin zuten westerna.

50eko hamarkada inguruko landa inguruan kokatu duzu liburua. Euskal literaturan askotan deskribatu da giro hori; fantasiaren bidez batzuetan, tremendismo kutsu batekin besteetan. Zuk oso barrutik kontatu duzu. Lehen pertsonan mintzo da pertsonaietako bat, eta ez da atzera begirako ezein exotismorik.

Hemen agertzen den mundu hori nik oso-oso umetan ezagutu nuen. 1956an jaio nintzen. Atxagak aspaldi esaten zuen Erdi Arotik garai atomikora pasatu garela oso denbora tarte txikian. Niri beti gustatu izan zaizkit zaharrak, eta txikitatik egon naiz haien artean esaten dutena entzuten. Nik ez nuen erakustaldirik egin nahi pertsonaia horren ahotsarekin. Ez nuen erakutsi nahi ze magnetofoi ona dudan. Gorroto dut magnetofoi literatura. Errealismoa asko gustatzen zait, baina naturalismoa ez. Ahots sinesgarri bat egin nahi nuen, eta, gainera, literariotik gutxi izango zuena. Ez nuen nahi metaforarik bota edo lirikarik egiterik... Ahots soil-soil bat nahi nuen. Adineko jendearen artean badaude kontatzaile bikainak, hizkuntza bihurritzen dutenak, eta badira ere betiko euskaldunak aise aritzen direnak eta gozo, baina erakustaldirik egin gabe. Horixe nahi nuen nik. Bere-bere baitatik ari den pertsonaia bat.

Gauzak kontatzeko moduaz ari da pertsonaia hori liburuan bertan: «Kontalariaren aldean, nik nahigo bertsolaria. Hark gehienbat ikusten duenaz hitz egiten dizu, eta asmatzen hasiz gero mundu honetako gauzak aipatuko dizkizu, ez du misterioa maite». Zure egiten duzu printzipio deklarazio hori?

Neurri batean bai. Pertsonaia ez da jaio mendian, ordokian baizik. Ez dago sortetxean, eta, gainera, ongi egon arren, inon gehiegi laketzen ez den pertsonaia da. Tradizio guztiek dituzte beren mitoak eta beren historiak. Maite dute gezurra, baina jantzia. Hala ere, gizarte guztietan izan da gauzak garbi nahi zituen jendea. Beti pentsatzen dugu jende hori mitoan murgilduta bizi zela eta dena zela ameskeria eta beldurra. Baina ez da erabat egia. Askok eta askok izan dute mundu horretan jakin-min egiazale bat. Zientziaren eta berrikuntzen aldeko ere izan dira. Badago liburuan landarezalea den pertsonaia bat, adibidez.

Harekin hizketan aritzea gustuko du lehen pertsonan mintzo den pertsonaiak. Tira, hizketan aritzea edo.

Bai isiltasuna da biek maite dutena. Eta isiltasuna maite duten pertsonen arteko elkarrizketak izaten dira bitxiak eta politak.

Natura da liburuko protagonista.

Nire liburu guztietan izan da hala, bai. Nik uste dut zentzumenek garrantzi handia dutela. Bat-bateko iritziak, juzkuak eta horiek azkar etortzen dira. Hausnarketa, berriz, asko begiratu, entzun eta ukitu eta gero sortzen da. Zergatik du hain garrantzi txikia alde sentsorialak hainbeste jenderen literaturan? Ezin dut ulertu. Uste dut pertsonaiak nola begiratzen duen erakustea barnekoa agertzeko oso bide interesgarria dela. Niretzat frakasoa litzateke esatea «halako triste dago». Hortik gora jo behar da. Mintzatu behar da argi, baina keinu itxuraz hutsalak kateatuta eman liteke pertsonaiaren berri.

Hiltzaileak bost bat aldiz errepikatzen du keinu bera liburuan. Lepoan duen orbana ukitzen du. Zergatik?

Garrantzi handia du horrek, bai. Babesa behar du berak, eta ordokian bilatzen du babes hori. Beti ematen du mendia dela babesa, baina basamortua izan daiteke babesik handiena. Isiltasuna beretzat babesa da, baina dena ezin du kontrolatu, eta bere mundua mugitzen denean egiten du keinu hori. Ziur ez dagoenean.

Bi paragrafotan kontatzen duzu herritarrek hildako emakumeari buruz duten ustea. «Libreegi» aritzen zela, alegia. Umeen arteko elkarrizketa xume baten bidez ematen duzu garaiko kode etiko osoaren berri.

