Betiereko lagunak, «betiko»

Obama Israelen da, presidente denetik lehen aldiz; bake proposamen berririk gabe jarrerak gerturatzeko asmoa du Tel AvivekinGaur Zisjordaniara joango da AEBetako presidentea, PANeko Abbasekin hitz egitera

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2013ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Israeldarrei kosta egingo zaie ahaztea Barack Obamak Kairon egin zuela hitzaldia, AEBetako presidente kargua hartu eta gutxira, 2009an. Mundu musulmanari esperantzaz hitz egin zion, Ekialde Hurbilak merezi duen bakeaz. Tel Aviven ez zuten ulertzen, nola, betiko aliatuak etsaiekin zeukan begirunerako eta gertutasunerako joera, esku zabaltasuna juduei erakutsi beharrean. Asaldura hori, ordea, denborarekin leunduz joan da, eta Obamak presidente denetik Israelera lehen bidaia beranduegi egin duela iruditu arren —lehen aldia da—, Tel Aviv eta Washington saiatu dira harremanak oso onak direla agertzen, eta uxatzen, israeldar askok Obamarengan duten ustea, alegia laguntasuna hautsi duela juduen estatuari kalte egiten dion politika bultzatuta.«Gure aliantza betierekoa da, betiko», erantzun die Obamak zalantzarik izan dezaketenei.

Ekialde Hurbilerako ez duela bake egitasmo berririk ekarri jakiteak ere laguntzen du, eta ez gutxi, irudia hobetzen. Bi aldeak «entzutera» etorri da Obama, nahiz eta palestinarrak haserre jarri zaizkion—gaur izango da Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidentearekin—.

AEBak, jakina, Israelekin daude; bien arteko aliantza inoiz baino sendoago:«Bisita hau bi herrien artean dauden lotura hautsiezinak indartzeko aukera gisa ikusten dut, Israelen segurtasunarekin Amerikak duen konpromisoa baieztatzeko». Benjamin Netanyahu lehen ministroarekin harreman berria hasteko asmoz —bien arteko kimikarik ez dela egon agerikoa izan da—, «AEBak lagun handiena eta aliaturik sendoena izateaz harro» dagoela nabarmendu du estatubatuarrak.

Obamak israeldar gehienen mesfidantza eta askoren mespretxua hainbatetan irabazi du. Kairokoaz gain, Israeli lur okupatuetako koloniak eraikitzeari uzteko eskatu zionean jo zuen goia; are gehiago, ez zien palestinarrei inolako baldintzarik ezarri. Agintaldiko lehen bi urteetan erakutsi zuen jarrera hotza eta ezkertiarra izan zen Tel Aviventzat: garapen bidean zeuden herrietan jarri zituen begiak eta bizkarra eman zien enpresa sionistei.

Agintaldiko beste bi urteetan, pixkanaka, baina aldaketa egon da israeldarrek Obamaz hitz egiterakoan. 2011ko udazkenean mugimendu diplomatiko garrantzitsua geldiarazi zuen Nazio Batuen Erakundean, Palestina eskubide osoko estatu gisa onar zezaten eragozteko. Iaz Irani zigor gogorrak jarri zizkion, eta programa nuklearra geldiarazteko nazioartearen ahalegina zuzendu zuen. Bien bitartean, misilen kontrako Burdinazko Kupula ezkutua finantzatu zuen, eta AEBen eta Israelen artean inoiz egon ez den segurtasun eta informazio zerbitzuen kooperazioa bultzatu zuen.

Ben Gurion aireportuan —aire eremua itxi zuten—, iritsi bezain laster ikusi ahal izan zituen atzo Obamak ezkutuaren bateriak. Han egin zioten harrera Benjamin Netanyahuk eta Shimon Peres presidenteak. «AEBetako presidente handi baten moduan egiten dizugu ongietorria, ohiz kanpoko lider baten antzera, Israelen eta herri juduaren lagun historiko baten moduan», egin zion ongietorria Peresek.

Lehen legealdiko azken bi urteetan Obamarengan ikusi dute «inozentzia galdu» duen gizon bat —Netanyahuk esana—, Ekialde Hurbila zein krudela den konturatu dena, eta ohartu da israeldarrak bere bizilagunen abusuetatik babestu behar dituela. Obama ez da Mitt Romney —haren aldeko babesa erakutsi zuen Netanyahuk—, baina Obama heldua hobea da, hasi berria baino.

Gobernu berria

«Bakeak Lurralde Santura iritsi behar du. Gure ikuskera da bizilagunekin bakean bizi den Israelena». Egoera hori, ordea, oso urrun dago gaurkotik, eta Israelen sortu berri den gobernuak ez dirudi egoera hori aldatzen lagunduko duenik, okerrera ez bada. Netanyahuren gobernu berriarekin aurrekoarekin baino are zailagoa dirudi auziari irtenbide negoziatua emateko aukera, ministerio garrantzitsuetako arduradunak kolonoen aldekoak direlako, edota kolonoak direlako. Netanyahuk gehiengo sinplea eskuratu eta osatu behar izan duen koalizioak, Zisjordanian diren 500.000 kolonoekin eta haien helburuekin bat egiten dute.

Netanyahuren eta Avigdor Liebermanen Likud Yisrael Beitenuko koalizioak ditu Atzerri, Barne eta Defentsa ministerioak, baina barrura begira, kolonoak dira boterea dutenak. Uri Ariel Kokaguneen Kontseiluko presidente ohia da Etxebizitza ministro berria, Juduen Etxea kolonoen alderdiko buruzagietako bat, eta palestinarrekin edozein akordio lortzeko erabat kontra dago. Arielek joan den igandean esandakoa da «lerro berdetik harago» jarraituko duela kokaguneak eraikitzen.

Netanyahuk lurralde okupatuetan milioi bat kolono jartzeko asmoa ere agertu du egunotan; gaur milioi erdi daude. 2009tik 6.900 etxebizitza eraikitzea onartu du, eta iazko urte amaieran jakinarazi zuen beste 11.000 eraikiko dituela datozen urteetan. Lurralde okupatuetako eraikinen inguruko azken erabakia, berriz, Defentsari dagokio, eta Moshe Yaalon Likud alderdikoarenesku egongo da. Kolonoen artean oso ezaguna da hedapenaren defentsa egiten duelako, eta Netanyahuk 2009an hamar hilabetez eraikitzeari uzteko agindu zuenean, kontra egin zion.

Yair Lapidek, Yesh Atid alderdi laikoko buruzagiak, berriz, Finantza Ministerioa eskuratu du, eta ez dauka inolako interesik bake prozesuaren inguruan; are gehiago, Naftali Bennetten Juduen Etxea alderdiaren laguntza izango du gobernua erreformatzeko eta hezkuntza sistema publikoa aldatzeko, eta ez du batere oztoporik jarriko kolonoen gaineko proposamenetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.