Albistea entzun

Greba orokorra. Manifestazioak

Deia euskal erakundeei: «Desobeditzea da bidea»

Hego Euskal Herriko erakundeei «eskubide sozialen eta lan eskubideen alde» lan egiteko eskatu diete sindikatuek eta eragile sozialek

Deitzaileek ohartarazi dute greba orokorra «behar den guztietan» antolatuko dutela
Milaka lagun Bilboko Kale Nagusia betetzen, atzo eguerdian.
Milaka lagun Bilboko Kale Nagusia betetzen, atzo eguerdian. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS

Lander Muñagorri Garmendia -

2012ko irailak 27 - Bilbo

Urtea hasi denetik bigarrenez deitu dute greba orokorra egitera Hego Euskal Herrian. Eta bigarrenez «enpresak hustu eta kaleak bete» dituzte, Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiaren esanetan. Mobilizazio ugari izan ziren atzo herriz herri, baina garrantzitsuenak lau hiriburuetakoak izan ziren, denak ere jendetsuak. ELA, LAB, ESK, CNT, CGT, EILAS, Hiru eta EHNE sindikatuek eta eragile sozialek deitutako lau mobilizazio nagusietan, denetara 110.000 lagun inguru bildu ziren, haien arabera. «Balio handia dauka gaur egin dugunak», esan du Adolfo Muñoz ELAko ordezkariak, murrizketei aurre egiteko deialdia izan baitzen atzokoa. «Kapitalak bake soziala eskatzen du, guda egiten duen bitartean. Bada, gure aldetik ez dute ezer lortuko». Eta kaleek hori berretsi zuten atzo.

Bilbokoa izan zen manifestaziorik jendetsuena, eta han izan ziren sindikatu eta eragile sozialetako ordezkari nagusiak. Hiriko auzoetatik lau zutabe abiatu ziren goizean, eta, ondoren, denak plaza eliptikoan elkartu ziren. Handik milaka pertsonak Jesusen Bihotzaren plazara arteko bidea egin zuten, Euskal Herrian murrizketarik ez. Por los derechos laborales y sociales (eskubide sozialen eta lan eskubideen alde) zioen pankarta baten atzetik. Mobilizazio jendetsua izan zen; horren lekuko, manifestazio burua helmugara iritsi zenean jendea oraindik abiapuntuan zegoela. Hori ikusita, deitzaileak pozik agertu ziren atzo arratsaldean.

Atzoko greba orokorrarekin, murrizketen aurkako aldarrikapena egiteaz gain, agintariei ere eskaera zuzena egin diete sindikatu eta eragile sozialetako ordezkariek: desobeditzeko; Espainiako Gobernuak egiten dituen murrizketak hemen ez ezartzeko, hain zuzen ere. «Alternatiba sozial eta politiko bati bide emateko beste biderik ez da geratzen», Muñozen esanetan. Horregatik, Hego Euskal Herriko parlamentuei «eskubide sozialen eta lan eskubideen alde» borrokatzeko eskaera zuzena egin die. Hori egin ezean, urriaren 21ean egingo diren Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetan «Raxoik erabakitzen dituen murrizketak ezarriko dituen lehendakaria aukeratuko dugu, eta guk ez dugu hori nahi».

Murrizketen bide orriak, gainera, aurrera jarraituko duela aurreratu du Etxaidek. Gaur, Espainiako aurrekontuak aurkeztuko dituzte, eta horrek «pentsio, diru laguntza eta zerbitzu publikoetan murrizketa gehiago egiteko bidea zabalduko du». Hori ikusita, botere ekonomikoaren diktadura erreformaz erreforma «gero eta nabariagoa» dela azpimarratu du: «Merkatuek agindu, eta gobernuek gizartea mendan hartu».

Egoera horretan, Muñoz kezkatuta agertu da, orain arte egindako politikek ekonomia erreala «banpirizatu eta hondoratu» egin dutelako. Eta horrek murrizketa gehiago ekarriko dituela ziur agertu da. Baita Etxaide bera ere. «Egoera hau amaituko bada, guk gelditu beharko dugu. Izan ere, inork uste badu kapitalak ahal duen guztia lortzeari muzin egingo diola, tentel hutsa da; gobernuek uste badute espekulatzaileek uneren batean nahikoa dutela esango diotela, tentelak dira». Horregatik, egoera mobilizazioen bidez bakarrik aldatuko da, haren ustez.

