Dorreen artean bizirik irauten

Lurralde antolakuntzak hiztun komunitateetan duen eraginaz mintzatu dira Flandria, Aland eta Galesko ordezkari bana

Bilbao, Naucler, Llyvelyn eta Vandaele, atzo, arnasguneei buruzko topaketan. Gaur amaituko da. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Oihan Vitoria.
Donostia
2014ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Lurraldea eta hizkuntza. Hizkuntza eta lurraldea. Edonola esanda ere, maiz erabiltzen diren kontzeptuak dira. Bien arteko elkarreraginaz, ordea, apenas eztabaidatu da Euskal Herrian. Oso gutxitan jorratu den alorra da geografia eta hizkuntzaren arteko harremana. Azken boladan, baina, lurpetik atera, eta gaia zabaltzen ari dela dirudi. Oro har, azpiegitura handiek eta hirigintzak euskaran duten eraginaz gogoetak partekatzen hasi dira erakundeak, eta, denbora murritzean, bultzada jaso dute; bai agintari zein herritarren aldetik. Horren lekuko da, besteak beste, Arnasguneak hedatuz proiektua.

Testuinguru horretan, Flandriako, Aland uharteetako eta Galesko ordezkari bana Donostian izan zen atzo. Helburua, hirigintzak haien hiztun komunitateetan duen eraginaz hausnarketak partekatzea eta Euskal Herrian abiatutako kasuekin alderatzea.

Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Kontseiluak, Udalerri Euskaldunen Mankomunitate Uemak eta UEUk lurraldea eta hizkuntza uztartzen dituztenaurreneko jardunaldia antolatu dute. Mahai inguru eta hitzaldi anitzen bueltan, atzo ospatu topaketaren lehen eguna, eta herritarrek ez zuten hutsik egin. Donostiako EHUren Carlos Santamaria zentroko aretoa jendez lepo bete zen. Euskal Herriko lau kasu praktiko —Zuberoa, Busturia, Zerain eta Zubietakoak—jendarteratzeaz gain, nazioarteko beste arnasgune batzuen bizipenak ekarri nahi izan zituzten Donostiara. Horretarako, Flandriako, Aland uharteetako eta Galesko ordezkariak gonbidatu zituzten. Ordezkari bakoitzak bere lurraldeko hiztun komunitateak azpiegitura handien ondorioz pairatzen dituen gorabeherak azaltzeko. Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusia aritu zen moderatzaile gisa.

Finlandiar eremuan, suedieraz

Aland uharteetako ordezkari Elisabeth Naucler izan zen jendaurrean hitz egiten lehenbizikoa. Finlandiako Parlamentuko kide den heinean, hango egoeraren berri eman zuen. «Nik suedieraz egiten dut parlamentuan, eta ez dut eragozpenik. Besteek behar dute interpretea, ez nik». Uharteak Finlandia eta Suedia artean daude kokatuta, eta gaur egun, 28.000 biztanle dituzte. Finlandiaren parte dira legez. Halere, nahiz eta urteetan «tirabirak» izan, suediar hizkuntza, kultura eta ohiturak mantentzea erdietsi dute.

Lehen Mundu Gerraren ondotik egin zuen eztanda gatazkak. Finlandiak 1917an lortu zuen independentzia, eta orduan hasi zen Aland uharteekin zer egin erabakitzeko momentua. Garai «ezegonkorrak» ziren, eta, Nauclerrek azaldu zuenez, herritarrek zalantza franko zituzten. Izan ere, sasoi hartan ez zegoen beste eredurik «ispiluan begiratzeko». Dena dela, akordioa lortu zuten, eta, geroztik, uharteetako ikastetxeetan suediarrez ematen dituzte eskolak. Finlandiera, berriz, atzerriko hizkuntzen gisara ikasten da. Hala, Finlandian kokatuta ere, ez dira elebidunak. Hizkuntza bakarra suediera da maila guztietan: gobernuan, administrazioan, auzitegietan, enpresetan...

Hori bakarrik ez. Biztanleria eskubideak eskuratzeko, suediera «apropos menperatzea» nahitaezkoa da. Horregatik, sarritan oztopoak izaten dituzte,finlandiarrek «pribilegioa» dela uste baitute. Hala eta guztiz ere, argi eta garbi mintzo da: «Ez da pribilegioa gutxiengoa izatea. Alandeko biztanleen borondatearen aurka Finlandian egoteagatik ordaina da».

Flandriako Parlamentuko kide Wilfried Vandaelek jakinarazi zuenez, Flandrian lurraldetasunaren arabera banatzen da hizkuntza. Ez eskubide pertsonaletan. «Hizkuntzak lurraldera egokitu behar dira, inoiz ez alderantziz». Norbere eremuan bizitzea bermatzeko legea dute. Eremuarekin lotura dutenei eta gazteei lehentasuna ematen diete. Hori dela eta, etorkinek, etxe sozialak lortzeko, nederlandera ikasi behar dute. «Ez ditugu obligatzen. Soilik konpromisoa galdegiten diegu, ikastaroetan parte har dezaten».

Hamarkadetako gatazken ostean, nederlandera jakitea ezinbestekoa da Flandrian. Hezkuntzan ez ezik, eguneroko arlo gehienetan erabiltzen dute. Migrazio ugariek, baina, Brusela inguruko udalerri flandriarretan frantsesa gailentzea eragin dute. «Frantses hiri bilakatu dute». Beraz, flandriarrak gehiengoa badira ere, elebidunak dira. «Belgikako arazoa frantsesen izaera inperialista da; ez dira bizilagun onak».

Bestalde, Meirion Llyvelyn Davies Galesko hizkuntzalaria kritiko agertu da haren herrialdean lurralde antolaketan hartu diren neurriengatik. Hizkuntzari begira «txarrak» direla dio. Batez ere, biztanle gutxiko herrietan eraikitako bigarren etxebizitzak salatu ditu, gehienetan «hizkuntz desorekak» dakartzatela uste baitu. «Ingalaterratik oporretan joaten direnek ez dakite galesez, eta kaltea eragiten dute». Lurralde antolakuntzan hizkuntzaren gaineko ikuspegiak aintzat hartu beharko liratekeela ondorioztatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.