Foro Sozialeko gomendioetan sakontzeko solasaldiak

'Hitzorduak' goiburupean hainbat solasaldi eta mintegi antolatu ditu Lokarrik, urtarril eta otsailerako

Foro Sozialaren ondorioak aurkeztu zituztenean eztabaida ere egin zuten, Baluarten, iaz. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Oihana Elduaien Uranga.
2014ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Lokarri konbentzituta dago Foro Sozialetik ateratarako gomendioak betetzea ezinbestekoa dela bake eta normalizaziorako bidean urratsak egiteko. Eta gomendio horiek betetzea zuzenean berari ez dagokion arren, haietan sakontzeko lanean jarraitzen du. Haiek gizarteratzen. Askotan esandakoa errepikatu zuten atzo ere, komunikabideetara igorritako ohar batean: «Bake Bideak eta Lokarrik hainbat alditan adierazi dugu bizikidetza eraikitzeko orduan gizartearen protagonismoa indartzeko funtsezko tresna bezala herritarren parte hartzea bultzatzeko helburua». Horregatik, ondorioen inguruan hitz egiteko, Hitzorduak goiburupean solasaldi sorta antolatu du akordioaren eta kontsultaren aldeko herritarren sareak.

Bost solasaldi antolatu dituzte, oraingoz, biktimei buruz, presoei buruz, berradiskidetzeari buruz, egiaren aitorpenari buruz eta giza eskubideei buruz. Haietako bakoitzean gomendioetan jasota dauden gai horietako bat landuko da, eta «iritzi anitz» entzuteaz gain, «proposamenak errealitatean zehaztea ahalbidetuko duten ideia berriak sortzeko aukera» ematea dute xede.

Horretarako, gai horietako bakoitzean zeresana duten pertsonak gonbidatu ditu Lokarrik hitzaldiak ematera. Gorka Landaburu ETAren biktima eta kazetariak biktimez hitz egingo du; Karlos Ioldi preso ohi eta Harrera elkarteko kideak, presoei buruz; Juan Maria Uriarte Donostiako gotzain emerituak, berradiskidetzeaz; Komando Antikapitalistek hildako Juan Manuel Garcia Corderoren seme Iñaki Garcia Arrizabalagak, egiaren eta biktimen aitorpenaz; eta Andres Krakenberger Amnesty Internationaleko kideak, giza eskubideei buruz. Solasaldietan, gonbidatuek sarrera egingo dute, eta gero, parte hartzeko izena eman dutenek beren iritziak eman eta trukatzeko tartea irekiko dute.

Bost solasaldi horiez gain, mintegiak antolatzeko asmoa ere badu Lokarrik. Giza eskubideak, memoria eta bake prozesua Nafarroan izango da gai bat. Mintegi horiek adituentzat izango dira, goizez.

Solasaldietan parte hartzeko deia egin die Lokarrik herritarrei: «Azken finean, bakearen eraikuntza prozesu baten emaitzen hartzaileak herritarrak beraiek dira, eta, beraz, garrantzitsua da gizarteak prozesua eta lortzen diren aurrerapausoak barneratuta izan ditzan».

Nolanahi ere, Lokarrik ohartarazi du solasaldi bakoitzean 30 lagunentzat bakarrik egongo dela tokia, eta, beraz, haietara joan nahi duenak ahalik eta azkarrena izena emateko eskatu du. Joaterik ez duenarentzat txostena osatuko dute hitzaldi eta mintegi horietan ateratzen dituzten ondorioekin.

Hiru printzipio

Solasaldietan eta mintegietan jorratzeko hiru printzipio argi dituzte: «Hitz egin, entzun eta parte hartu». Lokarrik atzo komunikabideetara bidalitako oharrean dio hitz egiteko ordua dela, gizarteak bere iritzia eman behar duelako; entzutekoa, «bizikidetzak alderdi sozial eta politiko guztien gizarteratzea eskatzen duelako eta «besteengana hurbiltzeko» elkar entzutea beharrezkoa delako, bestearen ideia eta proposamenak ulertuko badira.

Horregatik guztiagatik, solasaldietan herritarrek parte hartuko duten itxaropena du Lokarrik, eta beharrezkoa iruditzen zaio: «Bake prozesuak agertzen dituen zailtasun eta erronken inguruan, arlo batzuetako aurrerapausoen gabezia horrek sortzen duen ezinegona kasu, gizartearen partaidetza oinarrizko bidea da aurrera egitea eta bake prozesua errotzea ahalbidetuko duten konponbideak topatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.