Ezarian. Bidaia eta Mendi Kroniken Lehiaketa

Mongolia, harrotasunaren aberastasuna

Herrialde oso zabala da Mongolia, baina planetako biztanle dentsitate txikienetarikoa du. Hango biztanle abegikorrek herrialdeaz beste era batera gozatzeko modua eskaintzen dute.
Aurrerapenez josten dituzte ger-ak.
Aurrerapenez josten dituzte ger-ak. JOSUNE OTXOTORENA

Josune Otxotorena -

2012ko abenduak 26
Zelako zirraragarria Gengis Khanen oinordekoen lurraldea zuzenean ezagutzea. Izan ere, nahiz eta bi erraldoien (Errusia eta Txina) pean luze iraun behar izan, nazio horrek burua tente eta harro dirau kultura nomada eta aspaldiko erritoak gaur egun arte gordez. Luze-zabalean Italia, Frantzia eta Espainia adinakoa izanik, planetako biztanle dentsitate txikienarekin, bere mendi, estepa eta basamortuekin ia turistarik gabe aurkitu dugu, eta gozatzeko aukera eskaini digu hiru astez egin dugun bidaian.

Ulan Bator

Hiriburua, izatez, abiatzeko leku interesgarria da. Halako estatu handi batean, 2,9 milioi biztanlerekin bakarrik, dena bertan gertatzen baita, horregatik hemen gauzatuko ditugu prestakizunak. Gure kasuan hiru astetan panorama iradokitzailea eskuratu nahian, derrigorrezkoa zaigu 4X4ak, txoferrak eta bitartekari lanerako gidaria ere lotzea.

Eginbeharrak eginda, hirian paseoan modernotasun eta gainbehera nahasketa, ekialdeko eta sobietarraren artekoa sumatzen da, kuriosoa. Paseoak Gandan monasterio berritura garamatza, hiriko atrakzio urrienetako bat, erditik 15-20 minutura oinez. Egia esan, UB, beraiek deitzen dioten bezala, erraz ezagut daiteke egun batean, ez du gehiagorako ematen. Ibilaldian aurrera jarraituko dugu Zaisan muinora, sobietarrek beren soldaduak ondratzeko eraikia, bertatik goitikako ikuspegi zabala dakusakegu: hiriaren kanpoaldera ger distrito populatuak alde batera, beste aldera eraikuntza berri modernoak, dirudunen eskura. Eta beste aldera, etxe arruntak aldamenean ger-ak dituztela; kultura, kultura da.

Erloju orratzen norabidean

Hiritik atera orduko, bide bazterrean dagoen ovoo baten ondoan geratu gara. Harriz eta egurrez egindako tontortxoa, txaman jarraitzaileek eta budistek ere gurtzen dutena. Guk ere, badaezpada, vodka eta esne botilatxoak pilan utzita, hiru buelta eman dizkiogu erloju orratzen norabidean bidaia segurua izan dezagun eskatuz.

Hiriburutik ez da asko urrutiratu behar edozein zibilizazio zantzu desagertzeko. 30 kilometrotan estepa berde izurtsua, bide antzeko bat eta gure autoak besterik ez daude. 10 kilometrotik behin ger multzoren bat ikusten da, eta behiak, ahuntzak, zaldiak eta ardiak nonahi… Bidetik kanpo ez dago inolako mugarik edo posterik, belarra eta abereak besterik ez. Lurra herriarena da eta edonork erabil dezake arazorik gabe, denentzako dago lekua lurralde zabal honetan.

Hemendik aurrera Gobi lehorreranzko bidean bitxikeria batzuk topatuko ditugu: 100 bat kilometrora Khustai Parke Nazionala, non desagertuta zegoen zaldi basati buruhandi bat, takhia, berreskuratzen diharduten. Haren bila atera gara ilun-bistan, baita topatu ere pare bat ar beren taldeekin trostan mendian behera ur bila. Hurrengo bi egunetan kilometroak egingo ditugu estepa berde loretsuan barrena, izan ere, uda euritsua izan denez, lurrak mota guztietako loreak ematen ditu barra-barra. Bidean lau-hankeko lagun asko ditugu, gameluak eta marmotak barne, eta airean arranoak eta putreak zelatan. Bide bakarra aspaldi atzean utzita, pista paralelo askotakoa bilakatzen da, batzuetan gurutzatzen direlarik. Gidariak uneoro zulo txikienak dauzkatenak eta helmugarako motzenak izango direnak aukeratzen ari dira, hemen esperientzia gradu handi bat da.