«Langileen duintasuna»

Krisia hasi zenetik ELAk, LABek eta beste talde batzuek antolatutako bosgarren greba orokorra zen atzokoa. «Gehiegizkoa ez ote den galdetu digute behin eta berriro; justizia sozialaren alde kalera ateratzea ez da sekula gehiegizkoa izango», esan du Etxaidek. Eta LABeko ordezkariak ez du baztertu etorkizunean mobilizazio gehiago egitea egoerak okerrera egiten jarraitzen badu: «Behar denean antolatuko dugu». Eta nola jakin noiz den beharrezko greba orokorra egitera deitzea? Mugak zapaltzen direnean. «Eraso horiei erantzun handiena eman beharko zaio, eta hori beti izango da greba orokorra». Eta atzoko mobilizazioaren zergatia arrazoitzeko, muga guztiak gainditu direla esan du Etxaidek. «Greba honetara deitzea ez da gehiegikeria, langileen duintasuna baizik», aldarrikatu du.

Mobilizazioen bide horri eusteko jarrera erakutsi du, baita Muñozek ere. Haren esanetan, «kentzen ari diren eskubide horiek urteetako borrokaren emaitza dira, borrokarik gabe politikak ez baitio kontu sozialei garrantzirik eman beharrik». Horregatik, alternatiba eraikitzen jarraituko dute aurrerantzean atzoko grebara deitu zuten eragile eta sindikatuek. Izan ere, «garrantzitsua da neoliberalismo politiko eta ekonomikoari inongo babesik ez ematea gizartea pobretzeko bere asmoetan; ez dugu nahi burokrazia eroso egon dadin». Hori dela eta, erantzun sozialak eskatzen diren guztietan bide horri ekingo diotela aurreratu du berak ere.

Sindikatu eta eragile sozialak egiten ari diren mobilizazioen bidean, ordea, sindikatu eta eragile sozial deitzaileek izan dituzten aurkako jarrerak salatu dute ELA eta LABeko ordezkariek. «Primerako bozeramailea dauka patronalak, [Unai] Sordok bete duen lanarekin batez ere». Euskadiko CCOOko idazkari nagusiak atzoko greba orokorraren aurka «gehien esan eta egin» duena izan dela salatu du Etxaidek. «Lotsagarria ez, patetikoa da».

Miguel Angel Lujua Confebaskeko presidenteak esandakoa ere gogora ekarri dute. Haren hitzetan, mobilizazio eta greba orokorrak jai egunetan egin beharko liratekeela, lan egunik ez galtzeko. «Ez daukagu inongo asmorik eurei ongien datorkien egunean mobilizatzeko: gure agenda propioa daukagu», esan du Etxaidek. «Igandeetan mobilizatzeko eta prozesioan joateko esan digu, baina ez du esan meza aurretik ala ondoren egin behar diren», esan du ELAko buruak. «Patronalari eman diezaiokegun onena onarpena da». Beraz, grebak eurek, sindikatuek irizten diotenean egiten jarraituko dutela aurreratu du.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Iberdrolaren Wikinger parke eolikoa, Alemaniako uretan. ©IBERDROLA

INDUSTRIA KRESAL HAIZETAN

Irune Lasa

Energia berriztagarriak behar dira, gero eta gehiago, ahalik eta gehien. Argindar 'garbia' lortzeko itxaropena itsasoko haize errotetan dago neurri handi batean, eta, bereziki, haize errota flotagarrietan. Eta hor dago euskal industria.
 ©ARITZ LOIOLA / FOKU
Bretainiako hainbat arrantzalek sorgailu eolikoen oinarriak jartzen dituen itsasontzia inguratu zuten maiatzean. ©BERRIA

Itsasoko eolikoen ufada

Irune Lasa - Joxean Apeztegia

‘Offshore’ edo itsasoan eraikitako parke eolikoak finkoak edo flotagarriak izan daitezke. Itsasoan eraikitzeko arrazoien artean daude hango haizea egokia dela eta instalazioak sortzeko leku gehiago dagoela, batez ere ‘offshore’ flotagarrien kasuan. Aurreikusi dute 2050. urterako beharbada 1.000 GWeko potentzia egongo dela instalatuta munduan.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.