Indarrak bilduko dituzte lurralde elkargoa bultzatzeko Parisen

Osatu berri den koordinaketan biltzen dira diputatu eta senatariak eta ekonomia, gizarte eta politika arloko eragile nagusiakIpar Euskal Herria aho batez mintzatuko da Parisko gobernuaren erabakian eragiteko

Koordinaketan dauden diputatu, erakundeetako ordezkari eta gizarte eragileak, atzo. Aho batez mintzatzera engaiatu dira. BERRIA.
Aitor Renteria.
Baiona
2013ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Indar metaketa lurralde elkargoaren xedea aitzinarazteko lanabesa izanen da, eta, eginkizun horretan eraginkorragoak izateko, xedea bultzatzen duten eragileek koordinaketa osatu dute. Horretan bildu dira Ipar Euskal Herriko senatari eta diputatuak, Frantziako Deszentralizazio ministroarekin bildu ziren ordezkariak, Hautetsien Kontseilua, Auzapezen Biltzarra, Garapen Kontseilua, Baionako Merkataritza eta Industria Ganbera eta Batera mugimendua. Hautetsi eta eragileek argi azaldu dituzte ildo nagusiak; batetik, Ipar Euskal Herrian berean xedearen aldeko adostasunak bildu eta indar metaketa horretan oinarrituz, presioa egitea Frantziako Gobernuari, onar dezan Ipar Euskal Herriak «aho batez» sostengatzen duen xedea.

Norabide orria finkatu du koordinaketak. Hautetsien Kontseilua herri elkargoekin bilduko da, lurralde elkargoaren xedea azaltzeko eta eskumenetan sakontzeko asmoz. Ondotik, Auzapezen Biltzarra auzapezekin bilduko da, eta eskatuko die sostengua adieraz diezaioten Hautetsien Kontseiluak egindako proposamenari.

Garapen Kontseiluan biltzen diren 120 eragileek xedearen inguruko informazioa landuko dute. Gauza bera eginen du Baionako Merkataritza eta Industria Ganberak, enpresa munduari xedea bultzatzeko interesa azaltzeko. Baterak ere gizarteratze lanari ekinen dio, eta apirilean mobilizazioak eginen ditu. Eragile guztiek elkarrekin komunikatzeko engaiamendua hartu dute.

Frantziako Senatuak martxoan aztertu beharko luke gobernuaren deszentralizazio proposamena. Atzerapena du, eta litekeena da ekainera arte gibelatzea bozketa. Alta, Marylise Lebranchu Deszentralizazio ministroaren teknikariak urtarrilean izan dira Ipar Euskal Herrian, eta Lebranchu bera jitekoa dela berretsi zuen Frederique Espagnac senatari sozialistak. Denborarik ez galtzeko eskatu zuen, eta legea bozkatu bitartean ahal bezain indar metaketa handia gauzatu behar dela azpimarratu zuen. «Parisek ulertu behar du Ipar Euskal Herriak aho batez sostengatzen duela xedea eta diputatu eta senatariek defenditzen dugun proposamen horren gibelean herri baten ardura dagoela, nahi eta behar duen erakundearen proposamen landua», erran zuen Espagnacek.

Herri baten boza

Manuel Valls Frantziako Barne ministroaren hitzen ondotik, gutxik espero dute Parisek Ipar Euskal Herriaren aitorpena edo lurralde elkargoaren onarpena egitea lege testuan. Aldiz, eskuin eta ezkerreko diputatu eta senatariek emendakinak adostu nahi dituzte. Ondoko hilabeteotan indarrak bildu eta xedea gizarteratzearen garrantzia nabarmendu zuen Espagnacek. Haren iritziz, diputatuen botoaren gibelean herri baten indarra eta erabakia dagoela sentitu behar du Parisek. Lebranchurekin izandako bilkura ekarri zuen gogora Jean Baptiste Etxeto Garapen Kontseiluko presidenteak. «Lebranchuk ulerrarazi zigun gure laguntza behar zuela guri laguntza eman ahal izateko».

Sylviane Alaux diputatu sozialistak aitortu zuen Ipar Euskal Herriak pisu gutxi duela Parisen. Aitorpenik txikiena «Errepublikaren» zatiketarako arrisku gisa ikusten dutela onartu zuen. Parisen aldarria ulertzeko zailtasunak daudela onartu zuen. «Afera honen inguruan, etsaiak baditugu Parisen». Ordezkari politikoak eta gizarte eragileak aho batez mintzatzea ezinbertzekoa dela azaldu zuen.

«Ipar Euskal Herriaren gobernantza arazoari konponbidea ematen dion tresna da lurralde elkargoa», azaldu du Lasserrek. Hautetsien Kontseiluak eta Garapen Kontseiluak egindako lanari esker, aldarriaren maila gainditu eta egiazki gobernantza bermatzeko eskumenak adostu dira. Hautetsien Kontseiluak «aho batez» onartu zuen proposamena. Baina Ipar Euskal Herrian berean badira kontrako iritziak, bertzeak bertze bozketan parte ez zuten hautetsienak. Mobilizazioa ahal bezain eraginkorra izatea nahi du Lasserrek, sekula lortu ez den indar metaketa errealitate bihurtzeko. Parisera begira, hizkuntza gutxituen arloan egin den bezala, bertze lurralde batzuetako hautetsiekin adostasunak eraikitzea da ondoko erronka, «lobby» lana egiteko. «Frantzian nehork egin ez duen lana egin dugu hautetsiek eta eragileek Ipar Euskal Herrian».

Beharrak finkatu dira arloz arlo. Behar horiek asetzeko, Ipar Euskal Herriaren aitorpenaz gain, lana egiteko tresnak behar direla azpimarratu du. Behin-behineko egiturak ditu aspaldian Ipar Euskal Herriak. Hauskortasun hori gainditzeko egitura horien buruan herritarrek zuzenean hautatuko dituzten hautetsiak behar direla dio. Lurralde elkargoa da xede hori ahalbidetzen duen tresna Lasserren iritziz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.