Vallsek Departamendu Kontseiluak desegin nahi ditu 2021. urterako

Interes Orokorreko Eskumena ere kendu nahi du, eta gaur egun horren arabera finantzatzen da hizkuntza politikaEskualde kopurua erdira apaldu nahi du 2021erako, egitura handiagoak sortzeko

Manuel Valls lehen ministroa, atzo, Frantziako Parlamentuaren aitzinean hitzaldia ematen. IAN LANGSDON / EFE.
Aitor Renteria.
Baiona
2014ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Manuel Valls Frantziako gobernuburuak Departamendu Kontseiluak desagerrarazi nahi ditu 2021erako. Frantziako Parlamentuaren aitzinean konfiantza eskatzeko bozketan egin du adierazpena. Deszentralizazio prozesuan kokatu du, bertze hainbat neurrirekin batera. Batetik, hainbat erakundek baliatzen duten Interes Orokorreko Eskumena ezabatu nahi du, Herri eta Hiri Elkargoak osatzeko irizpideak aldatu eta horrekin batera, Bizi Eremuak izatea antolaketa berriaren irizpide nagusia. Azkenik, 2017ko epean, Frantziako eskualdeak erdira apaldu nahi ditu, egitura administratibo handiagoak sortzeko.

Nicolas Sarkozy Frantziako presidente ohiak aitzinaturiko deszentralizazio xedean urrats bat gehiago eginen du Vallsek, Departamendu Kontseiluak deseginez eta lurralde kontseilarien eginkizuna bultzatuz. Erabakiguneak gaur egun baino urrunago egonen dira ondorioz, deszentralizazio xedea zentralizazio handiagoa bihurtuz errealitatean. Lurralde elkargoen eginkizuna indartu berri du Frantziak, herrien esku zeuden eskumen ugari haiei emanez. Alta, lurralde elkargoen neurria ere handitu nahi du, eta Bizi Eremuak dira horretarako proposatu duen irizpidea.

Biztanle kopuru handia duen eremua irudikatzen du Bizi Eremuak. Sozialistek garapen eskemetan bultzatu duten xedearen arabera, Ipar Euskal Herriaren kasuan, Lapurdi iparraldea eta Landetako hegoaldea izan daiteke. Gogoratu behar da Barne ministroa zelarik Vallsek uko egin ziola Ipar Euskal Herritik egindako lurralde elkargoaren aldarriari. Kantonamenduen erreformak ez zituen uztartu Ipar Euskal Herriko eta Biarnoko edo Landetako herriak. Adierazpen orokorra egin du Vallsek, xehetasunetan sartu gabe. Beraz, ez du argitu neurri horrek eragina izanen duen Ipar Euskal Herrian edota, Jean Marc Ayrault gobernuburu ohiak proposatu bezala, atxikiko duen Ipar Euskal Herria metropolis edo sindikatu misto baten egituran biltzeko xedea.

Ipar Euskal Herrian eragin zuzena ukan dezakeen bertze neurri bat iragarri du: Interes Orokorreko Eskumena kentzea, alegia. Gaur egun, hainbat erakundek diru sailak bultzatzen dituzte elkarlanean. Erakunde ezberdinek osatzen duten «mila-orriko» ereduarekin bukatu nahi du Vallsek. Alta, gaur egun sail ugari finantzatzen dira eredu horrekin, izan dadin etxebizitza sozialen eraikuntza edota hizkuntza politika bera. Euskararen Erakunde Publikoaren aurrekontua, adibidez, departamenduaren, Eskualdearen eta Estatuaren ekarpenei esker osatzen da.

Eskumenak norenak diren eta nolako baliabideak ukanen dituen argitu beharko du Vallsek. Orain, Hautetsien Kontseilua eta Garapen Kontseilua prestatzen ari dira Eskualdea eta Estatuak 2014-2020 eperako izenpetu behar duten Lurralde Kontratu berria. Hurrengo itunak oraingoa baino «ausartagoa» izan behar zuela eta «baliabide gehiago» ukan beharko zituela erran zuten bi egiturek. Vallsek zehaztu beharko du Akitania eskualdearekin duen xedea eta horren baitan, noren esku geldituko diren eskumenak, bertzeak bertze, hizkuntza politikaren garapena.

Eskualde kopurua, erdira

Izan ere, gaur egungo eskualde kopurua erdira apaldu nahi du Vallsek 2017rako. «Haien borondatez bat egin nahi duten eskualdeek jakinarazi ahal digute, baina proposamenik ez bada, gobernuak berak eginen ditu proposamenak 2015eko lurralde hauteskundeen ondotik», erran du Vallsek. Bretoien aldarrikapen historikoa da eskualde bakarrean biltzea, baina ikusi beharko da proposamenak tokia duen Vallsen xedean.

Aldiz, Akitania handitu eta bertze eskualde batekin biltzen baldin badu, erabaki guneak gero eta urrunago egonen dira Ipar Euskal Herritik. Kantonamenduen erreformak lurralde kontseilari bihurtuko ditu lehen departamendukoak zirenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.