Libre dinamika abiatu dute «lan politikoa ezabatu nahi duten» epaiketen kontra

Alvarezek dio eskubide zibil eta politikoak ukatzea dela gatazkaren eta urriko epaiketen oinarria: «Disidentzia giltzapetu nahi dute»Manifestu bat aurkeztu dute auzipetuek, eragile eta norbanakoen babesa jasotzeko

Gorrotxategik, Alvarezek, Izagirrek eta Eskirozek aurkeztu zuten manifestua auzipetuen izenean, Donostian egindako agerraldian. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Hodei Iruretagoiena.
Donostia
2013ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
«Frantziako eta Espainiako estatuen mende bagaude, ez da guk nahi dugulako, libre izateko eskubide guztiak ukatzen zaizkigulako baizik». Hala adierazi dute urrian 35/02 sumarioan —HB, EH, eta Batasunarekin lotua dagoena— eta Segiko kide izatea egotzita epaituko dituzten 80 auzipetuek, Libre izeneko dinamikaren aurkezpenean. Izan ere, auzipetuek salatu dute Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea eta horren aldeko lan politikoa «ezabatzea» dela epaiketen helburu bakarra: «Horretarako, oinarrizko eskubidetzat dituztenak ere ukatzen dituzte».

Eskubide zibil eta politikoen aldeko eta epaiketen aurkako dinamika bultzatzeko, manifestu bat aurkeztu dute Joseba Alvarez, Jon Gorrotxategi, Mikel Eskiroz eta Olatz Izagirre auzipetuek. Bost aldarrikapen jaso dituzte bertan: epaiketa politikorik ez egitea; «eskandaluzko instrukzio bidegabeetan» oinarritutako epaiketa guztiak artxibatzea; prozedura judizial guztietatik «etsaiaren zigor zuzenbidearen» aplikazioa desagertzea; aniztasun politikoa eta elkartze, adierazpen nahiz askatasun politikorako funtsezko eskubideak «baldintzarik gabe» errespetatzea; eta elkarbizitza demokratikorako «oinarri sendoak» ezartzea.

Oinarri horiek aipatu zituzten uztailaren 8an zuzenbideko nahiz komunikabideetako hainbat profesionalek ere —besteak beste, Joxerramon Bengoetxea, Xabier Ezeizabarrena, Felix Cañada, Maddalen Iriarte, Feli Marin eta Paul Rios izan ziren han—, eta manifestua osatzeko horiek aintzat hartu dituztela azaldu zuten Donostiako agerraldian izan ziren auzipetuek.

Izagirrek azaldu zuenez, gizarteko nahiz politika alorreko eragileekin biltzeko asmoa dute orain, eta nazio osoan zein herriz herri gauzatuko dute dinamika berria. Oraingoz, urriaren 26an dute jarria ekintza nagusia, Bilbon Erasoen gainetik, Euskal Herria aurrera lelopean egingo den manifestazioan. Bestalde, libre.epaiketarikez.org webgunea jarri dute martxan, besteak beste, manifestuaren atxikimenduak jasotzeko. «Guztion ezberdintasunak kontuan hartuta, baina denon artean egin behar diegu aurre epaiketei», esan zuen Alvarezek.

Espainiaren jarrera

Konponbide prozesuaren inguruan Espainian gailentzen ari den «inboluzio jarrera» nabarmendu du Alvarezek, epaiketetan izango duten jarreraren erakusgarri. Datu adierazgarri bat ere bada: Aieteko Nazioarteko Konferentziaren eta ETAk jarduera armatuaren behin betiko etena iragarri zueneko bigarren urteurrenaren bueltan abiatuko dira epaiketak. «Armarik gabeko jokaleku batean ideia guztiak libreki defenda genitzakeela zioten, baina hara non gauden», esan zuen auzipetuak, eta «Euskal Herriaren aurkako erasotzat» jo zituen bi epaiketak. Izan ere, Euskal Herriaren eskubide zibil eta politikoak ukatzean dago, haren esanetan, gatazkaren oinarria, eta baita urriko epaiketena ere: «Disidentzia politikoa da kriminalizatu eta giltzapetu nahi dutena».

230 lagun, epaitzeko zain

Urriaren 14an hasiko Segiko kide izatea egozten dieten 40 lagunen aurkako epaiketa, eta handik lau egunera, 35/02 sumarioan dauden beste 40rena. Seina urteko espetxe zigorrak eskatu ditu fiskalak lehenengoen aurka, eta zortzi eta hamabi urte artekoak bigarrengoentzat. Azken horretan, Arnaldo Otegi, Jose Luis Elkoro eta Jon Garmendia ez direla epaitu behar esan zuen Vicente Gonzalez Mota Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalak, lehen ere «talde terroristako kide» izatea egotzita epaitu zituztela argudiatuta. Dena den, epaileak erabaki beharko du orain, epaiketa hasi baino lehen.

Handienetarikoak urrian hasiko direnak izan arren, horien ondoren ere etorriko dira ezker abertzaleko militanteen aurkako epaiketa gehiago. 230 lagun inguru daude oraindik epaitzeko, guztira, 1.000 urtetik gorako kartzela zigor eskaerarekin. «Gizarteak argi adierazi du halako jarrera antidemokratikoen aurka dagoela», esan zuen Alvarezek: «Mila eratan, elkartasunetik konpromisora pasatzen ari gara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.