Lerro baten inguruko gatazka

Indiak Pakistango soldadu bat hil du Kaxmirren, eta tentsioa biziberritu da; joan den hilean, bortz militar hil ziren muganIndependentista baten exekuzioak liskarrak sortu ditu Indiaren menpeko Kaxmirren

Lerro baten inguruko gatazka.
mikel rodriguez
2013ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Munduko muga militarizatuenetakoa dago Kaxmirren, Indiaren eta Pakistanen artean. Bi herrialdeek 1947an independentzia erdietsi zutenetik, bi gerra izan dituzte han, eta munduko borroka fronte garaiena ere 700 kilometro baino gehiagoko banaketa lerro horretan dago, 6.000 metroko garaieran. Azken gerra irekia 1965ean izan zuten, baina ordutik, sua ez da inoiz itzali, eta haserrealdi bakoitzak kezka sortu du nazioartean, bi herrialdeak potentzia nuklearrak baitira. Azkenaldiko tentsio garairik larriena urtarrilean piztu zen, eta, aste honetan jarraipena izan du, Indiak Pakistango bertze soldadu bat hil baitu hark bi herrialdeen arteko banaketa lerroa gurutzatzean. Eta bi armaden liskarren artean, Indiaren menpeko zatian, protesta gogorrak izan dira, heriotza zigorrera kondenatutako militante independentista bat exekutatu dutelako.

Azken egunotako gertakariek iragan hilekoen gidoi bertsuari jarraitu diote. Indiako armadak atzo jakinarazi zuenez, herenegun Pakistango soldadu bat hil zuen. Pakistango armadak ere berretsi du heriotza. Ohikoa denez, ordea, bi aldeen bertsioak ez datoz bat. «Armatuta eta uniforme militarrez jantzita zegoen pertsona bat gure lurraldera pasatu zen, eta gure tropei tiroka hasi zen», azaldu du Jagdip Dahiya Indiako koronelak. «Bi soldadu zauritu zituen, gureek hil baino lehenago». Pakistango armadak ohar batean adierazi duenez, baina, soldadua «nahasita» sartu zen Indiaren menpeko lurraldean, eta «bere burua identifikatu zuen, eta gertatutakoa azaldu». Horregatik, Indiak eginiko «hilketa anker eta basatia» gaitzetsi du. Indiak atzo itzuli zion gorpua Pakistani, «ohore militarrekin».

Soldaduaren tiroketa Nowshera izeneko barrutian gertatu zen, Indiaren menpeko Kaxmirren ipar-mendebaldean. Militarraren heriotza argitara eman baino lehenago, gainera, bi armadek elkarri egotzi zioten 2003tik teorian indarrean dagoen su-etena haustea. Indiako Krishna Gati eta Pakistango Handrot eremuetan izan ziren bertze tiroketa horiek. Zauriturik ez zela egon jakinarazi zuten bi aldeek.

Urtarrilean, bortz militar hilik

Azken gertakariek erakutsi dute joan den hilean berpiztutako tentsioa ez dela itzali, nahiz eta urtarrilaren 16an 2003ko su-etena berriz ezartzea hitzartu zuten. Urtarrileko gertakariak aspaldiko larrienak izan ziren. Ez da erabat argitu nola hasi ziren, eta bi herrialdeek elkarri egozten diote errua. Gehien hedatu den bertsioaren arabera, urtarrilaren 6an70 urteko emakume batek muga militarizatua gurutzatu zuen inolako trabarik gabe, eta, horren ondorioz, bi armadek zaintza postuak hurbildu zituzten, su-eten akordioa hautsita. Hortik aitzinera, astebete inguru iraun zuten liskarrak sortu ziren, eta, denera, bortz soldadu hil ziren: Pakistango hiru eta Indiako bi. New Delhik salatu zuen, gainera, Pakistango soldaduek Indiako bati lepoa moztu ziotela, baina Islamabadek ukatu egin zuen.

Kaxmir hiru estatutan banatutako herria da, Txinak ere bi eremu baitauzka kontrolpean. Gatazka 1947an piztu zen, Erresuma Batuaren Indiako kolonia bi estatu independentetan zatitu zenean, bata gehiengo musulmanekoa (Pakistan) eta bertzea gehiengo hindukoa (India).

Hiru gerra egon dira eremuan —1947an eta 1965ean, Indiaren eta Pakistanen artean; eta 1962an, Indiaren eta Txinaren artean—, eta liskar ugari. Azkenekoetan larriena 1999an gertatu zen, Pakistango soldaduak Indiaren menpeko Kargil barrutian sartu zirenean. Bi hilabeteko borroketan, bi aldeetako ehunka soldadu hil ziren, eta gerra nuklear baten beldurra hedatu zen munduan, Pakistanek aitzineko urtean aitortu baitzuen arma nuklearrak zituela —Indiak, 1974tik—. Halako armak dituzten bi herrialdek elkarren aurka zuzenean borrokatu diren historiako bigarren aldia izan zen—aitzinekoa, 1969an, Sobietar Batasunaren eta Txinaren artean—.

Independentisten borroka

Bi estatuen arteko gatazkaz gain, Kaxmirren independentzia aldarrikatzen duen mugimendua ere badago, eta Indiari eragiten dio bereziki. Musulmanak Indian gehiengoa diren estatu bakarra da Jammu eta Kaxmir —Indiako zatiaren izen ofiziala—, eta New Delhiren diskriminazioaz kexu dira. 1989an hasi zen independentziaren aldeko borroka armatua.

Azken astebetean, gainera, egunero protestak eta liskarrak piztu dira Jammu eta Kaxmirreko hainbat tokitan —gutxienez, hiru lagun hil dira—, hilaren 9an Afzal Guru kaxmirtarra New Delhiko espetxe batean urkatu zutelako. 2001ean, talde armatu batek Indiako Parlamentuari egindako erasoan parte hartzea egotzi zioten Gururi —hamabi lagun hil ziren—, eta, 2002an, heriotza zigorra ezarri zioten. Guru espetxean bertan lurperatu zuten, gorpua familiari eman gabe, eta horrek Kaxmirreko independentisten haserrea areagotu du.

Indiak Pakistani egozten dio Kaxmirreko talde independentistak laguntzea. Talde horietako batzuk Al-Qaedarekin eta muturreko islamismoarekin ere lotzen ditu New Delhik, eta Islamabadi leporatzen dio integrismoa sustatzea. Kaxmirreko Herri Batuaren Alderdi Nazionalak, berriz, Islamabadi egozten dio Indiako aldean independentistak laguntzen dituen bitartean Pakistango aldean haien aurka jotzen duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.