Esaldi guztiak oso ongi aukeratzen ditut. Apurrak dira liburuko elkarrizketak. Jakingo nuke elkarrizketak nola egin, baina ez dut magnetofonorik nahi. Sartzen ditudan elkarrizketek behar dute sinesgarritasun handia izan. Oso kontzentratuta egon behar dira. Ezin da edozein gauza idatzi. Helburua ez da elkarrizketa on bat egitea, helburua da une on bat transmititzea. Horregatik, lerro guztiek dute garrantzia. Pasarte guztiek dute garrantzia. Hain zuzen ere, liburuak helmugarik ez duelako. Bukaera bai, baina helbururik ez. Aspaldi esana dut nire liburuak bi eten punturen arteko narrazioak direla. Lehen puntua baino lehenago badago zerbait, eta azken puntuaren ondoren ere bai. Liburuak badu lehen esaldia, eta badu azkena, baina liburua ez da hasten lehenengoarekin eta ez da bukatzen azkenekoarekin. Hori nahi nuke. Norbaitek nahi badu irtenbide bat, edo erresoluzio bat, nire liburuekin jai du. Helburua da lerro bakoitza, paragrafo bakoitza eta orri bakoitza irakurri beharrekoa izatea. Ez dira bide bat beste norabait joateko. Adibide bat jarriko dut. Mila modu daude pertsonaia batek basoa gurutzatzen duela kontatzeko. Esan dezakezu «basoa gurutzatu zuen»; edo «basoa gurutzatu zuen eta burua atzera biratu zuen bitartean»; edo «basoa gurutzatu zuen eta herrira heldu zen». Baina nik basora iritsita ezin dut pertsonaia hain azkar eraman batetik bestera. Esaten didate isiltasun asko dituztela nire liburuek, eta baliteke, baina nik ez dakit azkar zeharkatzen baso bat. Bitartean zerbait gerta daiteke.

Istorioa baino gehiago istorioa kontatzeko modua da zure liburuetan nagusitzen dena. Ardura handia dakar horrek. Kontakizun batek justifika dezake liburu bat, baina kontakizun argi hori gabe...

Niri inporta zait dena: dena. Lerro bakoitza. Norbaitek esan dezake liburu bati buruz hasiera ez zegoela oso ongi, baina gero harrapatu egin zuela istorioak, eta bukaera oso indartsua dela. Baina ez, ez. Nirean ez. Normala da irakurleei pasarte bat edo bestea gehiago gustatzea, baina kontatzen dudan ezer ez da beste ezertara heltzeko bide. Hau da hau. Kito. Lerro guztiek dute garrantzia, hitz guztiek. Ardura dela? Bai dudarik gabe. Ez dago trantsiziorik, eta ez dago garrantzi gutxiagoko ezer. Nik ez nioke nire buruari hori barkatuko. Nik idazten dut mantso, baina seguru. Denbora asko eskaintzen diot lan bakoitzari. Nire lanak itzultzea, adibidez, niretzako izango litzateke sufrimendu bat. Asko aspertzen naiz nire gauzekin. Neure buruari begira minutu bat baino gehiago ez dut pasatuko. Neure burua hurrengo urratsean dago.

Maiz esan duzu euskal literaturak ere aspertu egiten zaituela.

Noski. Badira gustuko ditudan gauzak, baina egia da. Oraintxe, adibidez, idatzi diren azken bi nobela gogoangarrienak, eta arriskurik handiena hartu dutenak beteranoek idatzitakoak dira. Oso kezkagarria da hori. Ramon Saizarbitoriak eta Koldo Izagirrek idatzi dituztenak. Abangoardia ezagutu zuten biek, oso bide propioa egin dute, eta bereari eutsi diote. Kontzesiorik egin gabe. Ez dut hori ikusten gazteen aldetik, eta oso kezkagarria iruditzen zait. Oso sintoma txarra da. Ez da euskal literaturgintzari dagokion kontu bat bakarrik. Postmodernitateak ekarri duen generoen apurketa-eta erabat desagertuko da. Euskarriari eta formari eman zaio garrantzia, eta niri barregarria iruditzen zait. Facebookek aldatuko duela literatura? Barrez lehertzen naiz. Bestela irakurriko dela? Beharbada. Baina esan behar dena da garrantzitsua. Hori ikasi ez duenak nerabezaro literarioa ez du pasa.

Nerabe literario asko ikusten duzu?

Bai. Generoen miresmen hori... Nobela beltz bat idatzi duzula esatea inozokeria bat da. Generoko liburu bat egin baduzu, eta nahita egin baduzu, arrisku handia duzu: pastiche-arena. Nik nahi nituzke irakurri hunkitzen nauten gazteak, baina ez ditut aurkitzen, eta susmoa dut dela oso gutxi irakurtzen dutelako. Dena ez da forma. Bizipenak jarri behar dira.

Idazle profesionalekin ere kritiko mintzo zara.

Ez dut sekula izan ameskeria hori. Uste dut idazle profesionalek profesional egin eta gero okerrago idazten dutela. Izan nuen aukera bat Euskadi Sariarekin.

Tentatu zintuen?

Ez. Hitzaldiak eta halakoak emateko eskaintzak izan nituen. Pare bat urte egin nitzakeen horrela, baina hori suizidioa litzateke. Bizimodu arruntetik aldentzen den idazleak okerrago idazten du. Konbentzituta nago. Baina serio idatzi behar da. Profesional baten gisa, baina beste gauza batean ari zarela. Merkatuaren agindupean daudelako idazten dute idazle profesionalek okerrago. Eta hori da morrontza ikaragarri bat. Hori da taxuzko literaturaren pozoia. Merkatuak ez du lehen bezala agintzen, gehiago agintzen du.

Arrisku bat gehiago, beraz, elkarrizketa hasierako aipuan: estiloa bilatzen duenak heriotza aurkitzen du, eta profesional denak merkatua.

Oso litekeena da okerrago idaztea, bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.