Horrela goaz aurrera Gobin barneratzen, baina munduko bigarren basamortu handiena ez da lehorra, Atacamakoa bezala; egia esan, hasieran estepa gaziak eta eremu erdidesertiko lauotan mendi biribileko bi gune berezirekin topatzen gara: higadurak eratutako arroka formazio mistikoa bat (Baga Gazar), eta kolore gorri-laranja-arrezkoa bestea (Tsagaan Suvarga). Handitasun honetako bi mugarri dira, eta bertakoek horrela gurtzen dituzte; guretzat, berriz, bista gozatzeko parada da, are gehiago, daukagun eguraldi paregabeaz.

Udan gauen arren, euria botatzen badaki, eta euripean ezagutu dugu eremu horretako beste bitxikeria: Yoli Am mendi zintzurra basamortuan, abuztuan eta izotz puska handi batekin; kontuak atera nola egongo den neguan. Ura dagoenez, fauna eta flora aberatsak dira, eta hango nagusia, sagu itxurako untxi txikitxo bat.

Hegoalderanzko bidean lur honen erraietan gordetzen den aberastasuna ateratzen ari diren meatzeen ondotik igaro gara, gogor ari dira txinatarrak eta errusiarrak ondasunak ustiatzen, negozio aukera bikainak profitatzen. Aldameneko bi erraldoiekiko harremana horrelakoa da: ez berarekin, baina ezin bera gabe; horrelako menpekotasuna du Mongolia independienteak.

Hareazko mendiak

Gobik 2.000 kilometro hartzen diu, Mongoliaren herena, eta %3a besterik ez da hondar itxurakoa. Baina bai ikusgarriak dituela Khongorin Els (hare kantariak mongolieraz) deituriko dunak, 130 kilometro luze direnak, zabalean 12 kilometroraino eta altueran 300 metrora hel daitezkeenak.

Eguerdian iritsi bagara, eguzkia goian behean, arratsaldera arte ez ditugu gameluak hartuko dunetan ibiltzeko. Turistada ona da, baina esperientzia ahaztezina dena arratsean eguzkia sartzen dunotan ikustea da: kolore gorriztak uhin formako mendixka hauetan hartzen duen kolore berezia, oinutsik duna ertzetik gorantza, edo saltoka beherakoan, haizeak hondarretan marraztu dituen marrak... Berriro ere zein txikiak sentitzen garen gure mundu handi honetan. Eta are txikiago gauean, Mongoliako zeruari begira, izarrak dizdizka, Esne Bidea eta inguruko konstelazioak guri so. Inolako argi kutsadurarik edo lainorik gabe, kontagaitzak dira zenbatu ditzakegun izar uxoak.

Inguruotako nomadak artzainak dira, baina ez dira aurreko hamarkadeetan adina mugitzen, izan ere gune egokienak ezagutzen dituzte dageoneko, eta ia denak daude motorizatuak. Horregatik, gero eta gehiago jotzen dute sedentario izatera. Beren etxe motak gordetzen dituzte, ger-ak, baina eguneratuak. Hauetako gehienek dute antena parabolikoa, eguzki panela eta motorra kanpoaldean. ┬źAurrerapena┬╗ denentzako!

Gure oasiak utzi, eta bagoaz Bayanzag aldera. Western filmeetatik ateratako paisaian barrena murgiltzen gara, esploratzaile moduan, edonon barreiatuta eta lur arre artetik ateratzen ari diren dinosauroen hezurduren bila. Zenbat museo bete ote dira hemengo materialarekin, gutxienez Ulan Bator eta New Yorkekoak bai. Eta museo bizi naturala pixka bat harantzago antzeman dugu: fosilizatutako zuhaitzez osaturiko basoa.

