Urtarrilaren 11n Bilbo «itsaso» bihurtzeko kanpaina aurkeztu dute

Preso eta iheslarien eskubideen aldeko protestak ez du manifestazio itxura izango, ez pankartarik ez politikarien adierazpenikTantaz Tantak biktima guztien aitorpena eta presoak etxeratzeko bidea aldarrikatu du

Tantaz Tantaren ekinaldiarekin bat egin duten ehunka lagun bildu ziren atzo Astran. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Gernika
2013ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
«Ez da manifestazio bat izango, itsaso bat baizik»; hala aurkeztu dute urtarrilaren 11n Tantaz Tanta egitasmoak preso eta iheslarien eskubideen alde Bilbon egingo duen mobilizazioa. «Ez da betiko pankartarik izango, ez eta politikarien adierazpenik edo amaierako komunikaturik», zehaztu dute. «Herritarron esku hartze erraldoia izango da, zenbait orduz eta hainbat agertokitan hedatuko dena». Urtarrilaren 11n, Bilbon, euskal preso eta iheslarien eskubideen alde «ahalik eta eremu publiko gehien okupatzea» proposatu dute ehunka herritarrek. «Marea baten antzera, Bilbon ez ezik, testuinguru politiko eta sozial osoan» eragingo duen ekinaldia.

Konponbiderako prozesuak aurrerapausoak behar dituela ohartarazi dute sustatzaileek Gernikan egindako aurkezpen ekitaldian. «Gizarte honen gehiengoak atzean utzi nahi du sufrimendua, eta bakea nahi du herri honentzat». Horretarako, espetxe politika «garai berrietara egokitzea» ezinbestekotzat dute, «traba izan beharrean lagungarria izan dadin».

Baina euskal herritarren nahi horrek Espainiako eta Frantziako «elite politikoaren» interesekin «talka» egiten duela ikusi dute. Areago, Euskal Herriko klase politikoa ere ez dela gai izaten ari «egoera mugiarazteko». Hortaz, «balantzak giza eskubideen, konponbidearen eta bakearen alde egin dezan» giltza herritarren esku dagoela diote. Eta horixe sustatzera doazela iragarri dute. «Argi dugu blokeo egoera hausten laguntzeko modu bakarra jendartearen aktibazioan aurrera egitea dela».

Herrira-ren helburua horixe zela azaldu dute, eta horregatik jo zutela. Baina lan hori ez dela geldituko ohartarazi dute: «Herrira-ren kontrako erasoaren ondotik, ehunka, milaka euskal herritarrok hartu dugu lan horren lekukoa». Izan ere, seguru daude euskal presoen eta iheslarien giza eskubideen aldeko lana «hurrengo belaunaldiei beste etorkizun bat ziurtatzeko» modurik «onena» dela.

Horretarako antolatu dute urtarrilaren 11rako mobilizazioa jatorri askotako sustatzaileek, lelo argia aukeratuta: Giza eskubideak, irtenbidea, bakea. Euskal Presoak Euskal Herrira.

Kritikak, aitorpenak, ondorioak

Egitasmoan parte hartzen duten pertsonek «iraganari buruz ikuspegi kritikoak ere» izan ditzaketela azaldu dute aurkezpenerako manifestuan. «Pertsona gehiegik pairatu behar izan dituzten sufrimendu aniztunak» aitortzen ditu idazkiak. Baina konponbideari begira jarri nahi duela dio. Eta, sustatzaileen hitzetan, nazioarteko esperientziek erakutsi dute «gatazka bat itxi nahi denean» haren ondorioei heldu behar zaiela, ezinbestean. Biktima guztien aitorpenaren eta erreparazioaren alde egin dute horregatik, eta preso eta iheslariak etxeratzeko bidea egitearen alde.

Konponbidearen aldeko «jarrera proaktiboa» sustatu nahi dute oinarri horien gainean, seguru daudelako gizartearen aktibazioak baldintza berriak eragin ditzakeela: «Frogatuta dago herritarren mobilizazioak bide berriak zabaltzen dituela». Gauzak horrela, «ahalegin zintzo eta konprometituarekin» bat egitera deitu dute, mugimendu horren oinarria herritarrak izango direla zehaztuta. «Aldarrikapen alderdikoi oro alde batera uztea beharrezkoa dela deritzogu».

Egitasmoaren oinarri eta helburuak ere argi utzi dituzte: «Ekimen hau ez da jaio preso edo iheslariei babes edo sostengu politikoa emateko. Gure itsasoaren oinarrian giza eskubideen errespetua dago, baita uste sakon bat ere, hots, konponbidea eta bakea lortzeko behar-beharrezkoa dela pertsona hauek etxera itzultzeko bidea egitea».

Herriz herri

Aldarri horien inguruan, Bilbon jendetza bildu nahi dute antolatzaileek urtarrilaren 11n. Baina horrek aurretiaz lanketa handia eskatzen duela eta, kanpaina martxan jarri dute dagoeneko. Herriz herri eta auzoz auzo landuko dute deialdia, baita eremuz eremu ere; betiere, banakoen atxikimenduak bilatuta.

Ekinaldiak iruditzat hartu duen ur tanta izango dute euskarri nagusi, eta tanta horiek ahalik eta gehien zabaltzeko konpromisoa hartuko dute kanpainarekin bat egingo dutenek: ahoz aho atxikimendu gehiago bilatuta, batetik, eta ur tantaren irudia bera ikusarazten, bestetik. Tantaz Tantaren webgunean erakutsiko dute une bakoitzean noraino bete den «aktibazio sozialaren botila».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.