Katalunia. Burujabetzaren bidean

Galdeketa baimendu ezean, plebiszitu gisako bozak nahi ditu Masek 2016an

Erreferenduma 2014an egitea agindu zuen arren, independentziaren inguruko galdea bi urtez atzeratzeko prest agertu daKatalanek 2014an erabaki behar dutela ohartarazi dio ERCk Generalitateko buruari

Xabin Makazaga.
2013ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuaren baimenarekin edo gabe, kataluniarrei Europan estatu bat izan nahi duten galdetzeko konpromisoa hartua zuen Artur Mas presidenteak. Hala jaso zuen CiUk hauteskunde programan, eta legegintzaldirako akordioan galdeketa 2014an egitea hitzartu zuten ERCrekin. Atzo, baina, bere nahia galdeketa datorren urtean eta estatuaren oniritziarekin egitea dela zehaztu arren, «hala ezin bada egin» legegintzaldia amaitu eta 2016an hauteskunde plebiszitarioak egitea proposatu zuen Masek. ERCtik berehala erantzun dio Oriol Junquerasek: «Kataluniak bere etorkizuna 2014an erabaki behar du, eta gure esku dagoen guztia egingo dugu hala izan dadin».

B plana, Madrilek oztopoak jarri arren kataluniarrei burujabetzari buruz 2014ko irailean galdetzea, aldatu egin du Masek Diadarako astebete eta balizko erreferendumerako urtebete falta direnean. Madrilen oniritzirik gabe hautestontziak kalera ateratzeko aukera baztertu egin du, Catalunya Radion eskainitako elkarrizketan: «Galdeketa legezko markoen barruan egin behar dugunez, Estatuak oztopatu gabe egin beharko dugu».

Hauteskunde plebiszitarioetan independentziaren aldeko alderdiek programaren zati bat, burujabetzari dagokiona, partekatu egingo lukete. Masek esan du nahiago lukeela galdeketa egitea, eta urtea amaitu arte saiatuko dela Mariano Rajoy Espainiako gobernuburua konbentzitzen. Hala ez bada, «azken aukera gisa» plebiszitu gisako hauteskundeak egitea proposatu du: «Baietzaren aldeko alderdiak batetik, eta ezetzaren aldekoak bestetik, erabateko konfrontazio ireki bat izango litzateke».

Bazkideak eta oposizioa uzkur

CiU federazio barnean Unio hauteskunde plebiszitarioen aurka azaldu izan da, eta Masen proposamenak are gehiago zaildu dezake Convergenciaren eta alderdi demokristauaren arteko elkarlana. ANCk Diadarako prestatu duen Via Catalana giza katea, esaterako, Convergenciak babestu du, baina Uniok ez.

ERC ere, CiUren gobernua babesten duen bazkidea, kataluniarrei 2014an galdetzearen alde agertu da, 2016an hauteskunde plebiszitarioak egin ordez. «Independentzia, zenbat eta lehenago, hobe», idatzi du Junquerasek Twitterren. Lluis Salvado ERCko idazkari nagusiaren albokoak nabarmendu du Generalitatearekin lanean jarraituko dutela 2014an galdeketa egin dadin: «ERCk ez dauka B planik 2015 edo 2016rako. Gure A, B eta C plana 2014an galdeketa egitea da». Masek galdeketa baztertu eta 2016ra joko balu ERCren babesa galduko ote lukeen galdetuta, Salvadok erantzun du horretan ez direla pentsatzen ari: «Legegintzaldirako hitzarmena ondo doa. 2014a galdeketaren urtea da, eta 2015a eta 2016a etorkizuneko Kataluniako Errepublika eraikitzeko urteak».

PSCko idazkari nagusi Pere Navarrok, berriz, Masi «tentsio giroa gehitzea» egotzi dio: «Publizitate kanpaina bat da, 2016 arte entretenituta egon gaitezen». ICVko koordinatzaile Joan Herrerak, berriz, «iruzurra» iritzi dio plebiszitu gisako hauteskundeak iragartzeari, «bai edo bai galdeketa egingo zuela esan zuelako».

Alderdi politikoez landa, ANC Batzar Nazional Katalanaren presidente Carme Forcadellek ez du begi onez hartu Generalitateko presidenteak burujabetzaren auzia beste bi urtez atzeratzea: «Hau ezin da, inola ere, hainbeste luzatu. Indefinizioa amaitu egin behar dela uste dugu guk, egoera honi ezin zaio eutsi 2016 arte».

Batzarrean Masen adierazpena ez dutela oraindik aztertu onartu arren, ANCren jarrera argia dela adierazi dio Forcadellek Vilaweb egunkari digital katalanari: «Galdeketa ahalik eta lasterren egin behar dela uste dugu guk, eta galdeketa ezin bada egin, badira beste bide batzuk. Baina ezin dugu egon galdeketa egin gabe eta ezer egin gabe 2016 arte».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.