Kharkhorim hiriburu ohia lagata, iparralderantz joz, mendi artean sartzen gara. Lurra ez dago lotan, erreka biziak gurutzatu beharrak dauzkagu, eta, lurrari kea dariola, sumendi eremura sartu gara; Tsenherko balnearioan ur berotan bainua hartu eta gero, ur urdineko Terkhin Tsagaan Nuur edo Laku Zurira heltzen gara, ger-campa lurmutur batean kokatua, gure denda ur ertzetik metro batzuetara, paradisutik gertu. Khongol sumendia igotzeko aukera izango dugu, trekking batean bestelako bitxikeriak ikusteko ere bai, eta taigako paisaiak erakusten du 2.000 metrotan gaudela. Hortaz, eguraldi makurraren aurka, hotzak uxatzeko, barruko sua piztu beharra dago. Hemendik aurrera horretan espezializatuko gara, abuztua aurrera doa, eta gure ibilbidea Mongolian gorantz, Siberiarantz. Goizak eta gauak hotzak, izotza ere sumatu dugu behin baino gehiagotan.

Nomada abegikorrekin

Laku honetan osteratxo bat eginda, beste batera egingo dugu jauzi, Zuun Lakura. Paraje ikusgarri honetan ez gaude galduta, baina gelditu garenez, ezerezetik datorkigu jendea, airag-a, jak eta behor esnea eskaintzen, baita lotarako lekua ere. Horren bila gindoazen eta ezin uko egin; hala ere, hiru gradu dituen esne hartzitua benetan garratza da; itxura egiten dugu, baina ezin dugu gehiegi hartu. Zein abegikorrak diren mongoliar hauek! Bitan egon gara beraien ger-etan lotan eta zeukaten hoberena eskaini digute. Gainera, askotan keinuka komunikatuz, makina bat saltsatan sartu gara: xakean jokatu 94 urteko aitonarekin, umeekin jolastu, etxeko emakumeei jakak jezten lagundu…

Ger-ak egurrez egindako denda biribil antzekoak dira, sei metroko diametroa dutenak, eta oihalez, bazkaz, larruz eta plastikoz estaliak. Denek dute beren ate txikitxo bakarra hegoalderantz, sabaiaren erdian irekidura bat airea eta argia sartzen uzteko eta sukaldeko tximiniari irtenbidea emateko egokitua. Erdian sua dago bi zutabeen artean —-erne! Sakrilegioa! Ez pasatu inolaz ere beraien tartetik— eta atearen beste aldean aldare antzekoa, inguruan oheak eta esertzeko lekuak. Egurra kolore biziz margotua, izpiritu txarrak uxatzeko.

Afalondoan egin dugu opari trukaketa, umeentzako jostailu eta koadernoak arkatz, luma eta margoekin, emakumeentzako lurrinak, xaboiak; eta gizonarentzat vodka botila. Patriarkak trukean eman digu belar naturalez eginiko pomada antzekoa botilatxo batean. Vodka afalondoan hurrupaka hartuko dugu, bakoitzak hirutan edan beharra dauka, tradizioak agintzen duen bezala. Tragoxkaren ondoren, abestu. Euskal Herriko eta Mongoliako abestien errepaso ederra egin dugu. Hemen bilakatu da Mikel Laboaren Txoria txori bidaia honetako abestia. Jakina, bero goaz ohera, lur gainean botatako alfonbran gure zakuetan sartuta etzatera, gainetik mantak ditugula, gozo-gozo!

Goizean goiz jak-a jezten ari dela, UB-n ikasten ari den alaba gazteak zera diosku: udan bakarrik egoten dela hemen, hazienda urtean zehar gizonek zaintzen dutela eta neskek udan laguntzen dietela, gero unibertsitatera joan behar dutela, horregatik unibertsitarioen ehuneko handienak emakume kolorea duela. Eta umeak, eskola derrigorrezkoa denez, gertueneko hirira doazela.

Amaitzeko… Khovsgol Nuur

Aparteko aipamena merezi du Errusiako mugan dagoen Khovsgol Lakuak, Asiako ur gezako bigarren handienak, 132 kilometro luze eta 262 metroko sakonerakoak, Mongoliako ur edangarriaren % 70 gordetzen du. Mendiz inguratua, paraje magikoan kokatua, ezin amaiera hobeagorik eman gure bidaia bikain honi.

Tipietan hartu dugu aterpe, itsaso itxurako lakuari begira, inguruan zaldiz eta oinez egin ditugu ibilaldiak, Tsaatan etniakoekin egon, piraguan ibili, mongoliarrentzat maiteminduen lorea den edelweissen bat-edo sartu koadernotxoan, eta egunak bota egonean, presarik gabe… Mongoliako sentsazioak bidaia amaiera arte dastatuz.