Ezarian. IXA taldeak 25 urte

Informatika euskalduntzen

IXA taldea sortu zenetik 25 urte pasatu dira; denbora horretan, ordenagailuetan euskara erabili ahal izateko hainbat bitarteko sortu dituzte. Orain, ospakizun ekitaldietan murgilduta daude.

IXA taldeko kideak, haien ikur den X hizkia irudikatzen. XABIER ARTOLA.
2013ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Gaur egun, ordenagailua piztu eta sarean euskaraz nabigatzeko aukera zabala dago. Orain dela 25 urte, berriz, oso bestelakoa zen egoera. Orduan, gaur egun bezala, teknologian ingelesa zen nagusi, baina beste hizkuntza komunitateak hasiak ziren itzulpen eta egokitzapen lanak egiten.

Euskararen kasuan, IXA Taldea izenarekin elkartu ziren informatikari batzuek hartu zuten aitzindaritza. Euskal Herriko Unibertsitateko ikerketa talde bat dira; hasiera batean ingeniari informatikoz osatua bazegoen ere, gaur egun hainbat hizkuntzalarik ere jarduten dute diziplina arteko taldea osatuz. Hizkuntza ingeniaritza arloan euskara lantzeak bereizten ditu.

Ordenagailuak idatzizko hizkuntzaren ulermen eta prozesatzean hobetu eta sakondu dezan ikertzen dute. 25 urte hauetan, hainbat enpresa eta erakunderekin aritu dira elkarlanean, UEU, Euskaltzaindia, Elhuyar etaBERRIA, besteak beste, aplikazio, tresna eta baliabide desberdinak sortuz. Gaur egunetik begiratuta «zorionez» garaiz hasi zirela dio Iñaki Alegria IXAko kide eta sortzaileetakoak, horrek gaur egungo egoera ona ahalbidetu duelako haren ustez, «euskara posizio nahiko onean utziz informatika eta teknologien munduan».

Hasiera haietan, nazioarteanxake-jokoa, itzulpena eta zuzentzaileak ziren adimen artifizialeko erronkak; horregatik, IXAkoek atera zuten lehenengotariko aplikazioa Xuxen zuzentzaile ortografikoa izan zen. Alegriarentzat mugarri bat izan zen; «Xuxen deitzen ziguten guri ere», oroitu da garai haietaz, «disketeak erabiltzen genituen, pentsa nola aldatu diren gauzak».

Hala, informatikaren arlo honetatik sortzen diren produktu ezagunenak eta gehien erabiliak zuzentzaile ortografikoak eta itzultzaile automatikoak dira, baina IXAkoak haratago joan dira, eta euskararen morfologia, sintaxia eta semantika hobeto ulertu eta interpretatuko dituzten baliabideak ere asmatu dituzte. Idazlagun programa, adibidez, hizkuntza batetik bestera esaldi osoak itzultzeko gai den tresna da. Itzulpen automatikorako asmatu zuten aplikazioa Matxin da, gaztelania-euskara itzulpenak egiten ditu eta ingeleserakoa bidetan da gaur egun.

Ondoren, informatika eta teknologiaren garapen izugarriari erantzutea izan da gakoa: «Euskaldunok komunitate txiki bat izateak mugatzen gaitu, baina oinarriak jarrita daude», dio Alegriak. Horrela, Twitter, Facebook eta bestelako programak euskaratzea eta euskaraz erabiltzea posible da gaur egun. Horretarako, sortu dituzten baliabide desberdinetatik hiru nabarmendu ditu Alegriak: Euskararen Datu Base Lexikala (EDBL), euskararen informazio funtsezkoena gordetzen duen datu-base erraldoia; EuskalWordNet, hitzen adierak lantzen dituen datu-base semantikoa; eta EPEC korpusa, euskararen testu bilduma etiketatua.

Bertsoen kultura eta teknologia informatiko berriak uztartuz, bertsolarIxa aplikazioa sortu zuten; bukaera emanda hitz errimatuak aurkitzen dituena, bertsolaritzan hasiberriei lana errazteko sortua. Ildo beretik, Bertsorobot sortu zuten; bertsoak egiten dituen robot bat da. Bere momentuan sona handia hartu zuen; Andoni Egañarekin bertsotan ere aritu zen.

Euskararen inguruan lan handia egin arren, «nazioarteko bokazioz» jaio zirela gogoratu du Alegriak. Horren adierazgarri da gaur egun Europako lau proiektutan jardutea: Opener, Newsreader, Paths eta LoCloud. Azken biak Europeana Europako liburutegi digitalaren garapenari bideratuta daude.

Mende laurden pasatu ondoren, orain arte egindako bidearekin harro daude, eta berdin jarraitzeko asmoa dute, euskara, informatika eta talde lana uztartuz. Azken batean, «euskararen normalizaziorako ezinbestekoa da, informatika munduko erraldoiek askotan ez gaituzte aintzat hartuko, baina gure apustua da egunean egotea», dio Alegriak, «haiekin negoziatuz».

Aurrera begira, hizkuntza informatikaren ikerketa zentroarekin «amesten» jarraitzen dute. Zentro horretan, euskara ardatz izanda ere, nazioartean oihartzuna izan dezan, beste hizkuntza batzuekin jardun nahi lukete: «Guk gure lanean jarraituko dugu, matraka ematen».

Dena den, orain 25. urteurrenaren inguruko ospakizunak egiten dabiltza. Hainbat hitzaldi eta mahai inguru antolatu dituzte IXA taldearen historiari gainbegiratu bat egiteko. Horrez gain, sare sozialetan, #IXA25 etiketarekin taldearen urteurrenaren inguruan txioak idazteko deia zabaldu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.