Etenik ez Alemaniarentzat

Ia hiru hilabete SPDrekin negoziatzen igaro ondoren, gobernatzen jarrai dezake Angela Merkelek. Atzo izendatu zuten kantzilerGehiengo zabala arduraz baliatzeko eskatu die presidenteak gobernuko hiru alderdiei

Samara Velte.
2013ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Luze jo dute Alemaniako Gobernua osatzeko negoziazioek, baina azkenean, espero bezala amaitu da hauteskunde ostea: koalizioa adostuta, orain arteko politikekin lasai gobernatzen jarrai dezake Angela Merkel kantzilerrak. Atzo izendatu zuten hirugarrengoz gobernuburu. 1966-1969 eta 2005-2009 agintaldien ondotik, hirugarren Koalizio Handia izango da Alemaniarentzat. Hala deitzen diote, herrialdeko bi indar politiko nagusiek elkarrekin gobernatzen dutelako: CDU-CSU bloke kristau-demokratak eta SPD alderdi sozialdemokratak. Hiru alderdien artean, Bundestageko 631 diputatuetatik 504 dituzte. Horrek parlamentuaren ia %80en babesa esan nahi du Merkelentzat; kantziler batek inoiz izan duen handiena. Oposizioan Berdeak eta Die Linke (Ezkerra) baino ez dira geratzen. SPDko kide guztiak ere ez daude erabat konbentzituta adostutako gobernu programarekin. Horregatik, Merkelek ez zituen koalizioari dagozkion boto guztiak jaso atzoko bozketan: 42 gutxiagok babestu zuten. Pentsa litekeena da, beraz, SPDko ordezkari batzuek kantzilerraren inbestiduraren aurka bozkatu zutela.

Merkelek kargua hartu ondoren, haren gobernua osatuko duten hamabost ministroak izendatu zituen Joachim Gauck errepublikako presidenteak: CDU eta SPDko seina, eta CSUko hiru. «Joko eremu politiko zabala» daukatela gogorarazi zien hiru alderdiei, eta hura arduraz baliatzeko eskatu zien, «europarren batasuna eraikitzen jarraitzeko». Merkelek tinko eutsi asmo dio orain arte Europan jarraitutako politikari: boto-emaile askoren begietan, hark mantendu du Alemania gainazalean igeri, inguruko herrialdeak krisian hondoratzen ari zirela.

Koalizioko bi indar nagusietako buruek iragarri dute aldaketa drastikorik gabeko gobernua izango dela. «Koalizio Handia erronka handietarako da», esan zuen Angela Merkelek atzoko ekitaldian. Sigmar Gabriel SPDko buruaren hitzetan, «jende txikiarentzat» egindako ituna adostu dute. Neurri txiki eta zehatzak jarriko dituzte indarrean, herritarren egunerokotasunean zertxobait eragingo dutenak, baina Alemania orain arteko bidetik urrunduko ez dutenak.

Ministerioen banaketa

Bigarren Mundu Gerra amaitu zenetik, kantziler batek ez du sekula hainbeste denbora behar izan hauteskundeak irabazi eta kargua hartzeko: oraingoan, 86 egun izan dira. Azaro amaieran adostu zuten gobernu akordioa, eta joan den asteburuan onartu zuten SPDren militanteek; astelehenean sinatu zuten ofizialki. Sozialdemokratek gobernu programako edukietan nahi baino gutxiago eragin dute: gutxieneko soldata orokorra arautzea adostu dute, baina ziurrenik ez da 2017 baino lehenago indarrean sartuko; eta 63 urterekin erretiratzeko baldintzak langileen zati ñimiño batek baino ez ditu betetzen. Hala ere, gobernuko sail garrantzitsu batzuk eskuratu dituzte. Gabrielen postuari «super-ministerioa» deitzen diote Alemaniako hedabideetan: lehenengoz, Ekonomia eta Energia gaiak sail berean doaz, eta Ingurumena ere SPDren esku dago. Hartara, energia berriztagarrietarako jauzia blokeo egoeratik ateratzea espero dute. Dena den, energia ez da preseski lehen planoan dagoen gaia; horregatik utzi du Merkelek lasai sozialdemokraten esku. Kargu garrantzitsuenak arretaz zaindu ditu: CDUk erabakiko ditu Defentsa, Barne gaiak eta Finantzak.

Ezkerretik, etsipenez begiratzen diote Koalizio Handiari: SPDk nahi izatera, gobernatu zezaketen Berdeek eta Die Linkek, CDU kanpoan utzita. «Datozen lau urteotan ez da askorik gertatuko», esan du Die Linkeko Matthias Hoehnek: «Egoera prekarioan dauden langileak eta erretiratuak izango dira koalizio honetako galtzaile nagusiak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.