Euroaren faktura, garestiegia

2002tik hona %48 garestitu da oinarrizko elikagaiekin osatutako erosketa saskia; soldatek %14ko igoera izan dute, ordeaEuroa indarrean sartu zenetik gailu teknologikoak bakarrik merkatu dira

2011ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Urtarrilaren 1ean hamar urte beteko ditu euroak. Balantzea egiteko unea da, beraz, diru zaharra baztertu eta berria erabiltzen hasteak herritarrei ekarri dizkien onurak eta kalteak neurtzekoa. Hasieran, herritar gehienek errezeloz hartu zuten euroa, eta aldaketara ohitzea kosta egin zitzaien. Nekagarria zen eurotan emandako kopuru bakoitza pezetetara edo frankoetara pasatzeko kalkulua egin beharra. Urteekin ohitu egin da jendea, eta gazteenek ez dute euroa besterik ezagutu. Euroek eskuetatik ihes egiten duten usteak, ordea, bizi-bizirik dirau. Pezetek askoz gehiagotarako ematen zutela, alegia. Irudipen hutsa ote?

OCU kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteak egindako azterketa batek erakutsi du ezetz, jendeak baduela kexatzeko motiborik, euroa indarrean sartu osteko hamar urteotan ondasunen eta zerbitzuen prezioak izugarri igo direlako; soldatak, ostera, ez horrenbeste.

Eurorako prestatzen

Euroa indarrean sartzerako hasi ziren prezioak gorantz. Pezetak euro bihurtzerakoan tranparik ez egiteko agindu zuten Administrazio Publikoek eta saltokiek, ez zituztela salneurriak gorantz biribilduko. Baina ederki jan zuten emandako hitza. 2001eko irailetik 2002ko urtarrilera, ia dena garestitu zen, oinarri-oinarrizko produktuak ere bai: ogia %24, garraio publikoa %6, garagardoa eta kafea %7, zinemarako sarrerak %9, aparkaleku publikoak %13... Hala ere, lau hilabete haietan posta zerbitzua garestitu zen gehien, %51. Eta, gerora, are gehiago. Gaur, duela hamar urte baino %107 gehiago kostatzen da eskutitz bat bidaltzea.

Aurreneko urtea

Euroaren lurreratzeak eragindako ekaitza baretu ahala prezioak beren onera itzuliko zirela uste zuten herritarrek. Baina ez. Gorantz jarraitu dute.

Egunkariak %7 garestitu zituzten 2002an, eta beste %28 gaur arte. Aparkaleku publikoetako tarifak %21 igo zituzten hamasei hilabeteko tartean: %13 euroa indarrean sartzerako, eta %7 sartutakoan. Igerileku estalietara joateak ere orduantxe utzi zion merke izateari, kolpe batean %19 garestitu zutelako zerbitzua. Ile apaindegiek %12 igo zituzten prezioak; gaur, pezetaren garaian baino %36 garestiagoa da ilea moztea. Autoen prezioak ere %8 igo zituzten euroaren aurreneko urtean, eta haiek ere gorantz segitu zuten, krisiak eztanda egin zuen arte; gaur, duela hamar urte baino %7 garestiagoak baino ez dira.

Hasierako prezio igoera haiek normaltzat jo zituzten aditu gehienek, Europarekin parekatzeko beharrezko doiketak zirela arrazoituta. OCUren esanetan, ordea, une bateko garestitzeak baino askoz gehiago izan ziren, joera baten abiapuntua izan ziren. «Grabitatearen legeak ez baitu esparru guztietarako balio: badaude behin igo eta sekula jaisten ez diren gauzak».

Elikagaiak

OCUk urtero aztertzen ditu Espainiako eta Hego Euskal Herriko supermerkatuak oinarrizko elikagaiekin osatutako erosketa saskiaren prezioak zer bilakaera izan duen kalkulatzeko. 2001eko apirileko azterketan, familia bakoitzari urtean 765.378 pezeta kostatzen zitzaion saski hori (4.600 euro); aurtengo maiatzean, ostera, 6.800 euro, duela hamar urte baino %48 gehiago.

Euroa indarrean sartu zenetik, 2002ko urtarriletik, %49 garestitu da ogia; 2001eko irailetik, berriz, %85. Arrautzek duela hamar urte balio zutenaren bikoitza baino gehiago balio dute gaur —%114 gehiago —; esne litroa %48 garestitu da; arroz kiloa %45; oliba olio litroa %33; behi haragi kiloa %36; txerri haragi kiloa %26; eta patata kiloa %116.

Etxebizitzak

Burbuilak eztanda eginagatik,etxebizitzak dira hamar urteotan gehien garestitu diren ondasunak. Etxebizitza berrien prezioen bilakaera kalkulatzeko, Espainiako Tasazio Elkarteak emandako datuak hartu ditu kontuan OCUk. Haren esanetan, hamar urtean batez beste %66 garestitu dira etxe berrien prezioak.

Bigarren eskuko etxebizitzen prezioen bilakaera kalkulatzeko, berriz, Madrilgo eta Bartzelonako etxebizitzen orduko eta oraingo prezioak alderatu ditu, Idealista webguneak emandako datuak oinarri hartuta. Madrilen %78 eta Bartzelonan %70 garestitu direla ondorioztatu du.

Garraio publikoa

INE Espainiako estatistika erakundeak emandako datuen arabera, 2002tik hona %45 garestitu da tren zerbitzua, %48 autobus zerbitzua eta %58 hiri barruko garraio publikoa. Igoera horien eragileetako bat erregaien garestitzea izan da, euroa indarrean sartu aurretik baino %82 gehiago kostatzen direlako.

Teknologia

Gailu teknologiko eta elektronikoak dira urteotan merkatu diren produktu bakarrak. Erabilera zabaldu ahala jaitsi dira prezioak. Hala, telebistak, musika kateak eta DVD irakurgailuak euroa indarrean sartu aurretik baino %62 merkeagoak dira; bideokamera eta DVD grabagailuak, %6 merkeagoak; argazki kamerak, %72 merkeagoak; eta etxetresna elektrikoak, %4 merkeagoak.

Soldatak eta KPIa

Langileen soldatak prezioak adina igo izan balituzte, herritarrak ez lirateke salneurriez kexatuko. Ez da hala gertatu, ordea. INEren arabera, 2002an, Espainian, urtean 19.802 eurokoa zen batez besteko soldata gordina; 2009an, berriz, 22.511 eurokoa. Horrek esan nahi du zazpi urtean %14 igo direla soldatak. KPI kontsumo prezioen indizeak, ordea, %32 igoera metatua izan du hamar urteotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.