'Herriko tabernen auzia'. Epaiketa Madrilen

110 tabernetako ordezkariek planto egin dute, ez daudelako auzipetuta

Prozedura Kriminalaren Legearen 692. artikuluak desjabetzearen kontra azaltzeko aukera ematen die, eta horretara joan diraFiskalak auzipetuen gisan galdekatu nahi zituen, baina 110 lagunak gelatik atera dira

Herriko tabernetako eta elkarteetako ordekariak, epaiketako lehenengo egunean, auzitegira sartzen. M. JARA / ARG.
Oihana Elduaien Uranga.
2013ko urriaren 31
00:00
Entzun
Bi aldiz joan dira, eta hitz erdirik egin gabe itzuli dira bietan. 110 herriko taberna eta elkarteetako ordezkariak ez daude auzipetuta. Taberna eta elkarteak arduradun zibil egiten dituzte, baina ordezkariak ezin dituzte zigortu. Taberna eta elkarteak beraiek zigortu ditzakete, ondasunen bahiketarekin, eta halaxe egiteko grina erakutsi zuen fiskaltzak atzoko ahozko saioan, Madrilen. 110 taberna eta elkarteetako ordezkariek, baina, ez zuten onartu auzipetuei ematen zaien tratua, eta uko egin zioten fiskalak egin nahi zien galdeketari. Aulkitik altxatu eta kanpora atera ziren, eta Marcelo Azkarraga eta Vicente Gonzalez Mota fiskalak galdeketak egiteko gogoz utzi. Horrela amaitu zen auzi saioa. Hasi bezala, inork galderarik egin gabe, eta inork erantzun gabe.

Atzoko saioan argi gelditu zen ez ohiko figura dela fiskaltzak herriko tabernen kontra erabili duena. HBk, EHk eta Batasunak ETA finantzatu zutela dio fiskaltzak, besteak beste, bere akusazioan, eta finantzaketa hori herriko taberna eta elkarteen bidez egiten zutela. Finantzaketaren errudun akusatuen aulkian eserita dauden auzipetuak egiten ditu, eta ez 110 taberna eta elkarteetako ordezkariak. Nolanahi ere, finantzaketaren tesi hori frogatutzat emango balu, taberna eta elkarteei desjabetzeko eskatzen dio fiskalak epaimahaiari. Arduradun zibil figurarekin daude auzian.

Fiskaltzak ezarri nahi dien desjabetze horri uko egiteko eskubidea onartzen die Prozedura Kriminalaren Legearen 692. artikuluak taberna eta elkarteei, eta horixe egiteko asmotan joan ziren atzo Espainiako Auzitegi Nazionalera. Beraien defentsek egindako galdera bakar bati erantzuteko asmoz. Fiskaltzak, baina, auzipetuei ematen zaien tratu berbera eman nahi izan zien, eta haiek galdekatu nahi zituela esan zion epaimahaiari. Gauzak argi ez dauden seinale, epaimahaiak ez zuen aho batezko erabakia hartu: bi epailek eskaera onartu zioten fiskalari, eta hirugarrenak, ez.

Baina, hori legez egiterik ez dagoela argudiatu zuten 110 taberna eta elkarteen defentsek, fiskalaren eskaerari kontra eginez. Izan ere, honela dio 692. artikuluak, hitzez hitz: Ā«Kalifikazio-idazkian erantzukizun zibila beste edozein pertsonari egotziz gero, hori ere auzitegira bertaratuko da, eta adieraziko du ea bat datorren kalifikazioaren ondorioetatik berari interesatzen zaizkionekinĀ». Alegia, ondorio edo eskatzen diren neurrien buruzko iritzia eman dezakete, baina auziaren muinari buruzko galdeketei buruz ez du ezer esaten.

Nolanahi ere, fiskalari galderak egiteko aukera eman zion epaimahaiak. Defentsek, haserre, legez galdeketak egiterik ez zuela berretsi, eta beren eskubideari eutsiz, auzi gelatik ateratzeko aholkua eman zieten 110 ordezkariei. Halaxe egin zuten: altxatu eta joan. Gehiago ez itzultzeko asmoarekin egin zuten, gainera. Izan ere, defentsak interpretatzen du fiskalari erantzuteari uko egitean desjabetzeari ere uko egin diotela.

Azaroaren 18an jarraituko du

Atzoko saioarekin amaitu da epaiketaren aurreneko zati handia. Epaimahaiak hilaren 18rako deitu zituen auzipetuak, eta jakinarazi zien aste horretan egunero izango dituztela auzi saioak. Lekukoen deklarazioak hasiko dira aste horretan. Nahiz eta egutegia zehaztu gabe dagoen, epaiketak luze jotzea espero da.

Herriko tabernetako eta kultur elkarteetako ordezkariek auzi saioetan ez egoteko baimena dute. Urriaren 17an egin zuten aurreneko auzi saioa, eta taberna eta elkarteen ordezkariek saio guztietara ez joateko baimena eskatu zuten aurretiazko gaietan. Epaimahaiak onartu egin zien.

36 lagun hasi ziren epaitzen urriaren 17an, eta 34rekin jarraitu zuen epaiketak, Josu Iraeta eta Jose Antonio Egido auzitik kanpo utzi ostean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.