Katalunia. Burujabetzaren bidean (V)

Independentzia eskutik eskura

Milioi erdi lagunek baino gehiagok eman dute izena Biltzar Nazional Katalanak antolatutako giza kate independentistanOrdezkaritza zabala bidali dute Euskal Herri osoko alderdi, sindikatu eta erakundeek

Ion Orzaiz.
Bartzelona
2013ko irailaren 11
00:00
Entzun
Amaitu da atzerako kontua. Kataluniako milaka eta milaka herritarrek independentzia aldarrikatuko dute gaur arratsaldean Via Catalana cap a la independencia (Bide Katalana independentziara) lelopean ANC Biltzar Nazional Katalanak antolatutako giza katean. Katalunia osoa iparraldetik hegoaldera zeharkatuko du ekinaldiak, Pertusetik Alcanarrera, eta, tarte horretan, 86 herri eta 480 kilometroko tartea beteko dute parte hartzaileek, eskutik helduta. Diadaren historia gogora ekartzeko helburuarekin, Lleidako Eliza Zaharren kanpai hotsek hasiera emanen diote giza kateari 17:14an. Izan ere, 1714. urtean Bartzelona konkistatu zuten tropa borboitarrek.

Milaka boluntariok, ANCk herri gehienetan dituen batzordeetan antolatuta, logistika lan itzela egin dute azken hilabeteetan, ordu horretan dena prest egon dadin: parte hartzaileendako garraio zerbitzua, errepide ixtea, baimenak, material salmenta, hedabideak... Alimaleko lanak fruituak eman ditu, antolatzaileen arabera, 540.000 lagunek eman baitute izena Via Catalanarako.

ANCko buruen arabera, iazko manifestazio erraldoian bildutako jende kopurua gainditzea da aurtengo xedea. 2012ko Diada arrakastatsuak Kataluniako gizartea eta politika gogor astindu zituen, agenda politikoaren erdigunean kokatu baitzuen burujabetzari buruzko eztabaida. Herritarrek karriketan adierazitakoaren inguruan kokatzen saiatu dira ordutik alderdi politikoak, eta tirabirak sortu dira CiU edo PSCren barruan, esate baterako.

Espainiako Gobernuak 2014ko erreferenduma debekatzen badu, 2016an hauteskunde plebiszitarioak egiteko aukera planteatu zuen Artur Mas Generalitateko presidenteak iragan ostegunean. CUP, ERC eta ICV alderdien kritikak eragin zituzten Masen hitzek, baita ANCrenak ere. 2014ko hasierako datari eusteko eskatu zieten guztiek presidenteari.

Atzo, erreferendumarekiko «konpromiso erabatekoa» berretsi nahi izan zuen Masek, Diadaren karira zabaldutako mezu instituzionalean. «Ez dut Via Catalanan parte hartuko, nire karguak hala exijitzen duelako, baina iaz bezain irmoa da nire konpromisoa erabakitze eskubidearen alde: heldu den urtean galdetu behar zaio Kataluniako herriari», esan zuen presidenteak. Ez ziren Masek atzo egindako adierazpen bakarrak izan. The New York Times egunkari estatubatuarrak presidentearen eskutitz bat argitaratu zuen, eta, han, erreferendumaren bidea babestu zuen Masek: «Europan, botoa emanez konpontzen dira gatazkak, eta horixe da eskatzen duguna». Azkenik, Espaniarekiko «berdintasuneko harremanak» aldarrikatu zituen presidenteak.

Euskal Herriko ordezkariak

Euskal Herriko alderdi, sindikatu eta erakundeek ere ordezkaritza izanen dute Via Catalanan. Independentistak sareko 150 kide Bartzelonako Gracia etorbidean izanen dira, antolaketa lanetan laguntza ematen. Hiriburuko beste zenbait gunetan izanen dira, besteak beste, Udalbiltza, EH Bildu, Aralar, LAB eta ELAko ordezkariak ere. Amaiurrek eta EAJk Espainiako Kongresuan babestu zuten ekitaldia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.