Goitik beherako estatu kolpea

Thailandiako armadak bere gain hartu du agintea, gerra legea ezarri eta bi egunera, «berehala ordena eta bakea berreskuratzeko»Kanpalekuak desegin, etxeratze agindua ezarri eta konstituzioa baliogabetu dute

Soldadu bat, posizioa hartuta, Bangkok hiriburuan, militarrek atxikitako elastiko gorrietako manifestari baten ondoan. EFE.
Xabin Makazaga.
2014ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Zalantzari tarte txiki bat utzi zionasteartean Prayuth Chan-ocha jeneralak; izan ere, militarrek Thailandian gerra legea ezarri zuten, baina gobernua jardunean utzi, eta hark argudiatu zuen armadaren mugimendua ez zela estatu kolpe bat. Atzo, ordea, aurrekariek erakusten zuten gisan, garbi geratu zen militarrek goitik beherako estatu kolpe bat eman dutela Thailandian.

Thailandiako armadak desegin egin ditu alde bietako manifestariek hilabeteetan eduki dituzten protesta kanpalekuak; bost lagunetik gorako bilkurak debekatu egin ditu; gaueko hamarretatik goizeko bostetara etxeratze agindua ezarri du; lekuko irrati eta telebistei eragiten zieten zentsura neurriak —kolpisten agiriak soilik eman ditzakete— atzerriko hedabideei ere ezarri dizkie; eta konstituzioa baliogabetu egin du. Halaber, Junta Militarrak itxi egin ditu eskola guztiak hurrengo astelehena arte, eta saltokiek eta garraiobideek ere ohi baino lehenago eten dute jarduna, etxeratze agindua bete ahal izateko. Goitik beherako estatu kolpe bat, bistan denez, militarrek «legearen eta ordenaren izenean» emana.

Gerra legearekin «ordena eta bakea» berreskuratu nahi zituztela esan zuten militarrek asteartean: gobernua, oposizioa eta bi aldeetako manifestarien ordezkariak negoziazio mahai batean eseri eta ia zortzi hilabete iraun duten protestak amaitzeko akordio bat behartu nahi zutela.

Bi egunotako saioak antzuak izan dira, ordea, uztartzen oso zailak diren jarrerak dituztelako bi aldeek. Eta, pazientzia ere ez baitzuen sobera Bakearen eta Ordenaren aldeko Kontseilu Nazionalak —izen ponpoxoa jarri dio Junta Militarrak bere buruari—, Thailandiako armadak bere gain hartu du agintea.

Militarrek agintetik kendu ostean, Niwatthamrong Boonsong-phaisan behin-behineko lehen ministroaren gobernuak ez du adierazpenik egin. Maiatzaren 7an Auzitegi Konstituzionalak Yingluck Shinawatra kargua uztera behartu ondoren izendatu zuten Thailandiako gobernu berria, eta, armadak gerra legea ezarri zuenean, nahiko ados agertu zen.

«Berehala bakea berreskuratzeko, legearen eta ordenaren izenean» militarrek agintea beren gain hartu behar izan dute, Chan-ochak atzo azaldu zuenez, telebistako zuzeneko agerraldi batean; armadako komandante buruak ondoan zituen Estatu Goreneko Junta osoa eta Thailandiako Poliziako burua. Erreforma politikoak bultzatzeko asmoa agertu zuen, eta «lasaitasunerako deia» egin zien herritarrei.

Negoziazio mahaitik kuartelera

Militarren bitartekaritzarekin, eta haiek behartuta, bi egunotan negoziatzen jardun dute zazpi taldetako ordezkariek Bangkoken, Armadaren Klubean: gobernuak, oposizioko alderdiek, Suthep Thaugsuban gobernuaren kontrako manifestarien buruak, Senatuko presidenteak eta Hauteskunde Batzordeko buruak, besteak beste. Eta, bilera aurrerapenik gabe amaitu ostean, militarrek armadaren Infanteriako Lehen Erregimentuaren kuartelera eraman zituzten parte hartzaileak, ibilgailu blindatuetan.

Asia hego-ekialdeko bigarren potentzia ekonomikoa da Thailandia, baina herrialdeko 70 milioi biztanleak bi talde nabarmenetan banatuta daude aspalditik: batetik, nekazariak eta Bangkok hiriko bazter auzoetan bizi diren maila apaleko langileak, landa eremutik iritsiak gehienak; bestetik, hiriburuko klase ertaina, elite urbanoaren interesen defendatzailea, klase apalenen ustean.

Elastiko gorriak dira gizarteko baztertuenak, Taksim Shinawatra lehen ministro ohiaren aldekoak. Militarrek 2006an kendu zuten agintetik Taksim —oraintsu arte gobernuko buru izan den Yingluck Shinawatraren neba—, eta, ustelkeria auzietan nahasia, bere kontrako zigor epaia eman aurretik, Thailandiatik ihes egin zuen. Zortzi urte hauetan, baina, itzalpetik gobernua gidatzea leporatzen dio oposizioak.

Elastiko horiak, berriz, shinawatratarren aurkariak dira, eta, Thailandiako sistema politikoa «ustelduta» dagoela uste baitute, gobernuaren dimisioa bakarrik ez, berriro hauteskundeak egin aurretik herritarrek hautatu gabeko batzar bat eratzea proposatu dute, «sistema politikoa garbitzeko». Nekazarien aldeko neurri populistekin —arroza merkatuko prezioa baino %50 garestiago erostea ekoizleei— boto-emaileak bere alde lerratzea leporatu izan diote gobernuari elastiko horiek. Baina, populazioari erreparatuta, elastiko gorriak gehiago dira.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.