Hamasek eta Al Fatak bozetako batzordearen osaketa hitzartu dute

Adiskidetze prozesurako baldintza egokiak sortzeko, bi aldeetako ordezkariak hainbat erakunde palestinarrekin bildu dira KaironBehin-behineko batasun nazionaleko gobernua urtarrilaren 26an erabakiko dute

2011ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Kaled Meshal Hamaseko burua eta Mahumd Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidentea hamahiru erakunde palestinarrekin bildu dira Kairon, eta datorren maiatzaren 4an egingo dituzten hauteskundeetarako hauteskunde batzordearen osaketa hitzartu dute. Iragan azaroaren 24an sinatutako hitzarmenari jarraiki, bozak egin bitartean ezarriko duten behin-behineko batasun nazionaleko gobernuaren osaketa eztabaidatzeko bilduko dira urtarrilaren 26an. «Adostasuna lortzeko orduan, gu Hamasera baino gehiago hurbildu da hura gugana», adierazi du Mohamed Shtajek, Al Fatako kideak. Hizketan jarraituko dute gaur eta bihar.

PAE Palestina Askatzeko Erakundea berregitearen eta erreformatzearen inguruan ere eztabaidatzen ari dira, 2005az geroztik lehen aldiz. Hain zuzen, Hamas eta Jihad Islamikoa mugimendu islamistek erakundean sartzeko duten aukeraz mintzatu dira; horiek ez dira PAEko kide. Dena dela, PAEko kide diren hamahiru adarrekin bilkurak egiten jarraituko dute, behin betiko erabakia hartzeko. Izan ere, elkarte palestinar guztiek haien arteko lehiak urtea amaitu baino lehen amaitzeko borondatea erakutsi dutela adierazi du Izzat Al Rishik, Hamaseko ordezkariak.

Auzia, baina, arantzatsua da. Izan ere, Hamasen hitzetan, PAE berritu egin behar da bere baitako hauteskundeen bidez; erakundean bozak egiteko proposamena, hain zuzen, bi alderdiek iragan maiatzean egindako akordioan barneratuta dago, eta aurreikuspenen arabera, hurrengo urtean egingo dituzte. Halaber, estatutuak aldatzea ezinbestekoa dela adierazi du alderdi islamistak, era horretara Israelgo estatua onartzen ez duten adarrek ere PAEko kide izateko aukera eskuratuko luketelako. Abbasek, ordea, erakundeko kide izan nahi duen edonork haren estatutuak onartu beharko dituela defendatu du orain arte; Hamasek, baina, bere printzipioei jarraituz, ez du halakorik egin nahi.

Datorren maiatzeko bozak egin bitartean agintean egongo den batasun nazionaleko gobernuak hainbat zeregin izango ditu. Besteak beste, presidentea aukeratzeko, Kontseilu Legegilea osatzeko eta Palestinako Kontseilu Nazionala eratzeko hiru hauteskunde egun ezarri beharko ditu. Bozen legezkotasuna bermatzeko, halaber, hauteskunde auzitegi bat eratuko du. Gainera, Gaza berreraikitzea izango da behin- behieneko gobernuaren lan gogorrenetako bat, eta Israelen blokeoa bertan behera uzten saiatuko da.

Lau urteren ondoren

Al Fatako ordezkariek jakinarazi dutenez, dena dela, iragan maiatzeko hitzarmenean ezarritakoa ez da urtarril amaiera arte lortuko. PAEri erreformak egitea, Polizia eta armada berrantolatzea, batasuneko trantsizio gobernu berri bat osatzea, bozetara deitzea eta herritarren adiskidantza lortzeko helburuak finkatu zituzten orduan. Horiek aurrera ateratzeko lanak hasi dituzte, baina prozesua poliki joango da. Gainera, azken urteetako gatazken ostean, Hamasen eta Al Fataren arteko konfiantza berreskuratzeko, besteak beste, politikarien atxiloketak eta hedabideen akuilatzea eteteko proposamenak egin dituzte.

Bi aldeen arteko hitzarmena lau urteko gorabeheren ondoren etorri da. 2007az geroztik, bi gobernutan banatuta egon dira palestinarrak. Hain justu, 2006ko Gazako hauteskundeetan Hamasek lortutako garaipenaren ondorioz piztu zen gatazka; liskarrak areagotuz joan ziren, eta 2007an gerra zibila izan zen Gazan. Al Fatako jarraitzaileak bertatik kanporatu zituzten orduan. Harrezkero, Al Fatak Zisjordanian agindu du, eta Hamasek Gazan.

Bi urteko etenaldiaren ostean, 2010ean batzartu ziren lehen aldiz Abbas eta Meshal, eta palestinarren etorkizunaren inguruan aritu ziren. 2011ren hasieran, Egiptoren laguntzarekin, jarrerak hurbildu zituzten, eta maiatzaren 4an akordioa sinatu zuten. Dena dela, sei hilabete gehiago behar izan dituzte orduan onartutakoaren oinarri eta epeak ezartzeko.

Israelekin, gaiztotuta

Israelek, bere aldetik, Hamasekin batera osatutako gobernuarekin ez duela negoziatuko adierazi du behin eta berriro. Tel Aviven eta PANen arteko harremanak gaiztotu egin ziren irailean PANek Palestina NBEko eskubide osoko estatu kide izateko eskaera egin zuenean; Unesco Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak, gainera, hilabete hartan bertan onartu zuen kide modura. Tel Aviven lehen erantzuna PANi ematen zizkion muga zergak bertan behera uztea izan zen; abenduaren hasieran, ordea, zigor ekonomikoa bertan behera utzi zuen, palestinarren eskariak ez duelako aurrera egin. Turkiak, ordea, erabateko babesa erakutsi dio PANi, eta Palestinako estatua 1967ko mugetara itzul dadin lagunduko diola iragarri du: «Gizateriak palestinarrekin duen zorra da». PANek, gainera, Israelgo kolono juduek palestinarren aurka egindako erasoak salatu ditu, eta Tel Aviveko gobernuak horren inguruan duen «isiltasuna eta zigorgabetasuna» agerian utzi ditu.

Bruselak eta NBEren Segurtasun Kontseiluko kide gehienek gogor kritikatu dute Israelek Jerusalen Ekialdean eta Zisjordanian 6.000 etxebizitza eraikitzeko proiektua, eta agintariei atzera egiteko eskatu diete. Eraikuntzek nazioarteko arauak hausten dituztela ohartarazi dute Erresuma Batuak, Frantziak, Alemaniak eta Portugalek, eta bakea lortzeko elkarrizketak oztopatzen dituztela; AEBek, aldiz, ez dute kondenatu Tel Aviv. Bestalde, EBk irailean egin zuen bezala,Mercosur Hego Amerikako elkarte ekonomikoak ere garrantzi politikoa duen merkatu askeko hitzarmena egin du PANekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.