60 urte, hilabetean deseginda

Ukrainan 1954ean sartu ondoren, Errusiak berriz ere ofizialki bere zati bihurtu du Krimeako penintsula, prozesu azkar batekinEBk eta Kievek elkartze akordioaren bidea berreskuratu dute, oinarri politikoa sinatuta

Vladimir Putin presidentea Krimea Errusiaren zati bihurtu duen agiria sinatzen, atzo, Moskun. SERGUEI CHIRIKOV / EFE.
mikel rodriguez
2014ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Krimearen bat egitearen atala itxi du Errusiak. Federazioko Kontseiluaren (senatuaren) oniritzia izan da igaro duen azken galbahea, eta Vladimir Putin presidenteak sinatu du asteartean Krimeako agintariekin egin zuen hitzarmenaren berrespena. Krimeako Errepublika eta Sebastopoleko Udala Errusiako Federazioaren 84. eta 85. entitateak dira dagoeneko. Iragan otsailaren 19an bete ziren 60 urte Nikita Khrustxov SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuneko Alderdi Komunistaren idazkari nagusiak Krimea Errusiatik banatu eta Ukrainan sartzeko dekretua sinatu zuenetik. Urteurren horretan, Kieveko Independentzia plaza suak hartu zuen Polizia barrikadak gainditzen saiatu zenean. Une horretan inork gutxik imajinatuko zuen hilabete eskasera Krimeak Ukrainako penintsula izateari utziko ziola.

Prozedura formala itxi du Errusiak, baina dena eginda ez daukala ohartarazi du Putinek. «Lan handia daukagu egiteko Krimea Errusiako Federazioko legedira, ekonomiara eta gizarte esparrura egokitu dadin», adierazi du presidenteak Kremlinean egin den zeremonian. Sistema estatala eta ekonomikoa egokitzeaz gain, bat egitea gauzatzeko bertze auzi bat konpondu beharra dauka Errusiak: Ukrainako militarren presentzia. Sergei Xoigu Errusiako Defentsa ministroaren arabera, atzo Ukrainako armadako 72 unitate bat egin zuten Errusiako armadarekin. Putinek berak jakinarazi zuen Ukrainako armada utzi eta Errusiakora igaroko diren militarrei graduak errespetatuko dizkietela.

Aste honetan Krimeako Autodefentsa Indarrek kontrolpean hartu zuten Ukrainako itsas armadaren basea Sebastopolen, eta, horrez gain, bertze base bat eta hainbat eraikin militar ere. Herenegun gerraontzi bati ere eraso zioten, tiro bakar bat bota gabe. Hala ere, Ukrainako milaka soldaduk jarraitzen dute penintsulako zenbait basetan, eta bandoz aldatu edo alde egitea bertze erremediorik ez dute izanen, hilabete eskasean de facto armada okupatzaile izatera igaro baitira.

Joan den igandean egin zuten Krimean Errusiarekin bat egitearen inguruko erreferenduma. Emaitza argia izan zen: %95,6 batzearen alde, %83,1eko parte hartzearekin. Krimean herritarren %60 inguru errusiar etniakoa da, %24 inguru ukrainarra eta %12 tatarra. Kieven Viktor Janukovitx boteretik kendu zuen kolpea gertatu ondoren, Krimeako Parlamentuak ez zion zilegitasuna onartu gobernu berriari, eta identifikaziorik gabeko indar militarrek penintsula kontrolpean hartu zuten —Errusiak beti ukatu du bere soldaduak direla—.

Kieven «azken helburua», EB

Janukovitxek EB Europako Batasunarekin elkartze akordioa sinatzeari uko egin zionean ireki zen Pandoraren kutxa Ukrainan, iazko azaroan. Orain, Krimeak Errusiarekin bat egiteari elkartze akordio horretarako bidea bizkortuta erantzun diote EBk eta Ukrainako gobernu berriak. Elkartze akordioaren «zati politikoa» sinatu zuten atzo. Bruselaren eta Kieven arteko harremanaren oinarriak zehazten ditu horrek, eta Ukraina EBra hurbiltzeko prozesuaren gainbegiraketa bat ezarri. Arseni Jatseniuk Ukrainako lehen ministroak erran du bere gobernuaren «azken helburua» dela Ukraina EBko kide izatea.

Errusiari aurre egiteko ahaleginetan, EBk indarrean paratu ditu Errusiako eta Krimeako bertze hamabi ordezkariren aurkako zigorrak —bisa debekuak eta ondasunen izoztea—. Zigor ekonomikoen auzia sentikorragoa da EBrentzat, eta horiek ezartzeko baldintza bat ezarri du: Ukrainako lurralde gehiagok Errusiarekin bat egitea. AEBek ere luzatu egin dute zigortutako Errusiako eta Krimeako ordezkarien zerrenda. Barack Obama AEBetako presidenteak etzi bira bat hasiko du Europan, eta bertan saiatuko da Errusiaren «bakardadea sakontzen». Kremlinek, oraingoz, ez ditu serio hartu Mendebaldearen zigorrak, eta Putinek kontu bat ireki du AEBek zigortutako banku batean.

Kieven, berriz, Oleh Magnitski Fiskal Nagusiak erran du identifikatu dituztela otsailean sarraskia eragin zuten frankotiratzaileak. «Bakarrik erran dezaket Ukrainako herritarrak direla». Otsailaren 18-21 artean hildakoen kopurua eguneratu du Osasun Ministerioak: 103.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.