Lebranchu Ipar Euskal Herrira jinen da Lurralde Elkargoaz mintzatzera

Espagnacek eta Lassallek erran dute Frantziak bake bidean engaiatu eta urratsak egin behar dituela, ETAk armak utzi edo ezLurralde Elkargoaren aldarriak gizartearen eta hautetsien oniritzia duela erakutsi du

Espagnac eta Lassalle, FR3-Akitania telebista kateak Ezpeletan antolatutako eztabaidan. GAIZKA IROZ.
Aitor Renteria.
Ezpeleta
2013ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Marylise Lebranchu Frantziako Deszentralizazio ministroa Ipar Euskal Herrira jinen da Lurralde Elkargoari buruz mintzatzera. Hori jakinarazi zuen atzo Frederique Espagnac Pirinio Atlantikoetako senatari eta PSeko bozeramaleak FR3-Akitania telebista kateak Ezpeletan (Lapurdi) antolatu zuen eztabaidan. Errandakoaren arabera, bidaia martxoa baino lehen izan daiteke, baina Espagnacek ez zuen iragarri egun jakinik. Ttotte Darguy eta Franc Omer kazetarien galderei erantzun zieten Espagnac eta Jean Lasalle diputatuek. Euskal Herriko gai politiko nagusiak ukan zituzten hizpide.

1. Lurralde Elkargoa

Francois Hollande Frantziako presidentearekin komunikazio zuzena zuenez galdetu zioten Espagnaci, «Eliseoko gaueko bisitariari». Hark azaldu zuen harreman zuzena duela Hollanderekin, baina ez diola deus eskatu etadeus ez zor. Espagnacen arabera, sozialistek euskal departamendua sortuko zutela hitzeman ondoren, hitza jan zuten 1981ean. Alta, orduan tokiko hautetsiak zatiturik zeudela nabarmendu zuen. «Orain, Lurralde Elkargoa sortzeko eskaria gizarteak egiten du, eta hautetsiek bat egiten dute horrekin». Herritarren nahi horri ezezkoa eman ahal izateko arrazoi sendoak aipatu beharko direla erran zuen, eta oraindik ez dituela entzun. Manuel Valls Barne ministroak tarte txikia uzten dio proposamenari, baina Espagnacek ez du galdu esperantza. Lebranchuren bidaiaren eta gobernuaren erabakiaren zain dago.

Lassallek jarrera aldatu du berrikitan: lehen, kontra zegoen, eta orain, alde. Gauza bera egin du Jean Grenet Baionako auzapezak. ETAk armak utzi dituela jakinarazi ondoren, errealitatea aldatu dela eta politikaren tenorea dela uste du.

2. Bake prozesua

Espagnacek azaldu zuen kritika gogorrak jaso zituela Aieteko Bake Konferentzian egoteagatik. Joan izanaz harro dago, baina. «Bakearen alde lan egitea herritarren bizi-baldintzen alde lan egitea da, edozein hautetsiren ardura». Aieteko adierazpenaren ondotik, ETAk armak utzi zituen. Espainia engaiatu edo ez, Frantzia bake prozesuan engaiatu behar dela argi du. Gatazkak sufrimendua, heriotzak, presoak, biktimak utzi ditu bi aldeetan. Haren ustez, hori gainditzeko iraganaren memoria atxiki eta elkarrekin urratsak egin behar dira. ETAk armak utzi edo Frantziak urratsa egin, agendan ez dutela lehentasunik azaldu zuen, urrats guztiak beharrezkoak izanen direlako.

Gerry Adamsek Aieten adierazi zuenez, konponbidea eraikitzeko 20 urte beharko dira. Urtebete pasatu da, eta gobernuaren urratsak, egotekotan, isilpekoak liratekeela onartu zuen. Emaitza publikorik ez egon arren, «sukaldeko» lana etengabekoa dela erran zuen, isilpean. Haren ustetan, hautetsien lana horren alde egitea da. Lassallek ere egindako lana gogorarazi zuen. «ETAk egindako keinuak ikusten ditut, baina ez Espainiako eta Frantziako gobernuenak». Gainera, estatuek eskaintzari argiago heldu behar diotela iritzi dio, bakea egin ahal izateko.

3. Aurore Martin

Aurore Martin Frantziak Espainiaratu zuen Batasuneko militantea guztiz libre gelditu arte borrokan segitu behar dela uste du Espagnacek. Preso sartu eta bi hilabetera, baldintzapean libre utzi zuen Espainiak. Erabakia txalotu zuen, baina ez dela aski gaineratu. Martin atxilotzea eta Espainiaratzea oker politiko larria izan zen, Lassalleren ustez. Kanporatze uneraino arduradun politikoei telefonoz deitu ziela jakinarazi zuen, erabakia gauza ez zedin.

4. Valls

Espagnacek ez du polemikarik nahi Vallsekin. Uste du Lurralde Elkargoaren inguruan egindako adierazpenek etsipena zabaltzen dutela. Alta, Elkargoaren sorrerak Frantziaren batasuna arriskuan jartzen duela erraten badu, Valls oker dabilela iritzi dio.

5. Karguen metaketa

Gobernuak karguen metaketa eragozteko legea ezarri nahi du indarrean, lurralde erreformaren eskutik. Karguren bat utzi behar badu diputatu eta auzapez karguak atxikiko zituela erran zuen Lassallek. Senatari postua atxikiko duela zioen Espagnacek. Baina parlamentariek herritarrengandik hurbil egon behar dutela erranik, ez zuen baztertu udal bozetara aurkeztea. «Donibane Lohizunen hazi nintzen, eta ez dut baztertzen egunen batean bertako auzapeza izateko ideia».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.