EAEko Euskararen Legeak 30 urte (VI). Hedabideak eta Internet

Zatikatutako elkarlanean

Erakundeak batetik eta herri mugimenduak bestetik, euskarazko hedabideak bultzatzen aritu dira 30 urtez, traba handiak izanda ereInterneten pixkana zabaltzen ari da euskara: hizkuntzetan 44. postuan dagoela uste dute

Garikoitz Goikoetxea.
2012ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Euskal Herriari eta munduari euskaraz begira jartzeko modua eman dute komunikabideek azken 30 urteetan. Erakundeen altzoan irratia eta telebista garatu dira, Euskal Irrati Telebistarekin, eta Internet ere bai; herri mugimenduek, horiei ez ezik, prentsa idatziari egin diote kasu, bai Euskal Herri osorako hedabideekin eta bai herrietakoekin. Elkarren artean osatu dute euskarazko hedabideen sarea erakundeek eta mugimenduek, baina ez beti eskutik hartuta; babes handiagoa eskatu diete publiko ez diren hedabideek instituzioei. Ika-miken gainetik, ordea, errealitate bat begi bistakoa da: inoiz baino jende gehiagorengana iristen dira euskarazko hedabideak gaur egun.

Euskaldunen portzentaje handiena du, eta Gipuzkoan izan dute loraldi handiena: herri aldizkarien erdiak inguru daude han. Herrialdeko Hitza dute, eta eskualdekoa ere bai sei tokitan; Goiena komunikazio taldeko hedabideak Debagoienean; herri aldizkariak herri koskor ia guztietan; baita tokiko irratiak eta telebistak ere. Hernanin, Kronika daukate, lehen herri egunkaria. Bizkaian, idatzizkoez gain —Hitza-k badira han ere, eta herri aldizkariak—, ikus-entzunezkoek izan dute garapena: Bizkaia Irratia, Bilbo Hiria Irratia eta Oizmendi telebista hor dira, esate baterako. Araban mugatuagoa izan da garapena; Arabako Hitza bada han ere. Hedabide espezializatuak batu behar zaizkie horiei guztiei; Elhuyar zientzia aldizkaria aitzindari da.

Sortu dira hedabideak azken 30 urteetan. Zenbaterainoko indarra dute, ordea? Bi zailtasun azaleratu dituzte orain arteko ikerketek. Bat: euskaldunen kopurua mugatua da, eta, beraz, mugatua da euskarazko hedabideek lor dezaketen publikoa. Bi: euskaldun izanda ere, erdarazko hedabideetara jotzen dute askok, hizkuntz egoera normalizatu gabe dagoelako. Urteen joanarekin zuzentzen ari da hori. Oraintsukoak dira irratien audientzia datuak: Euskadi Irratiak 90.000 entzule ditu, eta Gazteak, 130.000. Papereko irakurleak gutxitzen ari dira, baina euskarazko hedabideetan erdaldunetan baino hobeto ari dira eusten beherakada horri: audientzia datuek 60.000 irakurle ematen dizkiote BERRIAri, adibidez, eta webgunean bisita kopurua egunero ari da gora egiten; 18.000 pasatxo badira egunean.

Ika-mikak diru laguntzekin

Bide horretan erakundeen parte hartzea behar baino txikiagoa izan dela sarritan salatu dute euskal komunikabideek. Hasieran boikota egin zuten, Euskaldunon Egunkaria sortzeko garaian. Eusko Jaurlaritzak ez zuen begi onez hartu proiektua; laguntzeari uko egin zion, eta beste egunkari bat sortzeko urratsak egiten hasi zen. Urteetan, diru laguntzengatik izan dituzte eztabaidak hedabideek eta Jaurlaritzak: laguntzen deialdiak urtero egiten ditu Kultura Sailak, urtez urte alda litezkeenak —nabarmen jaitsi dira azken urteetan, ia %15—; hedabideek denbora daramate beste planteamendu bat eskatzen: itunen sistema nahi dute, egonkorragoa. Oraingoz, ordea, ez dute lortu.

Eta horri guztiari errepresioa gehitu beharra dago. Euskarazko egunkari nazionala, Egunkaria, indarrez itxi zuen 2003an Guardia Zibilak. Ez zuen isilarazi, ordea: hurrengo egunean Egunero kaleratu zuten, eta ekainean, BERRIA. Epaian, auzitegiak adierazi zuen bidegabea izan zela Egunkaria ixtea. Oraindik, kasu ekonomikoan, auzipetuta daude zortzi lagun.

Bien bitartean, salbuespen dira enpresa erdaldunek euskaraz eginiko proiektuak. Vocento taldeak Zabalik astekariarekin egin zuen apustua 1999an. Atzera egin zuen: 2005ean kaleratu zuten azken alea.

Oztopo horien guztien aurrean, elkar hartzea erabaki dute hedabideek: Topagunean batuta daude euskara elkarteak eta herri hedabideak, Arrosa sarean irratiak, eta Tokikon tokiko telebistak; Tokikom taldea ere sortu dute. Azken urratsa orain bi aste inguru egin zuten herri ekimeneko euskarazko komunikabideek: Hekimen elkartean bildu dira. «Ahots bateratuz» jardutea erabaki dute: erakundeen aurrean indar egitea eta hedabideen sarea egituratzea dute helburu, besteak beste, etaEuskal Hedabideen Behatoki bat sortzeko asmoa esku artean dute.

Internetekin aldaketa handiak

Aldaketa betean baita hedabideen mundua. Hori aztertzea izango luke zeregin, besteak beste, behatoki horrek. Internetek ekarri du iraultza. Gero eta gehiago jotzen dute herritarrek sarera informazio eske. Aurtengo datuak, Eustatenak: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, herritarren erdiek pasatxok maiz erabiltzen dute Internet. Areago gazteen artean: 15-24 urte artekoetan %96k erabiltzen dute askotan, eta 25-34 urte artekoen %85ek. Erdarazko hedabideak nagusi diren tokian badute lanerako beste leku bat euskarazko hedabideek. Herritarrei galdera egin zien Eustatek, ezagun dituzten webguneak aipatzeko; rankingean, Berria.info da euskarazko lehen hedabidea, 21. postuan. Twitter sare sozialean ere jarraitzaile gehien dituena da: 13.442.

Komunikabideak sortzeko aukera da Internet. Araban, adibidez, aurrerapausoak izan dira: Aiaraldea.com proiektua jarri dute martxan eskualde horretan, eta Gasteizen, Hirinet.net. Albistegi digitalek ere goraldia izan dute: Sustatu.com izan zen aitzindari 2001ean, eta Zuzeu.com martxan da 2009tik. Tokiko hedabideentzat, gainera, kanpora zabaltzeko modua ematen du sareak. Irratiek baliatu dute, adibidez: Irratia.com webgunea sortu zuten 2000n, eta Uhinbak aplikazioaren bidez sakelako telefonoetara iristen dira euskarazko 26 irrati.

Azkartasuna du ezaugarri Internetek. Aurten bertan egin du aurrera euskarak sarean: Twitter sare soziala euskaratu dute herritarrek, eta Jaurlaritzak itzultzaile automatiko bat jarri du sarean. Ikerketa batzuen arabera, euskara 44. tokian dago sarean. Lanean segitzen dute leku gehiago izan dezan: euskarazko Wikipedia osatzen aritu ziren dozenaka lagun Durangoko Azokan atzo bertan.

Bihar: Ondorioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.